Barrenera begira
EntrevistasEkiza

Barrenera begira

Urko Ansa — 26-02-2016
Fotografía — Jon Iraundegi

Jurgi Ekizak, Willis Drummonden banaketa aprobetxatuz, bakarkako lanean jarri ditu bere gogoa eta barren-barrenerainoko bilaketa. Horrela, bere kaxa, landu nahi izan ditu bai abestiak baita letrak ere. Emaitza, gutxien gutxienik oso berezia eta iradokitzailea da. Orobat, artisau lana izan da berea:

Artisau lana izan da zurea. Nolabaiteko bakardadea sentitu duzula ere aipatu duzu. Behin behineko bakardade hori estudioan beste zer edo zer bihurtu da, berriz grabatzean?
Egia da artisau lantzat hartzen dudala disko hau. Ene baitatik ateratako zerbait baita lehenik, eta gainera kantak landu baititut gauzatzen nituen bitartean. Azken finean, deskubritu ditut nik neuk maketatzean. Prozesu oso pertsonala izan da, eta bai, bakardade handian egin dut... Disko bera bakardade edo baztertze sentimendu baten isla baitzen argiki. Bizitza fase ilun baten isla gordina... Baina arrazoia duzu: kanta hauek berriz grabatzeak eta batez ere argitaratzeak on egiten du, justuki hain ezkorra eta gogorra izaten ahal den bakardade hori zerbait baikorra eta askatzailea bilakatzen baita. Nik kanta xume batzuk egiten ditut soilik, eta kanta da pixka bat arte “minor” bat... baina edozein arte bezala, poesia, literatura, pintura, zinema izan dadin, azken finean funtzio bera betetzen du: edertasuna eman itsusi, lotsagarri ala beldurgarri iruditzen zaigun horri, onargarri eta presentagarri bilaka dadin...

Badakit topikoa dela, baina barrura begira egin duzun sortze prozesua askatzailea izan da? Hau da, nola sentitu zara lanarekin, hau amaitu ondoren?
Horixe. Zinez biziki askatzailea izan da... Dudarik gabe, musika terapia bat da. Batez ere sortze-prozesua. Eta horregatik batzuetan zaila da norberaren lanaz mintzatzea. Kanta hauek egin nituen zerbait kanporatu behar nuelako, baina kanporatzeak kanta hauetaz askatzen nau ere... Beraz disko hori argitaratzen den tenorean, fase baikor batean sentitzen naiz, kasik euforikoa... eta disko ilun eta “zikina” defenditu behar dut... Ez da beti erraza. Horregatik nik beti diot disko bat istant baten soinu-argazki bat dela... Deusek ez baitu betiko irauten.

Diskoa zuzenean aurkezteko momentuz ez daukazu bere biziko asmorik, ezta?
Kontua ez da asmorik ez izatea... Kontua da ez nuela nahi lan hori aitzaki hutsa izatea zuzenean jotzen hasteko. Iruditzen zait batzuetan gaur egungo taldeek CDa ateratzen dutela soilik gaurkotasun berri bat izateko, bira berri bat hasteko. Kantak sortzen direla ordua etorri baita eta ez zerbait erran nahi -ala behar- delako... Usu entzuten da “benetako musikariak eszenatoki baten gainean agertzen direla”, “musikaren benetako plazera kontzertua dela”... eta gaur aitortu behar dut ez naizela ados... Nik plazer eta emozio harrigarriak bizitu izan ditut disko batzuekin, eta artista hauek zuzenean ez ikustea ez zait hain penagarria iruditzen. Gauza da, gaur egun diskoak ez duela dirurik sortzen. Beraz, ez da lehen bezala inbertitzen bertan. Baina nik uste dut medio guttirekin ere benetako estudioko lana egin daitekeela. Eta hori izan da asmoa lan honekin. Kantak gauzatu eta ekoiztu buruan nituen bezala, pentsatu gabe nola joko nituen geroztik, eta jakin gabe ere joko nituenetz.
Orain, lana argitaratu dela eta, hasi naiz horretan pentsatzen... Promorako zenbat kantu landu nituen akustikoan, ala elektrikoan baina solo moduan, eta nahiko gustura ibili naiz, beraz holako formatu bat landuko dut lehen fase batean... laster konfirmatuko ditut lehen datak. Eta bigarren fase batean, nahi nuke ere talde bat osatu, diskoa jotzeko bere osotasunean... baina berantago izanen da.

“Dena momentuan egiten nuen, “brikolaje” bat bezala, etortzen zitzaidan lehen ideia grabatuaz, eta gehienetan idei hori mantenduaz”

Instrumentu pila bat jo duzu, hala nola: gitarra akustiko eta elektrikoak, baxua, pianoa, organoa, melodika, sanplerra, perkusioa eta atabal batzuk. Azkenean, atabal gehienak zure lagun Cedric Lepinek grabatu dituen arren, beste dena zuk egina da, bi abestitako (“Ontziak, kanoiak, itsaso gorri baten gainean…” eta “Lohia”) tronboia eta biolontxeloa izan ezik. Euskal musikan oso gutxitan gertatu da halakorik!
Hori ere ez da izan aurretik hartutako erabakia... Kanta hauek gauzatzen hasi nintzenean etxean, enetako egiten nuen, egun batez argitaratzeko asmorik gabe... dena sortu nuen ene pisuan bertan, bi gitarra eta baxu batekin, baita midi-teklatu batekin bateria eta beste tresnak idazteko. Zaila zait esplikatzea hori, bainan nik neuk deskubritzen nituen kantak gauzatzen nituen heinean, eta beraz, ezin nion beste norbaiti azaldu zer nahi nuen… Dena momentuan egiten nuen, “brikolaje” bat bezala, etortzen zitzaidan lehen ideia grabatuaz, eta gehienetan idei hori mantenduaz. Beraz, nolaz nik nuen dena sortu maketetan, gai nintzen dena jotzeko nik neuk eta benetako albuma egiteko erabakia hartu nuenean, deliberatu nuen dena egitea nik, jatorrizko izpiritutik hurbil egoteko. Midi-n sortu nuena (bateria, txeloa, tronboia...) jotzen ikasi nahi nuen ere , bainan luzea (ala beharbada ezinezkoa!) izanen zen eta lagunak deitu nituen... prest zirenak idatzitakoa errespetatzeko kolpez kolpe eta notaz nota. Eskertzen ditut oraindik, ez baita beti erraza.

Ahotsean, “Ea” abestian askatu zarela nabaritu dut, disko osoko intentsuenak diren momentu horietan. Bestalde, bereziki ahotsari erreparatu diozula esan duzu beste elkarrizketetan. Erregistro ezberdin asko lortu dituzula uste dut. Momentu askotan, haatik, nahita bilatutako tonu monotonoa mantendu duzu, “Lohia”n adibidez.
Bi gauza ezberdin dira “monotonia” bat mantentzea kanta batean, eta ahotsak lantzea. “Lohia”-n justuki melodia eta batez ere bigarren ahotsaren benetako monotonia – nota bakar bat egiten baitu- sartzen da kantaren esentzian... 5 minutuz errepikatzen den riff bakarrarekin batera, musikalki transmititzen dute hitzetan aipatzen den giroa... Edo hori zuen helburu bederen. Gero, orokorki aipatzeko, hor ere ez nuen helbururik finkatu aitzinetik. Ez nuen ideian lehentasuna ematea ahotsari edo holako zerbait... Musikarentzat bezala, ateratzen zitzaidana grabatzen nuen, eta kantuari zerbait falta zitzaionaren sentsazioa baldin banuen, saiatzen nintzen aberasten gauzak gehituz... asetze sentsazioa izan arte, sinpleki. Aldiz, ahotsen ekoizpena berezia izan zen, bakarrik grabatu bainituen etxe batean, nik neuk emanez “play” ala “rec”-i, eta beraz gauza aunitz probatu ahal izan nuen, nahi nituen intentzio eta soinuak lortu arte.

“Usu entzuten da “benetako musikariak eszenatoki baten gainean agertzen direla”, “musikaren benetako plazera kontzertua dela”... eta gaur aitortu behar dut ez naizela ados”.

“Begiak ideki nituen” eta “Distortsioen munduan” kanta rockeroenen artean daude, “Ea”ren bigarren zatia bezala. Rock ukitu hori estudioan sortu al zen?
Egia errateko, estudioan ez zen deus sortu... Produkzioa bakarrik landu zen: mikroen posizioa, anpli, gitarra eta efektuen hautua, nahasketa detaileak. Baina musikalki etxean egin nituen maketetatik oso hurbil egon ginen, benetan. Eta hori izan da disko honen zailtasun nagusia. Estudioan berriz sortu maketetan sentitzen zen bat-batekotasun hori... Berriz aurkitu intentzio gordinak, baina kalitatezko produkzio bat mantenduz... Badakit kontraesana dela biak betan nahi izatea, baina hori zen asmoa.

Galdera erraza ez den arren, orokorrean hitzen gaiak azalduko zenizkiguke? Hitz asko interpretatzen errazak ez dira izango…
Beti bezala, hitzak idazteko tenorean, joan naiz ene koaderno ttikien bila, eta hasi naiz berraurkitzen nik neuk idatzi nuena... hots, kanporatu behar izan nuena. Aldi hontan, azken hilabete eta urteetan idatzitakoa biziki pertsonala zen, barnerakoia edo... eta nahiko gordin eta iluna. Baina hor ere erabaki nuen gauzak zeuden bezala mantentzea. Beraz gauza gehienak sentimendu pertsonal batzuen adierazpenak izan dira. Askotan ere, sentimendu hauek bizitzari buruz gogoetarazten didate eta gogoeta hauek ere agertzen dira, bainan usu galdera batzuen bidez, erantzunen bidez baino...

Grabaketa momentu baten isla izan dela esan duzu. Orain, hilabete batzuk pasa ondoren, beste plano batean al zaude? Hau da, ideia berri gehiago burura etorri al zaizkizu?
Bah...erraten nizun bezala, diskoa argitaratu denetik, askatua sentitzen naiz eta nahiko euforikoa. Eta holako faseetan ideiak –onak ala txarrak- soberan ditut... Beraz ezin dizut deus aipatu orain. Ziur den gauza bakarra da beste plano batean naizela. Lan hau da prozesu luze eta gogor baten emaitza, baita fase berri baten atea ere. Hala uste dut...

"Berarekin (Karlos Osinaga “Txap”-ekin) aski fidatzen nintzen ene maketak entzunarazteko, inori ez nioenean entzuten utzi nahi”

Oker ez banago, Karlos “Txap”ekin grabatu duzun bigarren lana izan da. Aurrekoa Willis Drummonden izen bereko lana izan zen, 2008an. Tarte guzti honetan, topo egin al duzue elkarrekin?
Bai askotan... berarekin grabatu genuen ere Mikel Laboaren bertsioa, “Txinaurriak” diskorako, eta 2012 berarekin maketatu genuen “A ala B”, baita haren bateriak eta ahotsak grabatu ere. Eta grabaketaz aparte, elkar ikusten dugu bIDEhUTS-eko bileretan, baita Bonberenean han egoten naizenean. Berriki grabatu zuen diskoa Cédric-en taldeak, Torii-k, eta haiekin egon nintzen aste batez bertan ere. Harremana goxoa dugu... erregularki ez badugu elkar ikusten ere. Ni bere fan-a bilakatu nintzen Lisabö deskubritzean, eta gaur egun, nahiz eta laguna izan, baita “lankide” ere batzuetan, mirespen berdin berdina diot... Ohitura dut errateko bere sentsibilitateari sentsiblea naizela.

Bere sentsibilitate hori eta zu ulertzeko duen ahalmena azpimarratu izan dituzu beste elkarrizketetan ere. Sentsibilitate hori, gainera, zure taldearen musika bortitzarekin eta bakarkako lan honen lasaitasunarekin uztartzeko ahalmena dauka. Horrek asko lagundu dizulakoan nago, konfiantza eman dizula uste dut.
Ez dakit disko hau benetan “lasai” bezala aurkezten ahal den... ez eta orain arte egin dudana “bortitza” bezala... Baina bat nator zurekin errateko Txap-ek konfiantza eman didala. Eta batez ere, berarekin aski fidatzen nintzen ene maketak entzunarazteko, inori ez nioenean entzuten utzi nahi. Banekien grabaketa horren egiteko biluztu beharko nintzela, eta horren egiteko konfiantza sentitu behar nuela, horretarako proposatu nion Txap-i ere iritzia ematea maketei buruz, baita grabaketaz arduratzea ere.

Barne-barneko lana egin duzula argi ikusten dudan arren, momenturen batean erreferenteren bat (kanpokoa ala euskalduna) izan al duzu buruan? Hala izan bada, hitzetan ala musikan izan da?
Edonor bezala, barnean dudana da kanpotik sartu zaidanaren fruitu bat, ez? Ez dut momentu batean pentsatu “hori eginen dut hau edo hau bezala”, baina gezurra litzateke erratea influentziarik ez dela nabaritzen... Sinple errateko, uste dut gehienik entzun ditudan artista eta taldeak naturalki agertzen ala susmatzen direla ene musikan. Batzuetan ohartzen naiz hortaz grabaketa aitzin, eta batzuetan ondotik, baina ez dut arazorik honekin, ez baitu norbait kopiatzea helburu. Aldiz, onartzen ditut agertzen diren detaile batzuk... Ez dut maite izenak ematea, baina diskoa entzutean, gero eta argiago iruditzen zait Shannon Wright-en eragina bateria parteetan adibidez. Gitarra zikinenak dudarik gabe Nirvana lehen aldikoz entzutean sentitu nuen su-itsaso hori bueltatzeko manera bat da seguru aski... Ahotsen aldetik Kurt-en eragina onartzen dut osoz, baita Eddie Vedderrena ere, sinpleki ene bizitzan gehienik entzun dudan ahotsa baita. PJ Harvey ere hortik dabilela ere erranen nuke. Uste dut sinpleki 15-20 urte artean entzuten duzunak markatzen zaituela bizitza osorako, eta beraz, oso normala iduritzen zait pixka bat nabaritzea zure musikan... dena digestio istorio bat da azken finean.

"Willis Drummondek eman dio zentzua ene bizitzari, eta taldeak eman zidan gauza ederrena da taldea bera... hots, taldekideak. Bigarren familia bat bezala izan gara”

Willis Drummondekin ezagutu zaituen zaleak bakarkako lan honekin sorpresa hartuko duen beldur izan al zara momentuen batean? Badakizu, euskal talderik gogorrenetakoan abestu eta gero, orain hain lan barnerakoia entzuteak lekuz kanpo harrapatu dezake bat baino gehiago.
Erraten nizun bezala, kanta hauek egitean, ez nuen argitaratzeko asmorik, beraz egin ditut inolako presiorik gabe... Gero bai, kaleratze data hurbiltzen zenean, lehen “single”-a entzunaraztean, letrak erakustean, beldur aunitz izan dut. Baina ez pentsatuz Willis Drummond-ekin ezagutu nindutenei, baizik eta jende hurbilagokoari... Azken finean zailagoa baitzait biluztea ezagunen aurrean... Aldiz, noski, hastapenetik pentsatu dut seguru aski Willis zaleek ez zutela beharrez maitatuko disko hori... baina espero daiteke ere kontrarioa pasatzea, eta taldeari interesatzen ez zen norbaitek disko hori maitatzea. Holako gauzak ezin dira sekulan jakin eta ez daukate garrantzirik. Kontent naiz proiektu hori bururaino eraman baitut... izanen zuen harrerak ez zuen baldintzatu behar prozesua... Hori baitzen lan horren mamia.

Willis Drummondetaz ari garenez, zer da berak eman dizun gauzarik ederrena? Zerk bete zaitu gehien?
Ezin dizut erran zer izan den Willis Drummond niretzat zenbat lerroz bakarrik... Ene bizitza kasik osoa izan da 10 urtez, eta gaur egun ere garrantzi handiko zerbait da. Talde horrek eman dio zentzua ene bizitzari, eta taldeak eman zidan gauza ederrena da taldea bera... hots, taldekideak. Bigarren familia bat bezala, zeinekin bizitzako esperientzia gehienak konpartitu ditudan. Baita musikaren esperientzia bera ere. Eta ezin da hitzen bidez kontatu zer den gauza bat zenbaiten artean, aman komunean, sortzea. Zerbait egitea, elkarri begiratzea, eta denok ulertzea zerbait pasatzen ari dela. Ez da hitzik horren deskribatzeko...

Europan egin zenuten ibilbideaz hitz egin nahi nuke, apur bat baino ez. Zenbat herritan jo zenuten? Eta bide batez, Frantzian kontzertu arrakastatsu ugari egin zenituzten, ezta?
Ez banaiz oker, bira europarra izan zen 20 egunetakoa, 17 kontzerturekin... Baina 16 hiri izan ziren, Berlin-en bi emanaldi egin baikenituen. Eta zenbait hilabete beranduago izan zen bira berezi hori, bakarrik Frantzian, Détroit taldeak gonbidatua. Aukera izan zen jotzeko gauero 3zpa 4 mila pertsonako aretoetan, Estatu osoan eta Paris-eko Olympia mitikoan... Bizipen ezin ahaztua... baina konbentzitua naiz ederrena etortzekoa dela oraindik...

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.