"Gustora gaude gure aldetik lan egiten eta erabaki guztiak guk hartzen"
EntrevistasBaobabs Will Destroy Your Planet

"Gustora gaude gure aldetik lan egiten eta erabaki guztiak guk hartzen"

Mikel Izarra — 10-05-2016
Fotografía — Baobabs

Iruñako taldeak Abbey Roaden grabatu du bere lehen disko luzea, hala ere burua lurrean dutelarik, utopia oraindik urrun dago.

Bai, ondo irakurri duzue, Abbey Roaden grabatu duen lehenengo talde euskalduna dugu elkarrizketagai orriotan. Eta elkarrizketatzailea, noski urduri. Hala ere, Eymard Uberetagoenarekin (kitarra eta ahotsa) berba eginda, eta lana zelan hartzen duten ikusita, hypea izateko beldurrak ezabatu egiten dira. Talde nafarrak hamar kantu grabatu zituen, denak egun batetan Iñaki Llarenaren (Monte del Oso, Muy Fellini, Red Bullet…) laguntzarekin eta Edmundo Irujoren artelanarekin. Gainera, Darina Sadchicova batu zaie tekletan, ahotsak ere sartzen dituelarik. Abestien sortzetik bertatik, talde lan eta laguntza handia izan dute preprodukzioak, abestiak behar bezala denbora errekor horretan grabatu ahal izateko. Emaitza diska borobila da, erritmo azkarrek kitarra laguntzen dutelarik, sintetizagailuen atmosferaz ahotsei gorpua ematen. Ingalaterra, dreampopa eta paisai industrialak inspiratutako melodiaz gainezka dator lana. Gainera, independienteki haiek editatutakoa.

Denbora gutxian talde bikaina osatu duzue, bai musika aldetik eta baita produkzio aldetik ere. Zelan lortzen da ain arin horrelako talde sendoa?
Uste dugu gakoa gustoko duzunan egitea dagoela. Garbi baduzu zer nahi duzun egin, nolako kantuak eta soinua izan eta norekin, beste guztia bakarrik doa. Hasieratik Eneko eta biok (Eymard) oso ondo ulertu ginen eta kantuei buelta askorik eman gabe azkar ateratzen joan dira nahi izan dugun moduan.
Honetaz gain Iñaki Llarena, gure ekoizlea, gertu izatearen zortea dugu eta badakigu segituan garbi ikusten duela eta badakiela zer bide hartu gure helburuak soinu aldetik lortzeko.

Pasa den urtean lotsati baina gogotsu atera zineten, zenbat kontzertu egin zenituzten? Zelan ikusten zarete oholtza gainean?
Lehengo urtea froga moduko bat izan zen guretzat. Kontuan izan behar da taldea sortu eta lau astetara lau kantu egin, entsaiatu eta grabatu genituela. Oraindik taldearen nortasuna definitzeko zegoen baina hor ikusi zen garbi nola ulertu ginen bai taldea eta bai Iñaki eta bide interesgarri baten hasiera izan zela. Agian oina nun jartzen genuen oso garbi izan gabe hasi ginen zapaltzen eta horregatik lotsati, baina erantzun bikaina izan genuen emandako hamabi kontzertuetan. Asko disfrutatzen dugu emanaldietan eta espero dugu ere hori transmititzea jendeari.
Bestalde egia da diskan doazen kantuak egiten joateko eta frogatzeko balio izan zigutela kontzertu hauek, ikusteko zer funtzionatzen duen eta zerk ez.

Azkenan, Zarata MondoSonorok egiten duen hamar demo hoberenen zerrendan sartu zineten. Zer esan nahi du honek zuentzako?
Guretzat kriston saria izan zen eginiko lanari. Kontatu bezala oso azkar egin genuen dena eta onarpen horrek bide onean gindoazela baieztatzeko balio izan digu. Sekulako bultzada eta animoak aurrera jarraitzeko.

Lehenengo EPan, zerbait egiteko gogoekin gelditu zineten?
Nahiz eta kantu bat dugun EP-an horrela izena duena ez dugu askorik atzera begiratzen. Eginikoa momentuan baloratu eta aurrera jarraitu. Ez genuen pentsatzeko ere denborarik izan, barrenetik atera ziren lehenengo lau kantuak izan ziren aldatzeko edo deskartatzeko denborarik gabe eta esan behar da guretzat freskotasun izugarriarekin atera zirela eta ez genuke ezer aldatuko. Horrela atera ziren eta kitto. Gaur egun EP-ko kantu bat deskartatu dugu zuzenekotarako, beste bat aldatu baina momentuan momentukoa.

Kontaiguzue zelakoa izan zen New Yorkeko bideoaren ideia eta grabaketa. Bigarrena Abbey Roaden grabaketari buruzkoa da, gehiago aterako dituzue?
New Yorkeko bideoarena momentuko erabaki bat izan zen ere. Eguberritan oporretan joan nintzen bertara eta nola ikusentzunezkoetara dedikatzen naizen kamera hartu eta hori grabatzeko aukera izan nuen goiz batean. Abbey Roadeko bideoarena landuagoa da, lan egiten dudan Tripulante Produce-ko kideak lagundu ziguten bertan. Ezin ginen bertara joan eta dokumentu grafikorik gabe bueltatu, beraz diska grabatzeaz gain ikusentzunezko espedizio bat ere montatu genuen beraiekin. Aterako ditugu bideo gehiago bai.

"Garbi baduzu zer nahi duzun egin, nolako kantuak eta soinua izan eta norekin, beste guztia bakarrik doa"

Nola izan da kanta hauen komposaketa?
Kantu gehienak 2015ean zehar egindakoak dira. Normalean letrak Enekok egiten ditu eta melodiak etxean lantzen ditut, ondoren lokalera eraman eta elkarrekin begiratzen dugu nola landu. Diskari begira Iñaki eta Leyre Arangurenek asko lagundu digute, ez dira soinu ingeniariak bakarrik, hasieratik bukaeraraino ekoizten dute diska eta estruktura eta melodia aldetik asko lagundu digute ere.

Ze erreferente eta inspirazio eduki duzue? (Bai musikalak bai kulturalak oro har: literatura, zinema…)
Mugimentu kultural aldetik 80-90 hamarkadan Erresuma Haundian mugitzen ziren indie edo Pop-Rock estilora jotzen dugu asko. Madchester mugimendua adibidez. The Mock Turtles edo Stone Roses dira estilo honetako adibide musikal nabarienak baina The Cure taldea edo Estatu Batuetako Pixies ere aipatu genitzazke. Talde aktualagoak ere baditugu The Raveonettes bezala adibidez edo estatu mailan Los Planetas.

Zelan hartu zenuten Abbey Roadera joateko erabakia?
Hasieratik oso garbi genuen euskal musikan zerbait ezberdina eskeini nahi bagenuen ez zuela konposizio aldetik bakarrik izan behar, soinuari ere bere garrantzia eman nahi geniola eta Inglaterrara joango ginela diska grabatzera. Estudioak aipatzen genituen bitartean Iñakik esan zuen Abbey Road, bera lehendik egona zegoen Inocua taldearekin eta posible zela komentatu zigun. Behin Abbey Road mahai gainean izanda ez genuen beste ezertan pentsatu. Pertsonalki amets bat betetzea izan da guretzat.

Talde hain gaztea izanda, esango zenukete han grabatzea utopiara heltzea modukoa dela?
Ez dakit utopia esan genezaken edo alderantziz, era batetara agian hemengo taldeei konturatu arazi ere bertan grabatzea posible dela. Egia da egun batean grabatu behar izan genuela bestela ezinezkoa izango litzatekeelako guretzat. Kontuan izan behar da autoekoizpen bat dela baina dena ondo antolatuta eta lan asko eginda aurretik posible da. Eta talde gaztearena, esan digute lehen diska Abbeyn grabatuta zer eskeiniko dugun gero. Guk ere ez dakigu. Gauza da aukera izan dugula eta inork ez dakiela bihar nun egongo garen beraz ezin genuen aukera desaprobetxatu. Agian hurrengoan ere hara goaz, beste estudio batetara kanpoan edo Aberin Estudioetan bertan, Iñakiren estudioak. Bertatik ere izugarrizko lanak ateratzen dira.

Zer esan ahal diguzue hitzei buruz?
Hitz gehienak Enekorenak dira, egunerokotasunari buruz doaz, sentimentu unibertsalei buruz eta denoi egunean zehar pasatzen zaizkigun gauzeei buruz. Ez dugu ausnarketa edo reibindikazio haundirik. Modu honetan ere uste dugu bakoitzak bere bizipenetara eraman ditzazkeela. Guri pasatzen zaigu, agian Enekok zentzu batekin idazten ditu eta nik beste batekin hartzen ditut melodiak egiteko garaian edo abesteko garaian.

Artelan biak antzekoak dirudite, norenak dira?
Ba EParekin batera atera genuen diseinua nik egin nuen, askorik jakin gabe eta denbora askorik gabe ere. Diskarena benetako artista batenak dira, Edmundo Irujok egin digu diseinua. Lehen egindakoak balio izan digun nundik jotzen dugun esateko baina oraingoa eskuz eginiko marrazki izugarri bat da eta oso pozik gaude. Berarekin asko hitz egin gabe horretaz Daniel Johnstonen diseinuak gogorarazten dizkigu eta guri asko gustatzen zaigu.

Sello barik argitaratzen duzue?
Bai, ez dugu ere askorik bilatu baina gustora gaude gure aldetik lan egiten eta erabaki guztiak guk hartzen. Ziurrenik akats asko egingo ditugu eta hankasartze asko ere izango ditugu jestionatzeko garaian baina ikasiko dugu hurrengorako. Hala ere ez da isten dugun ate bat, zerbait interesgarria ikusten badugu eta etortzen bazaigu baloratuko dugu.

Non aurkeztuko duzue zuzenean? Zelakoak izango dira zuzenezkoak?
Iruñeako Zentralean aurkeztu genuen pasa den apirilaren 14ean Sr. Chinarrorekin, Donostiako DOKAn ere jo dugu Sorkun-ekin batera eta hemendik aurrera maiatzak 7 Tolosako Bonberenean izango gara Choice taldearekin , maiatzak 14 Iruñeako Subsuelon, maiatzak 21 Gorlizen, ekainak 4 Madridko Cafe la Palman Smoke Idols eta Inra-rekin eta Udaberria isteko 360 festibalean arituko gara. Oraingoz hoiek. Zuzenekoetan gogo guztiekin aritzen gara, asko disfrutatzen dugu eta jendeari disfrutatu araztea gustatzen zaigu. Hortarako imajinatzen det ere kantuak ezagutzen joan hala hobeki pasako dutela.

Etorkizunari begira zelako helburu edo ametsak ditu taldeak?
Ez litzaiguke gustatuko denbora gehiegirik pasatzea hurrengo diska ateratzerako. Uste dugu dena ondo badoa hurrengo urteari begira gauza berrietan pentsatzen joan behar dugula baina bueno, orain atera berri dugun hontaz disfrutatu eta etor dadila etorri beharrekoa.

Hurrengo kontzertuen datak:

  • Maiatzak 14 - Subsuelo (Iruña)
  • Ekainak 4 - Café La Palma + Inra + Smoke Idols (Madrid)
  • Ekainak 11 - Tres Sesenta Festival (Iruña)

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.