Beraien lehenengo esfortzuaren ostean, irainduei eskeintzen dio bigarren liburuki hau iraina jarduten duen taldeak. Aniztasuna izanik beraien bereiztasunik handiena (“VOL.1”-en frogatu zutenez), berau jorratzen jarraitzen dute bigarren ahalegin honetan, maiztasun musikalaren mugak haratago eramanez posible bada. Ezin gorrarena egin “Entzun” hasi, eta ikatza baino beltzagoak diren blast beat zaparrada gure belarrietan jasotzean. Oranssi Pazuzu burura datorkit agertzen duten trinkotasuna medio, apoak miazkatzeko modukoa. Aitzurra goraka dioala, bapatean Kvelertak bozgorailuetatik kanpo eta Norvegiako lehenengo olatutik lekuko gaur egungo doinuetara dakarkigute. Abedea sorterrian mantenduz, Kuraia bihurtzen dira Bidasoaren erriberan jaio denaren naturaltasunez. Black metal, death'n'roll eta hardcore punka bi minutu t'erdi eskasetan. Ez da marka makala. Bluesaren agermenarekin, Down-en zingiretan “Ur lodia” topatzen dugu, birikak trinkotasunean urperatuz, behin ereindako kimuak lohizko putzu baten loratu duen zantzu gardena. Burujabetza. Hezurretaraino hozten gaituzte tenpoa zanpatuz bukaera aldera, ta bazter batetik bestera ezer ez galtzeko beldurrez, “F.O.M.O.”-k Fer Apo ta Dut-en arteko zubia eraikitzen du, ertzetatik eroso dabilenaren konfidantzarekin. Mugetan bakarrik bizi daitekeen post-hardcorrak hilotztu egiten gaitu, pantailatik begirada atera eta letrari arreta jarri baino beste aukerarik ez dugula. “BEC gainezka dagoela gaztetxea hustu dute”, hausnarketaren beharrera behartuz gutarrak direnei. TZAR ez da bezatzen den talde horietako bat, lozagia ahaztu abiadura bakarra dutelarik: aurreruntz. Clutch ezaugarri, “9 MM” balak tirokatzen dituzte, Martin Backbone bere grin ta eztarri maileguan. Astelehenetako ajeetan adituak direnaren susmo, biharamuna sobredosiz akatzen saiatzen dira azken kantan Monster Magnet balira, badakigulako etorkizuna ez dagoela gutarikoei zuzenduta. “...eta horrela maldan behera bota dugu geratzen zitzaigun harrotasun apurra”.
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.