Eman nahi ez genukeen albiste horietakoa da Uger taldearen agurrarena. Baina a zer nolako agurtzeko modua aukeratu duten, gordeta zuten material guztia kaleratuta. Horien artean aurkitzen da kantu berriz osatutako ‘Amaiera bat’. Taldeak oso bere egin duen soinuarekin osatutako zazpi abesti, tartean ausardiaz elektronika ere sartu dutelarik.
‘Ardi beltz galduak’ abestiak zabaltzen du diskoa, taldearen estiloari fidel izan dira, baina bapatean elektronika industriala sartu eta halako sorpresa bat oparitzen digute. Ardi beltz izatearen zera hori akaso horrekin ere lotu daiteke, espero ez dena egitearekin alegia.
‘Bestela ondo’ kantuan beren marka propioa den trakzioa nabaritzen da. Trena martxan jarri eta konstante horretan hasi eta bukatzen da kantua. ‘Reiterar’ abestiarekin, ordea, amorrazio gehiago duela esan daiteke. Nahasteko moduan, gainera, kantu hau bada aurretik egin duten lanen antzerakoagoa, izan ere elementu guztiak plano berean kokatu dituzte, eta hori ez da erronka makala izaten.
Disko honetan ahotsak presentzia gehiago izan du orain arte baino eta ‘Ate joka’ kantuan nabaritzen da hori dezente, ahotsarekin halako jolas bat egin dutelako efektuetan. Atzetik tempo lasaiago bat duen ‘Zelai erretan’ kantua dator, gitarraren riffek eta baxuak halako sakontasun eta malenkonia bat ematen diote kantuari.
Nahiz eta atera dituzten lan berrien artean baden bertsioekin osatu duten bat, ‘Dibertsioak’, bertsioetako bat sartu dute ‘Amaiera bat’ diskoan ere, ‘Ganbaran collapse’, Pixies taldearen ‘Where is my mind?’ kantuaren moldaketa, euskaraz beren esanahi propioa emanda.
‘Amaiera bat’ kantuak ixten du beren azken diskoa, letran badago agurraren oihartzun bat, nahiz eta abestia idatzi zutenean halakorik buruan ez izan. Dramatismoa eransten dio kantuak baxu eta bateriaren konstaten horri eta efektuekin jolas asko egiten duten abestia erabat apurtuta bukatzen da. Kantu aproposa ibilbide bati bukaera emateko.
Zuzenean sekula ikusi ez ditugunok penaz agurtzen dugu taldea, baina egin dituzten disko hauekin zuzenean bagina bezala sentiarazten gaituzte. Rockaren maitale den orok bere apalategian, zerrendetan… eduki beharreko erreferentzia.
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.