“’...Ta Nora’ kantua gure ibilbidearen laburpena da”
EntrevistasDelirium Tremens

“’...Ta Nora’ kantua gure ibilbidearen laburpena da”

Urko Ansa — 03-02-2025

Iñigo Muguruzaren omenezko kontzertuan sortu zen Delirium Tremens taldearen itzulera ekarri zuen lehen txinparta: geroztik kontzertu asko jo dituzte, BECen eman zuten erraldoi hura barne, eta bi disko atera dituzte. Azkena, “...Ta Nora?”, iazko azaroan atera zuten.

Zikloari amaiera emateko ordua dela iritzi dute eta taldearen bigarren etapa hau urte bukaera aldera etorriko da azken kontzertu handi batekin. Baina lehenago hainbat kontzertu emango dituzte. Itzulera hau eta azken agurrari buruz hitz egin dugu Andoni Basterretxearekin.

Disko berriaren eta agurraren iragarpena batera etorri dira. Amaiera estimulagarria da, bira bat ere aurretik daukagulako, baina agurraren garraztasuna ere bere baitan dakarrena. Berri gazia eta gozoa da, beraz, zuen jarraitzaileentzat.
Bai, horrela defini genezake. Baina uste dut gure jarraitzaileentzat ez dela sorpresa handia izango jokaldi hori egitea, Gure aurreko etapan ere espero ez zutenean joan ginen. Berezi xamarrak gara, geureei opari bat uzten baikoaz.

Zorionez, disko mamitsua dakarkiguzue: sei kantu berri eta aspaldiko beste bi abesti berrikusita. 2021ean itzuli zineten eta hurrengo urtean eman zenuten “Hordago”a, disko berria. Lan berri honek (“...Ta Nora?”), orokorrean “Hordago”-k bezain soinu jantzia eta boteretsua dauka, baina indar gehiago eman nahi izan diozuenaren sentsazioa daukat. Soinua gogorragoa da.
Hala da. baina azkenean eboluzio logikoa da, azkenean soinua kantu bakoitzak eskatzen dizuna baita, eta ia denek kaña eskatzen dute, eta gero produkzioan taldekide bat baduzu...

Bere garaian zuen estudioko azken diskoa izan zen “Hiru aeroplano”-k (1990) ere oso soinu zaindua zuen. Dena den, hurrengo urtean esan zenioten agur zuen ibilbideari zuzeneko batekin. Banaketa Txufo bateria jotzaileak utzi zuelako izan zen. Oraingoan arrazoiak ezberdinak izan al dira?
Oraingoan prozesu naturalagoa izan da erabaki hori hartzeko. Pixka bat konplikatua da jendeari ulertarazteko, baina garrantzitsuena da guk erabaki dugula eta lagun gisa uzten dugula.

Goazen disko berrira: lehen kantatik nabari da lehen aipatu dugun soinua: “Saihesten”-ek inpresioa egiten du kaskoekin entzundakoan. Soinua bete-betekoa da. Ekoizlea etxean daukazue, hain zuzen ere taldeko bigarren gitarra jolea, Haritz Harreguy. Aurreko diskoa ere ekoiztu zuen eta zuzenekoetan ere hasieratik egon da taldearen bigarren etapa honetan.
Bai, indartsu abiatzen gara, eta horrela da orokorrean. Gure soinua lortu dugu eta horretan zerikusi handia du ekoizlea etxean izateak. Haritz Arreguy teknikari gisa ezagutu genuen bigarren etapa hau hirukote gisa hasi genuenean eta disko osoa grabatu aurretik gurekin jotzen ari zen. Horrek gauza asko errazten ditu eta emaitza errazago lortzen laguntzen du.

Haritzek barne-barnetik bizi du taldea, beraz ekoizlerik egokiena bera dela uste dugu.
Bai, gainera oso atsegina da zuzenean jotzeko, eta bere gitarren sonoritatea eta kantaren erritmoa oso iradokitzaileak dira. Eta abestia janzten duten Haritzen punteoetako batzuk agertu dira.

“Dalila” kantuan gitarren lana eraginkorra da oso, punteo batzuk ere entzun ditzakegu. Kantu koloretsua dela esango nuke. Bestalde, Patxi Irisarri, “Ikusi eta ikasi” diskoko garaietatik zuen baxu jolea izandakoak ordezkoa dauka. Anestesiako Mikelek grabatu ditu baxuak disko honetan, nahiz eta zuzenekoan zuekin jada pare bat urte badaramatzan. Mikelek soinu “heavyagoa” eman die kantu berriei?
Baietz esan liteke. Alde batetik bere jotzeko modua dago, Patxirena baino agresiboagoa, eta bestetik baxuaren soinua ere aldatu da, orain distortsio pixka bat ematen baitiogu, eta gauza baten eta bestearen artean nabaritzen da aldea.

Itzulera honek (2021etik aurrerakoak) soinu ezberdina ekarri du: helduagoa da, eta eskema ezberdinak lantzen ditu. Bigarren bizitza bat da, zentzu guzietan?
Baliteke abestiak landuago egotea, eta erregistro zabalago bat izatea; bestalde, soinua sortzen eta lantzen joaten da. Alde batetik, adibidez, ni nago: gitarra, anplifikadore eta pedalera berdinarekin, eta jotzeko modu berdinarekin. Bestetik, Iñigo Muguruzaren estilo berdina ez duen Haritz sartzen da jokoan, ezberdina, eta gainera produktore lana egiten duena. Soinua helduagoa da, bai.

“Kafe usain hura” berezia eta borobila da, bideoklipa dauka gainera. Aiora Renteriaren ahotsa zurearekin (Andoni) era ezin hobean uztartzen da. Single bat izango litzake garai bateko merkatuan.
Bai, diferenteena da, pasteleroena ja ja!!! Bromak alde batera utzita, kantatzea asko gustatzen zaidan kanta da, daukan erregistro baxu eta motel horrengatik, nahiz eta Aiorak diskoan protagonismoa lapurtu... ja ja berriro!!! Egia esan, oso ondo geratu da.

“Dirudidu” Heavy Rock boteretsua dela esan genezake: gainera, gitarra soloa ere badauka. Agian, diskoko kanturik gogorrena da.
“Dirudidu” kanta kañeroa da, musika eta letra aldetik, indarrez ateratzeko konbinazio ona, eta horrek egiten du agian kantarik indartsuena.

“Inork” kantuan gitarra “Dalila”-n bezain libre nabari da, bikoiztuta ere entzun dezakegu pasarte batzuetan. Kantu indartsua da bere exekuzioan; zuen lehen diskoarekiko potentziarekin konparatuz gero, kantu haiek bezain indartsua baina modu ezberdin batean: heavyagoa da, akaso.
Bai, hori ere pixka bat ezberdina da, nabari da konposaketa Mikel Kazalisena dela, taldearen azken fitxaketa, eta gitarra eta soinu hevyago batzuekin...

Diskoari izena ematen dion kantua (“...Ta Nora?”), azkena izateko perfektua da. Agur bat dirudi, disko guztiaren laburpen bat bere epika guziarekin borobilduta.
Ez da soilik diskoaren laburpena, gure historiaren laburpena da. Letra hau idazten hasi nintzen jada bidaia honen amaiera erabaki genuenean, eta horrek asko lagundu zidan nahi nuen emaitza lortzeko. Bizitzaren logika da, beste gauza bat da nola hartzen duzun, eta noski... nola bukatzen duzun.

“Guk erabaki dugu banantzea, baina lagunak izaten jarraituko dugu”

Ordea, bi klasiko berreskuratu dituzue. Desafio berezia izan da? Jatorrian, hain freskoak ziren kantu hauek... oso zaila da zuen gaur egungo soinura egokitzea. Dena den, garbi gelditu da lortu duzuela. “Batzuetan” heldutasun handiko bertsioa da, soinua oso produzitua eta anplifikatua dauka, eta “Sua” ere ez zen desafio erraza, baina ikuspegi berri bat txertatu diozue, jatorrizko izpiritua galdu gabe. Hasieretako freskotasuna, gaur egungo soinua.... kontraste ederra.
“Sua” izan zen gure lehen abestietako bat, “Kontuz”, “Nahia”, “Porky for Lehendakari”, “Akao ba!” eta beste batzuekin batera. “Batzuetan”, nolabait esatearren, gure hasieratako helduena izan zen. Biak grabatu genuen lehen biniloan zeuden, Iruñeko Zarrapo bandarekin partekatu genuen hartan. Kontua da lan horren soinua ipurdian azkure bat bezala izan dela, egia esan ez ginen gustura geratu, hori baino kañeroago jotzen baikenuen. Eta beti jotzen jarraitu dugunez, eta behar den bezalako soinua duela kontuan hartuta, bi gitarrekin eta duten indarrarekin, berriz grabatzeko kapritxoa hartzea erabaki genuen. Gustura geratu gara.

Kontaiguzue orain zuen planen berri: momentuz sei kontzertu iragarri dituzue urtarriletik martxora arte. Azaroan esango duzue agur, ordea, beraz sorpresa asko dauzkagu zain orain, kontzertu asko alegia eta azken festa bat, suposatzen dut.
Urtarrilean hasi genuen aurkezpen bira; Azpeitian, Oñatin, Bilbo eta Gazteizen bolobolo ibili gara. Otsailean Donostian joko dugu eta martxoan Atarrabian. Diskoko ia kantu berri guztiak aurkezten ditugu; badirudi oso harrera ona izaten ari direla eta oso pozik gaude. Guri dibertigarria egiten zaigu horiek jotzea, eta badirudi jendea puntua harrapatzen ari zaiela. Sentsazio onak ditugu eta oso garrantzitsua da. Urte bukaeran agur esateko fiestatxo bat antolatzea espero dugu, abisatuko dugu.

Itzultzea erabaki zenutenean, arrakasta edukiko zenutela espero zenuten? Esan nahi dut, BECeko aurkezpena behinik behin sekulakoa izan zen. (oharra: 4.000 ikusle izan ziren, ezta?). Berez, 2019an Iñigo Muguruzaren heriotzaren ondoren, haren omenez egin zenuten kontzertuak puntuala izan behar zuen ezta?
Uste dut bakoitzak modu ezberdinean neurtzen duela arrakasta. Uste dut espektatiba kontua dela. Inoiz ez zaigu jenderik falta izan kontzertuetan. Bakarrik espero dugu etortzen direnak pozik joatea, etorkizunean gustura gogoratuko duten tarte bat pasarazi diegula sentitzea. 2.000 badira 200 baino hobeto, baina gera daitezela gustura. Eta bai, hala da, bigarren etapa hau zoritxarrez Iñigo Muguruzaren heriotzagatik hasi zen eta ondorengo bere omenezko kontzertuagatik. Orduan ez genuen bueltatzea pentsatu, baina pixka bat berotu ginen eta hemen gaude.

Iñigo Muguruza aipatu dugu lehen. Badakit gogorra dela bere heriotza gogoratzea, horregatik Delirium Tremensen garaiak ekarri nahi ditut gogora. Zer suposatu zuen taldearentzat bere etorrerak? Eta noiz sartu zen zehazki? “Ikusi eta ikasi” diskoa grabatu zen garaian hor zebilela uste dut, nahiz eta diskoan ez zuen parte hartu.
Iñigo Eibarko Hilbehera taberna mitikoan parrandan topo egin genuen batean fitxatu genuen 1989ko uda aldean. “Ikusi eta Ikasi” grabatua genuen, eta inoiz komentatu genuen ondo egon zitekeela taldean bigarren gitarrista bat edukitzea. Kortaturekin ere bat egin genuen kontzertu batzuetan, eta harritu egiten gintuen Iñigo “AEKko Beteranoak” abestian gitarra jotzen ikusteak, oso ondo jotzen zuen eta solte nabari zen. Ez genekien bera, musikari handia izateaz gain, gitarrista zela. Nahiko inprobisatua izan zen, oraingoan Haritzekin gertatu den bezala; horrelakoak gara. Haien etorrerak taldearen soinua aberastu zuen. Aurrerapauso bat izan zen guretzat, eta zuk baino askoz gehiago dakien norbaitengandik ikasi ahal izatea. Eta, batez ere, pertsona gisa ezagutzeko aukera eman zigun. Pertsona handia. Beti gurekin “Muguruzen”!!!

Zuen lehenengo diskoa, 1987an Zarrapo taldearekin elkarbanatu zenuten “Hemen denak berdinak dira/aquí todos son iguales” izan zen. Guztiz deskatalogatuta dago auskalo noiztik, baina zorionez zuen sei kantuak “Ikusi eta ikasi” diskoaren berrargitalpenean sartu ziren. Zarrapo, ordea, denboraren tunelean galduta gelditu da. Egia da diskoa argitaratu eta ez askora desagertu zirela, baina bere legatua guztiz lurperatuta gelditu da. Momenturen batean haiekin koinziditu zenuten estudioan, ala talde bakoitzak bere lana aparte egin zuen?
Ez, bakoitzak bere estudioetan eta datetan grabatu genuen. Aurkezpen kontzertuetan ezagutu genituen, baina zoritxarrez ez zuten asko iraun eta ez ginen gehiago bat egitera iritsi.

Beste kontu bat ere aipatu gabe ez genuke agurrik esan nahi: 1987an, lehen aipatu diskoa atera zenutenean, rock erradikala pil-pilean zegoen baina euskarazko rocka ez zegoen lehen lerroan, Itoiz, Zarama eta Hertzainak kenduta noski. Kortatuk oraindik ez zuen euskararanzko jauzi erradikal hori egin, eta M-ak ez zen publiko zabalentzako egindako taldea. Zuek gidatu zenuten euskararen bultzada berri hori: euskarak bere lekua hartu zuen 80.hamarkadako bukaera honetan, eta 90.hamarkadan sekulako uzta egon zen. Meritu hori onartu behar zaizue zuei, beste batzuekin batera.
Ez genuen inoiz ikuspegi horretatik hauteman. Bai uste dut gauzak oso mugatuak zituen eremu batea sudurra sartu genuelan. Gehienek erdaraz abesten zuten, eta letrak oso zuzenak eta borrokalariak ziren, orduko gizartearen isla zena. Gure musikak melodia gehiago zuen, nolabait esatearren, indarrik falta ez zitzaion melodia, eta letrek eremu pertsonala ukitzen zuten, soziala ahaztu gabe.

Ez dagokigu guri meritu gehiago edo gutxiago dugun esatea. Baina bai esan dezakegula buelta honetan ikusi ahal izan dugula jende askoren bihotzeko zatitxo bat harrapatu genuela. Lehengo jendea eta oraingo batzuk, agian ilea falta zaiona, bai, baina duela 30 urte baino gehiago bezala gozatzen duen jendea. Horregatik bakarrik merezi izan du. Eskerrik asko BIDAIA HONETAN lagundu diguzuenoi.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.