Profil lasaia du Bengok raperoen artean, eta parte hartze txikia sareetan, musikari hitz egiten utziz. Eta zelan hitz egiten duen Bengoren musikak! Lan borobila egin du Mon Dvy ekoizlearekin batera. Gaurkotasunezko estilo ezberdin ugari entzun daitezke bertan: trapa, rocka, popa, housea, emoa…
Bira oparoa izango du udaberri honetan, Oso Polita zigiluaren tirakadari esker, eta gainera Durangoko Azokan aurkeztu zuen taldearekin joko du (artean Mon Dvy bera ere musikari, noski) zuzeneko zaindu eta indartsuagoa promestuz. Entsegu eta kontzertu artean arin batean erantzun ditu gure galderak, argi baina misterioari eutsita.
Dantzan hasi zinen musikan, eta musika salbatzaile gisa agertzen da lan honetan. Badauka erlaziorik? Zelan eman zenuen saltoa dantzatik kantatu eta konposatzera?
Txikitatik musika oso gertu izan dut. Zazpi urterekin tronpeta jotzen hasi eta hamaika urte nituenean Breaking (Break Dance) dantzan murgildu nintzen. Dantza mota hau Hip Hop kulturaren zatia denez, RAP musikak ere eragina izan du niregan. Ondoren, hamalau urterekin edo parkean gure lehen errimak bota genituen eta gaur arte nire kantak egiten egon naiz. Egia da duela bi urte gauzak era “profesionalago” batean egiten hasi nintzela eta gaur arte hortan gabiltzala.
Kaleko musika, garaikidea edo urbanoa egiten duzula esaten da, baina gutxi rapeatzen duzu, joeraren aurka kantatuz, hasieratik. Zergaitik? Zeintzuk dira zure erreferenteak musikari dagokionez?
Lehenago aipatu dudan moduan, hamalau urterekin hasi nintzen rapeatzen. Hala ere, pixkanaka gehiago abestera ausartu eta momenturo gustoko dudana egiten saiatzen naiz. Batzuetan kanta urbanogoak egiten ditut eta beste batzuetan “Pop” estilora jotzen dut.
Pertsonalki ez dut erreferentzia konkreturik musikaren barruan, baina asko entzun eta dantzatu izan dut Ameriketako RAP-a edo euskal musika ere. Bi korronte hauek nire musika egiteko ikuspuntuan eragina izan dutela uste dut.
Singleak kaleratzetik disko oso bat kaleratzera eman duzu pausua. Zergaitik? Apustua? Lan egiteko aldaketa? Zelan formatu berri honekin? Zer ahalbidetu dizu?
Single batek ez dizu kontzeptu edo soinu orokor bat ulertzeko balio eta ondorioz disko bat egitea pentsatu nuen. Azkenean, formatu honekin nahi bezala landu dugu dena eta horrekin oso pozik gaudela esan nezake.
“…pixkanaka gehiago abestera ausartu eta momenturo gustoko dudana egiten saiatzen naiz”
Bideoetan eta iruditerian lo-life itxura badago ere, diskoaren letretan ez dago flexeo askorik, nahiko letra sakon eta sentiberak dira (eszenan eramaten denaren kontra). Nondik, zergatik eta zertarako idazten duzu?
Janzteko orduan txikitatik Bboy-a (Break dantzatzen duena) naizela erakusten dut, hori delako nire estiloa eta hortik natorrelako. Musikari dagokionez, pertsona nahiko alaia naizela esango nuke baina asko gustatzen zait barruko zalantzei edo bestelako pentsamenduei idaztea.
Hitzak oso ondo islatuta daude Mon Dvyren instrumentazio eta ekoizpen orekatuarekin. Zer dela eta aukeratu zenuen berarekin lan egitea? Zelakoa izan da prozesua?
Mon Dvy ekoizleak oso ongi ulertzen du nahi dudana eta berarekin lan egitea izugarria da. Pertsonalki lagunak ere bagara eta horrelako giro paregabean lan egiteak asko lagundu dit. Prozesua oso naturala izan da, egiten duguna ez dugulako bilatzen; momentuan ateratzen den hori dugulako ardatz. Prozesuari dagokionez eroso eta gustura lan egin dugula esan nezake, barruan genuena ateratzea bilatu dugulako.
Lehen entzutean kolaborazioak ezustekoak dira, mezu zein estiloz oso hurbil ez dauden artistekin. Nahita? Lan bikaina egiten dute! Zelakoa izan da haiekin lan egitea? Eszenaren barruan badaude erlazioak? Zelakoak? Zein beste artistarekin gustatuko litzaizuke kolaboratzea?
Disko honetako kolaborazioak modu organikoan eman dira. Niretzat musikak duen gauzarik onenetako bat hau da; jende berria ezagutzea eta haiekin konektatzea. Hau esanda, ateratako kantak lagun arteko giro batean sortuak izan dira eta azkenean musika transmititzea bada, horrelako giro batek hau dena errazten du.
“Pertsona nahiko lotsatia naizela esango nuke ezezagunekin eta musika horiei nire pentsamenduak aurkezteko bide bat dela uste dut”
Elkarrizketa oso gutxi (eskerrik asko hau eskaintzeagatik), sare sozial lasaiak... tipo lasaia zara? Zelan ikusten duzu zure burua artista bezala mainstream (argazkiak, bideoklipak...) eta hedabideen aurrean?
Pertsona nahiko lotsatia naizela esango nuke ezezagunekin eta musika horiei nire pentsamenduak aurkezteko bide bat dela uste dut. Honen harira, argazkiak edo bideoklipak egiten normalean disfrutatzen dut baina egia da batzuetan kamara bati hitz egitea kostatzen zaidala.
Durangoko azokan aurkeztu zenuen taldea. Nondik dator taldearekin joatearen hautua? Zelakoak izango dira bira honen kontzertuak?
Diskoa bukatu ondoren musikariekin joateko hautua egin nuen. Banda batek zuzenekoetan beste soinu bat ematen dizu eta egindako lana formatu honetan eramateak dena apaintzen du.
Gorakada azkarra izan duzu "Denbora" hita kaleratu zenuenetik, irratian arrakasta, jaialdi handitan jo izan duzu... bertigorik ematen ahal du? Ze etorkizuneko plan duzu proiektuarekin?
Beti esaten dudan moduan, egiten dudan guztiarekin disfrutatzea espero dut. Horrekin, pozik egongo naiz beti.
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.