2005etik su txikian egosten den disko batek orain ikusten du argia. Nolakoa izan da 18 urte hauetako ibilbidea?
Gora-behera handiko urteak izan dira, argitalpenei dagokionean orain arte nire kasa grabatu eta ekoiztu ditut lan gehienak baina sekulako dedikazioa jarri gabe eta musika formaziorik ez dudanez zertan ari nintzen ere jakin gabe egia esan. Zuzenekoetarako taldea pare batetan osatzea lortu nuen baina ez nuen mantentzerik lortu. Azkenean duela urte pare bat abestiak serioski lantzeko plan bat egin nuen eta zorionez berandu baina garaiz iritsi naizela iruditzen zait.
Zerk bultzatu zintuen post-rock mundura eramatea kantu hauek?
Nire espazio naturala dela uste dut, hasieran Adikunerengan isurtzen nuen nire jario distortsionatua eta beste doinu garbiagoak egiteko gogoa nuen, baina gerora erdibideko lurraldean aritzea atera zitzaidan. Baliteke Adikuneren hutsuneak zerikusia izatea, akustikoak ederrak dira baina barruko piztiak ateratzeko distortsioa, garraxi batzuk eta baterijole txikitzaile bat bezalakorik ez dago.
Iluntasuna da nagusi, azalean barne. Orein bat ikusi dezakegu bertan. Behelainotan irudikatu behar dugun argazkia hau da?
Argazkietako bat bai behintzat, Ekaitz Zilarmendiren argazki hori ikusi nuenean berehala pentsatu nuen nire lana irudikatzeko bikaina zela. Berez esanahi ugari izan ditzake izenak, hasieran musika estilo desberdinen lanbroa izango zela nuen buruan eta hauek kapturatzea zen helburua. Azkenean esposizio luzeko argazkia atera zaidala uste dut!
Txapengana jotzen duzu diskoa grabatzeko. Zergatik hautatzen duzu bera?
Niretzat erreferente handi bat da, Lisabö hasieratik gozatzeko zortea izan dut eta teknikari gisa eman dituen perlak ikusita apostu segurua iruditzen zitzaidan. Antzeko orbitan dabilen teknikari baten esku utzi nahi nuen nire lana, estiloa ondo ulertu eta ekarpenak egingo zizkiona. Zer esanik ez soinu gordin eta indartsu baten bila jo nuela beregana.
Zu ere goi mailako soinu teknikaria izanda, demoak eta nahikoa garatuta eramango zenituen estudiora, ezta?
Onerako eta txarrerako bai, auskalo zenbat maketa egingo nituen urte hauetan! Baina, bai, lana ikaragarri erraztu zigun eramandako demo hoien gainean lan egiteak. Ikerrek horien gainean grabatu zuen bateria eta nik gitarra ugari grabatu behar izan nituenez mapa argi bat edukitzeak dinamika oso eraginkor bat ahalbidetu zigun.
‘Segurtasun eza’ deitzen da diskoa. Zure buruarekin seguru etzinelako?
Alde batetik, hala da, bai, une honetara nahi baino beranduago iristearen arrazoietako bat hori izan da; abestiak amaitzeko ezintasuna, horretarako bailo ez duzula sentitzea, egindakoak merezi ez duenaren beldurra... Baina baditu bestelako irakurketak, jendearengan eguneroko gezur mediatikoek sortzen duten ezegonkortasuna, migratzaileen bidaiak, ehizan dauden bortxatzaileak...
Post-rocka egiten duzula aipatu dugu. Abestuko zenuela argi zenuen hasieratik?
Bai, abesti batean ahotsak tokia duela ikusiz gero ez dut erreparorik, gainera behelainoak tankera lazgarria hartzen duenean abesteak barnea askatzeko balio du eta zirrara hori adiktiboa dela uste dut. Hala ere diskaren karga handiena gitarretan dago eta abestien erdia instrumentalak dira.
“Duela urte pare bat abestiak serioski lantzeko plan bat egin nuen eta, zorionez, berandu, baina garaiz iritsi naiz”
Zuzenekoetara rock progresiboaren munduan ibiliak diren edota DIY filosofia barneratuta duten musikariekin elkartu zara. Nola izan da elkarketa?
Auzokide eta lagun dudan Unai Pelaxi eskatu nion bateriajole bat gomendatzeko eta honela ezagutu nuen Iker, sekulako fitxajea izan da eta diskari indar paregabea eman dio. Nahasketen azken egunetan zuzenekoak egiteko erabakia hartu genuenean Ikerrek berehala proposatu zidan Iñigo, Jon eta Ferminekin taldea osatzea eta ezin sinetsita nabil oraindik horren talde potentea osatu dugulako.
Egiak eta egiak daude zure bizitzan. Zenbaterainoko pisua dute zure sorkuntzan Egiak eta egiek?
Handia dutela esango nuke, auzoan dexente inplikaturik nabil egitasmo desberdinetan eta ikaragarri aberasgarria den arren munstro denbora-jale galanta bilakatu daiteke. Egien kasuan, gure poltsikoetatik edaten duten ustel asezinen gezurrek nolako arrakasta duten ikusteak sekulako amorrua ematen dit.
Su txikian aritzea, zuk zeuk egin filosofiarekin, geroz eta ohikoagoa da, baina, aldi berean geroz eta gehiago kostatzen da proiektu bat gisa horretara garatzea. Nola ikusten duzu zure begietatik hau guztia?
Ez da erraza ez, etxean sortutakoa sarera igotzea erraza da baina arreta zeureganatu eta pausoak ematea ez hainbeste. Bestetik entsegu lokala, estudioa, LP/CD ekoizpena… Diru inbertsio serioak dira. Nire kasuan hasieran ez nuen zuzenekoetarako asmo argirik eta diska atera nuela inork gutxik jakiteak kezkatzen ninduen, nahiz eta helburua ni bezalako eroek hau entzuteko aukera izatea besterik ez izan. Zorionez zortea izan dut Bonbereneako lagunak zabalpenean laguntzen ari zaizkidalako, musika eszenan egiten duten ekarpena txalogarria da oso.
Diskoa eskuratzen duenak, hiru abesti gehiago jasoko ditu trukean. Formatu fisikoari garrantzia emateko izan da, edota, formato fisikoan kabitzen ez ziren kantuei balio gehiagarria ematea izan da asmoa?
Estudiora asko landutako abestiekin abiatu nintzen baina biniloen iraupenei kasu handirik egin gabe eta gero komeriak izan nituen zer egin erabakitzeko, erbesteratuak bildumakoak bezain beste estimatzen ditut eta. Binilo ta erdirako materiala neukan baina garestiegia zen nire kasuan eta deskarga digitalean partekatzea iruditu zait soluzio onena. Aurrerago hiru abesti hoiek behar bezala argitaratu nahiko nituzke.
Zer espero behar dugu zuzenekoetan?
Apurka sartzen den behelainoa (baina ke makinarik gabe lasai), korronte hotz eta beroak, doinu leun eta leherkariak, maila handiko musikariak (ni ez, besteak) eta egurra!
DOKAn estreinaldia, Bonberenean ere aurkeztuko duzu... Nonbaiten jotzeko kapritxo berezirik ba al duzu?
Eraitsitako Ametsenean edo Kortxoenean jo nahiko nuke, beste bizitza batean egin bezala. Komunitateak hobetzeko ilusioz sortutako amets-fabrikak dira toki onenak, makrofestien pozoiaren aurrean, geltoki esanguratsu eta ezinbestekoak.
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.