2017an “Emen” izeneko bakarkako debutean egin zenuen. “Inertzia” deitutako bigarren diskoa lau urteren ondoren iritsi da. Disko hartatik zenbat aldatu zaizkizu gogoetak?
Orain esperientziez fidatzen naiz gehiago eta ohartu naiz zenbait gauza une egokian, behar dituzunean, iristen direla, izan aukerak, lanak, pertsonak… baita abestiak ere. Bat-batean iristen dira eta funtzio bat betetzen dute norberaren bizitzan. Iruditu zitzaidan inertzia moduko bat dela, ez patua esango eta pentsatu nahi guztia ez dagoela idatzia, baina badago inertzia bat eta norberak horren arabera idazten du bere istorioa.
Kasu honetan positiboa da inertzia orduan? Batzuetan kutsu negatiboa izaten baitu…
Kutsu negatiboa du sufriarazten bazaitu. Adibidez, pandemia aurretik irratsaio bat egiteko aukera eskaini zidaten. Orduan musikatik nahiko deskonektatua nengoen eta horrek eragin zidan apur bat konektatzea eta taldearekin entseatzen hasi nintzen. Ondoren, irratsaioari berriz ekiteko aukera eman zidaten baina ezetz eman nien gehiegi zelako niretzat. Orain taldearekin nahikoa dut, beraz, bizitzak ekarri dit disko hau, ustekabean. Kasu honetan, bizipen pozgarri eta minagarriek bat egiten dute, eta frustrazio horren harira idatzita dago diskoa. Inertziak dakartzan gauza positibo zein negatiboek, biek betetzen dute euren funtziona. Mina ematen duten gauza batzuk ere on egin lezakete.
Nola definituko zenuke bigarren lan hau?
Musikalki soinu berri bat dakar disko honek. Rockaren, post-rockaren eta poparen ukituak ditu, baita progresio kutsua ere, eta noski, euskal bakarkalarien kutsu melodikoagoa ere badu. Zenbait “kutsu” txikik osatutako musika da. Ez da etiketatu daitekeen zer bait. “Rock burutsua” etiketa jarri dio gure baxu-jotzaileak -barreak-. Letrei dagokionez, 45 urte inguruan dagoen norbaiten hausnarketen sintesi bat da. Bertan lantzen dira: bikote harremanak, norberaren askatasuna edo autonomia, esparru pertsonala babesteko beharra… Disko hau, izan ere, esparru hori gabe ez zatekeen atera den bezala aterako. Eta ohikoa dudan moduan, zenbait gauza ere salatu ditut: zaintzaren gaia, etorkinak, indarkeria sexuala… “Amodiozko kanta” abestia Negu Gorriak taldearen bertsio bat da eta dispertsioaren aurkako salaketa eta senideen aldeko oihua da. “My woman” abestiak, berriz, feminismoa lantzen du. Gure belaunaldiko emakumeei, mutilen munduan bizitzeagatik, gaztaroan zenbait bizipen kendu zizkigutela aipatzen dut. Gizonezkoen mundura moldatu behar izan genuen orduan emakumezkook. Horregatik, sentitzen dut zenbait esperientzia ukatuak izan zaizkidala. Amorrua sentitu nuen hori pentsatzean eta sentimendu horretatik abiatuta sortu zen abesti hau. Dena den, gaur egun naizen emakumea izatera iristeko egin dudan ibilbideaz harro nago.
Musika mundua ere, urte luzeetan gizonezkoen eremua izan da, aske sentitu izan zara beti?
Beti ez, aske sentitu naiz Birkit naizenetik. Red Carmine eta Eroann taldeetan jotzen nuenean eroso sentitu nintzen eta taldeak babestua, baina aske ez. Hura 90. hamarkada amaiera, 2000 hasiera zen eta orduko eszenara ohitu nintzen, gizonen mundura. 40 urte bete nituenetik, ordea, bakarlari bezala hasi nintzen eta hor bai, nire esparru femeninotik sortu dut eta ez naiz sekula baztertua sentitu. Alderantziz, lagundua sentitu naiz. Oportunismoa ere ikusi dut, sentitu izan dut deitu diatela kartel bat betetzeko emakumea naizelako soilik. Baina, tira, kartelak bete behar dira, ezta? Aukerak onartu eta erakutsiko dut zer egiteko gai garen emakumeak.
Letrak oso pertsonalak dira, autozentsurarik bizitu duzu?
Ez, zentsuratzen banaiz akabo abestia. Hori bai, oso kontuz idatzi dut, adierazi nahi nuena ondo zainduz esplizituegia ez izateko. Alta, oso letra esplizituak dira oro har. Nire idazteko modua ez da literariora, oso zuzena naiz, niretzat mezua da garrantzitsuena. Mezuak ez ditut formetan ezkutatu nahi, ozen oihukatu nahi ditu, beharrezkoa baita sentimenduez argi hitz egitea. Iruditzen zait Euskal Herrian, esplizituki, sentimenduei buruz oso gutxi hitz egiten dela. Euskara asko babestu dugu eta euskararen bitartez gure emozioak letretan ere asko babestu ditugu. Euskara zaindu eta edertu nahi izan dugu eta gure hizkuntzaren edertasuna erakutsi beharrak estali egin du mezu esplizitua. Guztiagatik, ez naiz zentsuratu. Gainera, gai unibertsalak dira eta ziur nago jende asko identifikatua sentituko dela kantuekin.
Normalean, kantuetan hasierako mantemina edo behin harremana bukatutakoan sentitzen denaz hitz egin ohi da. Zuk ordean, urte luze bateko harreman batean zaudeneko sentimenduak islatu dituzu diskoan.
Maitasunari buruz ez zaigu ondo irakatsi, sexuari buruz ondo irakatsi ez zaigun bezala. Maitasuna oso zabala da eta mota ugari daude. Harreman batean etapa ugari daude eta ia amaituta dagoela dirudienean berritu liteke. Diskoan harreman batek irauteko egin beharreko lanketaz mintzatzen naiz, norberak egin behar duenaz. Maitasun erromantikoa oso barneratuta dagukagu eta oso gutxi hitz egiten da benetako maitasunaz.
“Orain esperientziez fidatzen naiz gehiago eta ohartu naiz zenbait gauza une egokian, behar dituzunean, iristen direla, izan aukerak, lanak, pertsonak… baita abestiak ere”
Zer da zuretzat musika?
Adierazteko, askatzeko modu bat da, emozioak islatzeko eta egunerokotasunetik ihes egiteko modu bat. Nire burua adierazteko modu bat da musika. Zoritxarrez, nire garaian ez zegoenez musikaz bizitzeko aukerarik, beste lanbide baten aldeko apustua egin behar izan nuen.
Iruditzen zaizu egun musikatik bizitzeko aukera gehiago daudela?
Bai, nahiz eta gazte hauek horretarako lan handia egiten duten. Horren aldeko apustua egiten dute eta hamaika gauzetan sartuak daude, beti musikarekin zerikusia dutenak. Prest bazaude bideragaria da, nahiz eta gorriak ikusten dituzten aurrera egiteko. Baina aukera badago, nire garaian ez bezala. Niri pena ematen dit musikari profesionala izateko aukera hori ukan ez izana.
Zein izan dira disko hau osatzeko zure erreferenteak?
Shannon Van Etten bezalako emakumezko kantautoreak erreferente ditut eta islatzen dira nire musikan. Gitarren estiloari dagokionez Radiohead edo Blonde Redhead taldeen eraginak nabariak dira. Azkenaldian, Nudozurdo taldea ere asko entzun dut eta nabari da. Diskoan lortu dugun zaratarik gabeko intentsitate hori Nudozurdori zor diot.
Aipatu duzun “My woman” abestia ingelesez da. Zer dela eta ingelesez?
Ingeles filologoa naiz, ingelesa irakasten dut eta gainera musika asko hizkuntza horretan entzuten dut. Beti idatzi dut ingelesez, horrela ateratzen zaidalako. Entzuten dudan musikaren %60 ingelesez da, beste %40 euskaraz eta orain hasi naiz apur bat gazteleraz ere entzuten.
Orduan etorkizunean gazteleraz abestiren bat egongo da?
Gazteleraz ez dut abestuko. Behin egin nuen Eroann taldean eta ez dut berdin sentitzen abesten dudan hori. Gazteleraz letrak idazten ditut batzuetan, baina gero itzuli egiten ditut, abesterakoan ez baitu hizkuntza horretan emozio berdina sentitzen. Alabaina, oso errespetagarria da gazteleraz abestea, nahiz eta uste dudan euskaraz aritzea beharrezkoa dela. Horregatik, nire buruari ingelesezko abesti bakarra baimentzen diot disko bakoitzean. Egia da, ordea, hemendik kanpora ateratzea bada helburua gazteleraz ere aritzea erabat ulergarria dela.
Zer aurkituko du zure zuzenekoetara hurbiltzen denak?
Esan digutenagatik zuzenekoa diskoa baino askoz indartsuagoa da. Diskoaren hasierako ideia bortitzagoa zen. Diskoa polita geratu zaigu, baina ez dago normalean atera ohi dugun zarata bertan. Bergarako kontzertuan, diskoa entzunda zeukatenek esan ziguten sekulako aldea zegoela. Zuzenekoek kutsu ilun eta zaratatsuagoa dute, diskoan argi gehiago dago. Diskoan ahotsak protagonismo gehiago du, zuzenekoetan apaldu egiten da eta gitarrek hartzen duten protagonismoa.
“Inertzia” disko berriarekin zer lortzea gustatuko litzaizuke?
Lehengo helburua da norbaitengana heltzea. Ni oso melomanoa naiz eta niri diskoek lagundu egiten didate. Beraz, nirearekin norbaiti laguntzen badiot ni pozik. Zuzenekoei dagokienez, gustatuko litzaidake Euskal Herriko hainbat aretotan aritzea. Aurreko taldeekin ez ginen euskal eszenan sartu, Bilboko zirkuituan baikeunden. Oraingoan gustatuko litzaidake Euskal Herrian zehar mugitzea, antzokiak, gaztetxeak…
Egun esango zenuke kontzertuak lotzea errazagoa dela?
Ez da erraza eta orain pandemiarekin gutxiago, saiatuko gara ordea. Aurreko diskoarekin ez nuen ezer bilatu, baina orduan bakarlaria nintzen, emakumea, berritasuna… Oraingoan talde batekin aurkezten naiz eta taldeak ez dituzte horrenbeste bilatzen. Oraingoz itxaron egingo dugu, zeren gustatuko litzaidake nahi nauten lekuan jotzea. Aldi berean, egia da disko hau topatzea jendeari kostatuko zaiola. Spotify eta Bandcamp-en gaude, baina ez dugu inolako promoziorik egin. Musikan sartuta dagoenak ezagutuko du, baina ez da gehiengoarengana iritsiko da. Beraz, ate batzuk joko ditugu. Nire nahia aurretik jo ez ditugun Euskal Herriko areto eta gaztetxeetan jotzea da.
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.