Harri, herri, har deitzen da zure lan berria. Zer dute komunean hiru kontzeptu hauek? Eta zer esanahi dute zuretzat?
Hitz jolas bat izateaz gain, hiru zutabe edo kontzeptu bezala erabili ditut. HARRIA, euskal iruditeriako elementu bat da, eraikitzeko balio duena, zizelkatu egiten da zerbait sortzeko, edota bide alboan pilatuta topatu dezakezu norabidea markatzen. Bestalde, disko bat ateratzea uretara harri bat botatzea bezalakoa da, inoiz ez dakizu uhinak noraino iritsiko diren edota ezer ez den aldatuko. HERRIA, herri batekoa naizelako eta herri musika egiten dudalako. HAR kontzeptuak berriz, belarriko harra irudikatzen du. Doinu edota abestiak bueltaka, burutik kendu ezinik, egon ohi naiz maiz eta momentu horiei egiten die erreferentzia kontzeptu honek.
Ohikoa duzunez, herri kantagintzatik abiatuta, instrumentu eta estilo mota ezberdinak nahastu dituzu disko honetan ere: sintetizagailua, rapa, autotunea, ahots biluziak, pianoa, kanpaiak, poesia eta tronpeta, nola ez. Honaino, Amoranteren ohiko disko bat dirudi, zer berrikuntza dakartza disko honek?
Nire ibilbidearen jarraipen logiko bati erantzuten dion diskoa da. Narratiba pop batetik ihes egiten duen abestiz osatutako lana da. Ez dakit zein espazio okupatuko duen euskal musikaren industria xume honetan, baina zuzenekoak egiten jarraitzeko beta ematen didan bitartean, ni pozik.
Aurreko lana (Bat edo Hiru) udazken-negurako diskoa dela aipatu zenuen, oraingoa ere garai hauetarako egokia da, baina festazaleagoa dela ere iruditu zait… Nola definituko zenuke lan berria?
Herri musika izaten jarraitzen du. Inongo arkeologia folklorikorik egin gabe, soinu eta doinu zahar edota garaikideak erabiltzen dituena. Ez diot inongo errepertorio tradizionali omenaldirik egiten. Ez dut euskal musikaren iruditeri naif baten erakusleiho izan nahi. Lan berri hau, nire barne munduaren isla zintzoa besterik ez da. Herri batekoa naiz eta bertatik egiten dut musika.
Oraingo honetan ere gonbidatu ugari izan dituzu, bai letrak sortzerako garaian, zurekin batera kantatzeko edo gitarran… hasieratik argi izaten duzu zeinekin kolaboratzea gustatuko litzaizukeen?
Ez. Diskoan egongo diren kantuak erabaki ondoren, eta grabatzen noan heinean, senak esaten dit nola jantzi kantuak. Abesti gehienak zuzenean probatzen ditudanez, hitzak dagoeneko idatziak egoten dira. Beste kontu bat da abesti horiek diskoan egoteko behar duten trajea aukeratzea. Kolaboratzaileak aukeratzea jai batera zoazenean zer jantzi nahi duzun erabakitzearen parekoa da.
Tradiziotik abiatua gaur egungoak diren soinuak sortzen dituzu. Zein izaten da zure sorkuntza prozesua?
Zuzenekoetarako sortzen jarraitzen dut, eta libre sentitzen naiz, ez dudalako inoiz diskoa fideltasun batekin zuzenekoetara eramatearen beharra sentitzen; aurretik zuzenekoetarako sortutako kantak baitira gehien bat.
Kontrastez betetako diskoa iruditu zait, pasarte barnerakoiak abesti festazaleagoekin txandakatuz. Kontraste horiek nahita bilatu dituzu?
Ez. disko agertzen diren kantu multzoa logika batekin ipiniak badaude ere, abesti bakoitzak narratiba propioa jarraitzen du.
Jorratutako gaiak berriz, sakonak dira: zahartzaroa, heriotza… zergatik gai horiek jorratzeko beharra?
Bai, batzuetan sakonegia jartzen naiz, baina zer egingo diot bada, ni ere zahartzen noa poliki poliki.
Nolakoa izan da grabazio prozesua bera?
Denboran luzatu den grabaketa prozesua izan da, saltoka bezala egin dugulako Aitorrek (Etxebarria) eta biok. Bidean kantu batzuk baztertu eta berriak agertu dira, aurretik aipatutako narratibaren kontu hori dela eta. Abesti multzo baten gehiketak eman dio zentzua disko osoari.
Era digital honetan, azkar kontsumitu eta azkarrago ahazten dugun honetan, zure musikak zer leku okupatzen duela esango zenuke?
Gaur egun disko bat ateratzea aitzakia modukoa da, industriak eta bidez batez publikoak hor zaudela jakin dezan. Alde erromantikoagotik joz, like bat baino gehiago eragitea gustatuko litzaidake. Batez daki…
Aipatu izan duzu zuri benetan zuzenekoak gustatzen zaizkizula. Abestiak eta disko berriak aitzakia baino ez dira zuzenekoak eskaintzeko?
Bai, hala da. Zuzenekoak ematea maite dut. Oholtzara igotzea kostatzen zaidan egunean, Amorante bukatuko egingo da.
Disko honekin zer helburu betetzea gustatuko litzaizuke?
Zuzenekoak ematen jarraitzea, eta plazera sentitzea oholtzaratzen naizen bakoitzeko.
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.