Falsollano
DiscosVirenque

Falsollano

8 / 10
Iker Gurrutxaga — 13-11-2024
Empresa — Autoekoizpena
Género — Rock

Virenque talde nafarra undergroundean mugitzen den harribitxi horietakoa da. "Austral" lanari segida ezinhobea eman diote orain "Falsollano" lan berriarekin. Zazpi abestiz osatutako lana Ultramarinos Costa Brava estudioan grabatu dute aurtengo ekainean eta aurkezpen berezia eman diote Lizoaingo elizan. Propio horretarako moldatu dute espazioa Piedra taldekoekin emanaldia osatzeko.

Abesti zuzenak dira, euskaraz, eta power trio esentzia hori ondo barneratuta du beren lanean Virenquek. Hirugarrenez aritu dira Ultramarinosen eta horrek ere beren soinua ahalik eta hobekien esploratzeko aukera ematen die. Zazpi abesti esan dugun moduan eta diskoa zabaltzeko baxu riff bat, ‘Anitzak’ singleak irekitzen baitu lana. Energia handia duen abestia, unisonoaren erabilera aparta eta amorrua hitzetan. Hori bai, faxismoaren aurka aritzeko nahikoa modu suabea hautatu dutela esan dezakegu.

Faxismoari elkarrekin egingo diogu aurre, hori argi daukagu, eta elkarrekin egoera zailenetan aurrera egiteari buruz ari dira nolabait ere ‘Lilen bailara’ kantuan ere. Dinamika desberdinak erabiltzen dituzte eta kantuak bi zati nahikoa nabarmen ditu, egitura berezi batean.

Bigarren singleak, ‘Bizkarroiak’ kantuak, ematen dio segida. Berriz ere unisonoaren erabilera dator eta estrofetan The Strokes bezalako taldeak ekartzen dizkigute gogora. Uneren batean gitarrak octavizerra pizten du eta kolore berezia hartzen duela ere esan daiteke hor. Muxu Estudioak egindako bideoklip batekin lagundu dute abestia, ditugun kontraesanak agerian uzten dituen abestia eta mezu oso indartsua duena: «Ezer egingo al zenuke zu ez zaren norbaiten alde?». Hara, gogoeta egiteko mezua.

Lorratza kantuan beste espazio eta sakontasun bat hartzen du guztia, nahiz eta elementuetan nahikoa soila izan. Batzuetan geruza asko behar izaten dira halakoak lortzeko, baina ez da Virenqueren kasua. Hitzei erreparatuta, Maria José Llergok aurtengo BIMEn esandakoa etortzen zait burura: «batzuek entretenimendua egiten dute musikarekin, baina nik ez dut horrelakorik egin nahi, nik artea sortu nahi dut musikaren bitartez». Dikotomia horren inguruko bizipen bat kontatzen digute Virenquetarrek, eta ez dut uste zalantza handiegirik dagoenik berek non kokatzen duten taldearen tokia.

Musikaren mundu honetako bizipenak hitzetarako baliagarria zaizkiela argi dago Virenquekoei eta kexati ere agertzen direla jakin badakigu. Baina hortik unibertsalagoa den kontuetara zabaltzea ere lortzen dute beren mezua eta ‘Falsollano’ da horren adibide, kapitalismoari egurra emateko balio duelako abesti honek. Oso barnera iristen den kantua da, eta ez da diskoko bakarra, emozioen muinera iristeko gaitasuna baitute beren kantuekin. Oilo ipurdia jartzeko gaitasuna dute, baina berak ere ez dira azaltzeko gai non dagoen horretarako gakoa. Gertatu egiten da eta kitto.

Palestinan Israel egiten ari den genozidioari ere egin diote aipamena ‘Mirari guztiak’ abestian, horri, eta aldaketa klimatikoari ere bai nolabait ere. Rock abesti ohikoena dela esan dezakegu.

Diskoa itxi, ordea, kanturik berezienarekin ixten dute. Hasiera batean ez zara jabetzen entzun duzunaz, baxuaren presentzia, gitarra oktabetan jota egotea edota bateriaren konstantziak bestelako toki batean kokatzen zaituztelako. Tempoa erdira jaistean entzuten dituzun oihuek amorraziotik baduela ohartarazten zaituzte, baina bigarren entzunaldian eta hitzetan benetan atentzioa jarrita ohartzen zara zergatiaz. Jaioberri baten galeraz hitz egiten du ‘Aurrenekoa’ kantuak, taldekideek beren hezur-haragitan bizitako pasartea, eztarrian korapiloa jartzen duen kantua eta gutxitan hitz egiten den gai baten ingurukoa. Erabaki ausarta inondik ere.

Xarma berezia duen taldea da Virenque, xarma bereziko kantuak aurkezten dituena, eta "Falsollano" xarma berezia duen tokian erakutsi dute lehenengoz, gainera. Data berrien zain, gozatu diskoaz!

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.