Gaur egun, 19, 18 eta 17 urte dituzten Beñat Eizagirrek (ahotsa eta gitarra), Unai Aretxabaletak (baxua) eta Xabat Ituartek (bateria) bigarren urrats diskografikoa eman dute. “Zure Mugadun Hutsune” lanak aurreko ariketaren hutsuneak era zoragarri batetan bete ditu. Deskonexioak trinkotu dituzte eta emaitza bikaina lortu dute. Musika eskolan ezagutu ziren eta gurasoak, rock kultur handia dutenak edo zuzenean musikariak direnak, kuadrillakoak ziren. Ondarroa eta Ondarroa inguruan eszena antzeko bat sentitzen dute. Delirium Tremens, Keike, Braulio, Shibari… euren inguruan talde asko eratu dira eta nabaria da hirukotearengan izandako eragin edo bultzada. Dena “Zure Mugadun Hutsune”-ko kantak Euskal Herritik zuzenean defendatzen hasi da. Horrela, Dena eta Shibari taldeek bira txiki bat osatuko dute Gipuzkoatik: maiatzaren 27an Azpeitiako Orkatzen, 28an Getariako gaztetxean eta ekainaren 10ean Mutrikuko gaztetxean. Bestalde, Dena, hainbat talderekin batera, Bonberenean arituko da ekainaren 4ean ospatu beharreko jaialdian eta 11n Gasteizko Txagoko txosnetan egongo dira. Gazteak dira baina horrek ez luke albiste izan behar. Nahiz eta oso gazteak izan, “Zure Mugadun Hutsune” hau harri bitxi eta ederra da, distira ateratzeko modukoa. Ondo gorde beharreko altxorra. Une historiko bat gure eszena elastiko amaigabe honetan. Dena urrats bakoitzean gu harritzeko jaio da.
Zuen gaztetasuna elkarrizketa batetan aipatzen denean deseroso sentitzen zarete?
Gaur egun normaltzat jotzen dugu eta ohituta gaudela esan genezake. Alde batetik, bi disko argitaratu ditugulako, bigarrena biniloan, eta oraindik 17, 18 eta 19 urte ditugulako pribilegiatuak sentitzen gara. Baina, bestalde, hemen gaude proiektu hau aurrera atera nahi dugulako, horrela sentitzen dugulako eta gure lanean sinisten dugulako. Gazteak izan gaitezke, bai, baina heldutasunarekin eta seriotasunarekin lan egiten dugu. Agian ez da ohikoa gazteak horrelako modu batean lan egiten ikusten.
“Gazteak izan gaitezke, bai, baina heldutasunarekin eta seriotasunarekin lan egiten dugu”
Gutxiesten zaituztegula sentitzen duzue?
Gaztea izatea… gazteak garela… adjektibo hori, egiten dugun musikaren gainetik ipintzen dela sentitzen dugu; batzuetan jendea gehiago harritzen dela gure gaztetasunagatik gure kantengatik baino. Hori ez zaigu asko gustatzen. Azkenean, gure abestiengatik ez balitz jendeak ez gintuela ezagutuko uste dugu. Gazteak gara baina kantak idazten ditugu.
Zergatik besarkatu duzue baxu, gitarra eta bateriaren logika hori? Zentzuk dira zuen motibazioak?
Musika eskolan ezagutu ginen eta gure gurasoak musika maite dute edo musikariak dira baina hori motibazioa baino testuingurua izango litzateke. Motibazioa… edonon: zarata, esaldi edo riff batean kanta bat ikustea eta zerotik abesti hori osatzea eta kontzertu bat eta gero geratzen zaizun sentsazioa. Horrek motibatzen gaitu. Hartu dugun moduan lan asko egin behar dugula ulertzen dugu baina guk, lokalean, ondo pasatzen dugu. Asko disfrutatzen dugu bertan eta ez dugu betebehar bezala ikusten.
Rocka egitea galdutako borroka da?
Rocka egitea…. Bai. Behintzat etekin ekonomikoa lortzea ezinezkoa edo oso gatza delako. Guk ez dugu horretan pentsatzen. Ez dugu irabazten pentsatzen. Gu galtzaileak gara. Galtzera ohituta gaude. Atauneko kontzertura zazpi pertsona baino ez ziren hurbildu, baina guk ondo pasatu genuen.
Zuen belaunaldiarentzako musika egiten duzue?
Gu agertu aurretik ere estiloen arteko nahasketa bat egiten zela uste dugu. Era horretan, guk ez dugu estilo finko bat jorratzen. Ez dugu 90eko hamarkadaren post hardcorea egiten. Gure musika gaur egungoa da orain eta gaur egungo kontestuarekin egiten dugulako… lan egiteko eragatik… sare sozialengatik, streaming bidezko plataformengatik... Horrela, nahitaez, gure garaiko eraginak ditugu.
Garaiko musikaren eraginak ere dituzue?
Bai, argi dago baietz. Gauzak nahasten ditugu eta entzuten eta kontsumitzen ditugun musika estiloak azkenean eraginak dira. Adibidez disko honetan traparen baseak erabili ditugu. Entzuten badugu eta gustukoa badugu, zergatik ez erabili? Argi dago, gure terrenora eramaten dugu eta agian ez dauka traparen soinua baina trapetik dator.
Neurri batean metrikarekin borrokatu beharko zenuten.
Apur bat. Metrika aldetik, asko landu dugu abesteko modua; traparen eraginak lana eskatu digu.
“Nanga Parbat” abestian, baterian, jotzeko era hori…
Asko berotzen gara bateria horiekin eta ez dira errazak. Beñatek blast beat sartu behar genuela esan zuen eta hasiera batean argi ikusten ez bagenuen ere, apur bat lantzerakoan oso ondo geratzen zela ikusi genuen.
Black metala…
Black metala.
Zuen eraginak jendaurrean izen abizenekin onartuko zenituzkete?
Lisabozaleak gara. Txapek grabatutako disko guztien zaleak gara eta ilusio handiz beregana jo dugu disko hau grabatzeko. Guri gehien gustatzen zaigun estiloa eta erosoen sentitzen garen lekua post hardcorea da. Fugazitik hasita eta gaur eguneko Viva Belgrado edo Boneflowereraino.
“Guri gehien gustatzen zaigun estiloa eta erosoen sentitzen garen lekua post hardcorea da”
Ondorioz Txapengana jotzeak normalena ematen du.
Hala da. Gure adinarekin Lisaboren biniloak ditugu. Oso zaleak gara. Bai taldearena eta bai Txapek lortutako soinuarena.
Noizbait eragin posibleen morroi sentitu zarete?
Agian hasierako pausuetan noizbait gertatu da, baina abestietan aurrera joan ahala gure erara jorratzen ditugu eta sentsazio horrek ez du asko irauten. Batzuetan, Berri Txarraken antza dugula esaten digute baina gure ustez ez da egia. Akorde jakin batzuk erabiltzeagatik, ezin da antzekotasunez hitz egin.
Berri Txarraken eragina ez nuke txarra bezala irudikatuko.
Gaur egun Euskal Herria nork ez du Berri Txarraken eragina? Normala da.
Musikaz aparte, zer beste motatako eraginak dituzue?
Egunerokotasuna, batez ere. Zer bizi dugun? Ba horri kantatzen diogu.
Nola entzuten duzue musika?
Normalean streaming bidezko plataformetan eta batzuetan, etxean, biniloan ere. Kontzertuetara joatea eta biniloak erostea gustatzen zaigu. Alde batetik, gero etxean biniloak entzuteko eta, bestalde, taldeari aportazioa egiteko.
Alde bietan zaudeten heinean, nahiko aportatzen dugula sentitzen duzue?
Gaur egun, CD gutxi saltzen dira eta biniloak ez dira jende guztiarentzako ze normalean jendeak ez dauka disko-jogailua etxean. Ondorioz, erosten dugunok ez gara asko eta, nolabait, hautatuak gara. Hau da, 30 binilo ez dituzu salduko, baina ziurtatutako 4 edo 5 izango dituzu ia beti.
Zure mugadun hutsune: duela aste bi bandcampen eta Bonbereneako plataforman, egun bat geroago streaming bidezko plataformetan eta handik aste batera, biniloan.
Lehenengo diskoarekin alderatuta hobeto ikusten dugu. Gainera, lehenengo lanarekin prozesua, COVIDaren eraginez, nolabait gelditu egin zen, eta ez genuen disfrutatu. Orain ez dugu arazo hori edukiko eta ondo funtzionatuko duela ematen du. Behintzat, gu jasotzen ari garen erantzuna ona izaten ari da.
Disko honen bidaiaren hasieran buruan zenituzten ideiak emaitzarekin bat etorri dira?
Hein batean, bai; batez ere, argi genuelako nora joan nahi genuen eta diskoa aurretik asko landu genuelako. Gure gorputzak eskatutako sentsazioen bila joan gara, gure gorputzari erantzuna eman nahian.
Zer bilatzen duzue disko berri baten argitalpenarekin?
Aurretik disko bat bageneukanez, horren gainean lan egin hobetzeko eta, era berean, gauza berrien gainean lan egitea bidean disfrutatzeko. Abestiak idazten disfrutatzen dugu eta berritu edo geure burua gainditu nahi izan dugu. Kantak ahal denik eta biribilen idatzi.
Zuen hizkuntza musikala kantan edo diskoan legoke?
Aurreko diskoak bilduma edo mixtape baten forma zuela esango nuke. Abesti zaharrak eta berriak nahastu genituen. Orain, zerotik hasi gara guztiz berria den zerbait sortzeko. Zure Mugadun Hutsune bere osotasunean pentsatutako diskoa da eta horrela pentsatuta konposatu dugu. Hasieratik a eta b aldean zer zihoan argi geneukan.
““Zure Mugadun Hutsune” bere osotasunean pentsatutako diskoa da eta horrela pentsatuta konposatu dugu”
Eta diskoaren osotasunean lan egin eta gero, zuen garaiko kanta solteen inguruko hizkuntza horri buruz zer deritzozue?
Batzuetan, denbora askorik ez duzuenean ondo etortzen da, baina gu disko osoen kontsumitzaileak gara. Tresna ona da taldeei buruz ideia bat egiteko, hori aitortu behar dugu.
Zer da zuentzako musika?
Eguneko poztasuna. Musika barik ezin dugu ulertu bizitza. Jaikitzen garenetik oheratzen garenera arte, musika entzuten gaude. Egunean igual ordu bitan ez gaude musika entzuten. Klasean ez. Bueno, klasean ere bai.
Eta abesti bat zer da?
Sentsazio bat. Transmititu beharreko zerbait. Ezin dugu kanta eta musika bereiztu.
Abesti bat idaztean, zein da zuen abiapuntua?
Soinu bat, zarata bat, akorde bat, melodia bat, esaldi bat… nahiz eta abiapuntu finko bat ez eduki, askotan horrela hasten gara. Kanta bat dagoela usaintzen dugunean ez gara gelditzen.
Ikasketa prozesua aurrera doa. Frustratzen zarete?
Ez diogu buelta handirik ematen. Zeozer irteten ez bada momentu jakin batean, beste une baterako utziko dugu.
Noizbait pentsatu duzue zergatik bukatu daitekeen Dena?
Geldi geratzen bagara. Ez aurrera ezta atzera joaten ez bagara. Eroso ez bagaude. Hasierako txispa hori galtzen badugu. Baina egia esateko ez dugu horretan pentsatzen, proiektu honetan sinisten dugulako eta proiektu honen inguruan gogor lan egiten dugulako.
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.