“Neure musikara gerturatzen denak ikusi dezake ez dudala ezer ezkutatzen, hor dago dena, denen esku. Bizirik”
EntrevistasAmorante

“Neure musikara gerturatzen denak ikusi dezake ez dudala ezer ezkutatzen, hor dago dena, denen esku. Bizirik”

Antton Iturbe — 24-09-2020
Fotografía — Juxe Areta Goñi

Bospasei urtez bere proiektua plazaz plaza aurkeztu eta gero, EP digital bat eta single bat baino ez ziren Iban Urizar aka Amorantek utzitako aztarna grabatuak, etengabeko mutazio prozesu batetan bizi den izaki musikal liluragarri honen uneko lagin eder txikiak biak. Argazki panoramiko bat ateratzeko ordua ailegatu da, orain arte garatutakoaren laburpen bikaina eta etorriko denaren iradokizunez betea. Aitor Etxebarriaren Forbidden Colours diskoetxearen gerizpean dotore ekoiztua, “Bat edo Hiru” urte arraro honetako pozgarri eta gailur handienetako bat izango da, zalantzarik gabe. Ibanekin eseri eta diskoaz eta beste hainbat gaiaz hitzegiteko aukera ezin hobea.

“Herri musika egiten dut, herri batetan bizi naiz eta musika egiten dut” dio Amorantek. Zuzen eta garbi, oso modu pertsonalean egiten badu ere, ez dago bere musika sailkatzeko beste modurik.

- Edozein erara, klasifikatzea zaila eta batzuetan deserosoa zaigun arren beharrezkoa eta lagungarria suertatzen da behin baino gehiagotan. Bai musikari baita kazetariok ere, etengabeko borroka batetan ibiltzen gara etiketen inguruan. Beharrezkoak? Gehiegizkoak? Lagungarriak? Mugatzaile eta balio gabekoak? Zein da zure ikuspuntua eta zein punturaino esango zenuke lagungarriak zaizkizula bai musikari baita entzule bezala ere?
Ez dut uste musika sailkatzea hain beharrezkoa denik. Betidanik etiketak motz gelditu baitira, eta gaur egun dena askoz nahaspilatuta dagoenez, hitz gehiegi erabiltzen da musika sailkatzeko, garai batetan diskoak saltzeko balio izan bazuen ere. Euskarazko musika guztia, adibidez “euskal musika"ren barruan saltzen zen EHko disko denda gehienetan, eta badirudi oraindik horrelakoetan gabiltzala, aterki berean jartzea gehiegi ez bustitzeko.

- Elkarrizketa batetan “Tradizioari traizioa egitea” espresioa erabiltzen zenuen eta asko gustatu zitzaidan kontzeptu hori.
Tradizioari traizioa egin behar zaio, beti. Tradizioa aldatu behar ez den zerbait dela dirudi: estankoa, zaharkitua, kiratsa dariona, aireztatu gabeko gela. Tradizioa, puskatu beharreko lladró figura bat da, eta gero nahi izanez gero, “zinta amerikana” pixka bat erabili konpontzeko.

- Kontzeptu horri tiraka, autotunea eta bereziki gustukoa duzun Frank Ocean adibidez datorkit burura. Alegia, bera eta bere aurretik beste milaka artistek, musika beltzaren tradizioa zein modutan bultzarazi, aberastu eta “traizionatu” duten gaur egungo panorama zabal ederrera eta guztiz egunekora (baita abangoardiara ere) eramateko. Maila askoz xumeago eta mugatuago batetan baldin bada ere, euskal tradizioarekin ere antzeko zerbait egitea izan al daiteke hemen helburua?
Ez dut uste euskal tradizioa berritzen edo astintzen nabilenik. Ez da nire nahia behintzat. Musika tradizionalak, bai estetikoki eta bai hitzen aldetik oso iruditeria erakargarria dauka. Ez nuke nahi nire jarduna gehiegi zuritzerik tradizioaren iturri hori erabiltzen dudala esaten, badelako tradizioa serio jarraitu eta gordetzen duen musikari eta musikazale asko. Bestalde AEBtik datorkigun musika beltzak eta gaur egun dagoen latinizazio guzti honekin, tradizioa erabat kontestuz kanpo eta azaletik lantzen da, oso modu interesgarrian kasu askotan, baina nahiko modu errepikakorrean gehienetan. Euskal panoraman badago gauza interesgarri andana bat, eta egongo da etorkizunean ere, kultura akatzen ez badute lehenago.

- Kontzertuak denboraren arabera moldatzen dituzula eta etengabeko aldaketa prozesu batetan zarela esan ohi duzu. Hortaz, nolabait zuzenekoa Amoranteren benetako esparrua eta espresio bidea esan daiteke. Hor zabaltzen baita guztiz zure proiektua, eta entzulearekiko harremanaz elikatu.
Hala da, zalantzarik gabe.

- Hala izanik, diskoak eboluzio horren argazki moduan ikus daitezke. Une jakin batetan Amorante nor dan ezartzeko modu bat bilakatuko lirateke orduan. Ba al dago zuzenekotik at beste garapen bide paralelo bat duzula esaterik? Zuzeneko eta estudioko bi Amorante “ezberdin”, alegia?
Ez dakit eboluzio paralelo bat den ala ez, betidanik ulertu ditudalako elkar elikatzen diren bi jardun ezberdin bezala. Diskoan zuzenean joko ez ditudan gauzak daude, eta era berean, diskora eramatea zentzurik ez duen gauza asko jotzen ditut zuzenean. Pertsonalki erosoago nago oholtzan, baina abestiak grabatzea nekagarria baldin bazait ere, ongi dago gauza ezberdinak probatzeko.

- Orkestra gizona ez zarela garbi utzi duzu elkarrizketatan. Hots, zeu bakarrik banda oso baten soinua erreproduzitzeko gai zarela erakustea ez da funtsa. Baina egia esan, batek baino gehiagok horixe pentsa dezake. Zure kontzertuak eta zure musika erakustaldi teknikoa baino ez direla pentsatzen duenik bada. Jendea zure abileziaz txundituta uztean, “urrunago” joan gabe azalean gelditzen direla, beste ezer egongo ez balitz bezala. Egia esan, arrisku hori egon badago. Inoiz jaso duzu era horretako erantzunik? Zer esango zenuke jarrera horren aurrean?
Musika ez da kirola. Teknikak bere garrantzia duen arren, intuizioa eta irudimena horren gainetik dago. Ni ez naiz teknikoki musikari aparta. Nere abestiak nire hitz eta mugetatik sortzen ditut, nire eskura dauzkadan elementuez baliatuta beti. Horrek nahi ta nahiez izaera bat txertatzen dio abestiari. Loop bat modu jakin baten erabiltzea edota tronpeta txukun jotzea baldin bada musikari tekniko bat besterik ez naizela pentsatzeko, ez nago ados. Teknika beharrezkoa izan daiteke zerbait modu konkretu baten espresatzeko, baina nahiago dut intuizioa dudala pentsatzea. Neure musikara gerturatzen denak ikusi dezake ez dudala ezer ezkutatzen, hor dago dena, denen esku. Bizirik.

Amorante · Argazkia: Guillermo Latorre

- Disko berri honetan, kolaborazioak bai izan dituzu baina oso mugatuak dira. “Zure diskoa” eta “zure ahotsa” dala esan daiteke inoiz baino gehiago?
Mariano Hurtadok, kontrabaxu ederrak sartu dizkit abesti batzuetan, eta Joseba Irazokik bere gitarraren orro eder bat jarri du abesti batetan, eskertze infinitua zor diet Diskoa momentuko argazkia da. Nahiko argazki iluna, bai! Baina ez dut uste neure ahotsa topatu dudanik oraindik. Bilaketa betiereko batetan murgilduta nabilenez, auskalo noiz iritsiko naizen hurrengo geltokira.

-Zentzu horretan, loop eta autotune moduko erremintak hor jarraitzen duten arren, haien erabilera mugatuagoa eta sotilagoa egiten duzula iruditu zait, benetan beharrezkoa denean eta abestiak eskatzen duenean.
Abestiak egiten ditudanean zuzenerako egiten ditut. Disko honetan zuzenean jo ditudan pare bat kanta egonda ere, estudioko lana erabat ezberdina da. Abesti bakoitza mundu bat da, eta bertan elementu ezberdinak sartu ditut, autotunea baita ere. Diskoa horrela izan behar zen. Estudiora sartu nintzenean, ez nekien zein abesti grabatuko nituen, proba batzuk egiten aukeratu genituen abestiak, eta neu oso pozik gelditu naiz emaitzarekin.

-Hortik abiatuta, disko hau lehenengo aldiz letretatik hasi duzula esan duzu eta horrek agian badu bere eragina eta garrantzia. Abestiaren muina modu ez-musikal batetan eraikitzean gero jartzen diozun musika muin horren mesederako soilik jartzen duzula pentsa arazten dit, inongo soberakinik gabe. Alde horretatik halako fintze eta depurazio lan bat sumatzen dut disko honetan. Eta nire iritziz behintzat, guztiz mesederako izan da. Beste era batera esanda, zeure nortasun bitxia galdu gabe, abesti borobilagoak egin dituzula, funtsean. Ados zaude ikuspuntu honekin?
Berez, Amoranten hasieratik oinarritu naiz hitzetan. Horrek eman dit mugetatik abiatzearekin batera portu ezberdinetara iristeko aukera. Loopa, tronpeta edota autotunea, amorante eraikitzeko eskura neuzkan tresnak baino ez dira. Ikuspuntuari dagokionez, ez dakit zer esan. Gustura nago emaitzarekin. Tronpetaren
presentzia nabarmenagoa da adibidez, eta horrek iluntasun sotil bat ematen dio. Abestiek entzulearentzat ertzak edukitzea gustatuko litzaidake ertz ezberdinetan kateatzeko. Biniloa bai, biniloa borobila izango da. Eta beltza!

-Kasu honetan Uxue Alberdi eta Joxan Artzeren hitzak erabili dituzu abesti batzuetan, baina hein handi batetan zeureak dira. Nondik datoz? Zerk inspiratzen zaitu?
Artzeren ama hil zaigu musikatzera ausartu naiz. Bestalde, Uxue Alberdik oso letra ederra egin dit XVII. mendean Donostian egin zen esklabu salmenta baten inguruan, Juliana izeneko esklabu baten ahotik. Besteak neuk egin ditut, lizentzia txikiren bat salbu. Zizare batzuen inguruan kantatzen dut, eta
baita hil kutxen inguruan ere. Askotan, idatzi eta beranduago agertzen dira abesti moduan, horregatik diot hitzetatik hasteak amoranteren izaera sustraitzen duela.

- Euskal Herritik kanpo zaudenean, euskaraz aritzen zara beti zeure kontzertuetan eta orohar oso harrera ona jasotzen duzula kontatu izan duzu. Ikuslegoarengan aurriritzi gehiegi daukagula komentatzen duzu, ez bakarrik hizkuntzaren kontuan, baita estetikan eta musikaren izaera esperimental edo “zailaren” inguruan. Era horretan aurresailkatzen diren musikak oso entzulego mugatu eta “jakitunera” soilik zuzenduta dagoela pentsatzen dugu eta sarritan, esparru zabalagoetara eramaten denean, inongo aurriritzirik gabe eta inolako justifikaziorik bilatzen saiatu gabe ere, ezustekoak jasotzen ditugu. Geure buruak esparru txiki baina azken finean eroso batetara ez al ditugu mugatzen?
Hasteko, ez dut uste musika zaila egiten dudanik. Baina egia da, askotan publiko konkretu baten aurrean pentsatzen duzuna baino konektatuago sentitzen zara. Aurreiritziek ordea, eusnobismoagatik edo, kontrakoa pentsaraztera eramaten zaituzte. Segituan konturatzen zara aurreiritziak birrindu beharreko paretak direla. Euskaraz kantatzeak adibidez, beste herrietako ateak ireki dizkit, eta aurreiritziek ateak itxi egiten dituzte. Autotunea erabiltzen badut, kantari okerragoa naiz? faltsuagoa? zintzarri bat jotzen badut tradiziotik gertuago al nago? kanta berak ingelesez egingo banitu izaera tradizional hori egokituko al zidaten? Aurreiritzien esklusibitatea ez dago EHn, baina badaukagu labela.

-Aitor Etxeberriaren lana bai diskoaren ekoizpenaren aldetik baita bere Forbidden Colours diskoetxearen jardunari dagokionetik ez nuke ahaztu nahi. Egile, ekoizle edota kolaboratzaile moduan gure inguruan azkenaldi honetan plazaratu diren disko interesgarri eta zirraragarrienetako askoren partaide da. Benetan goraipatzekoa iruditzen zait bere lana eta zeure diskoaren kasuan, hitz zehatzetan adieraztea zaila baldin bazait ere, bere presentzia nabaria dela iruditzen zait. Baina, nola definituko zenuke zeuk? Zer ekarri du Aitorrek zure musikara eta zer iruditzen zaizu azken urteetan alor ezberdin horietan egiten ari den lana?
Aitorren lana ezinbestekoa izan da. Berak gidatu du grabaketa eta oso “chill” izan da dena. Intuizioan sinesten dut, eta Aitor maisua da horretan. Ukitu txikiak egin ditu eta pintzelkada elektroniko bat edo beste ere. Bera gabe diskoa beste modu batekoa litzateke. Oso musikari fina eta intuizioz betea da. Zoragarria izan da berarekin lan egitea, eta ohore bat bere zigilupean argitaratzea.

- Bukatzeko ohiko galdera inoiz baino zailagoa bilakatu zaigu. Aurrera begira, zeintzu dira zure planak?
Ez dakit planak egiteko momentuan gauden, baina… diskoak bere bidea egin dezala, eta zuzenean jotzea!

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.