Hiztegian begiratu ezkero, “tzar” hitzak/atzizkiak hainbeste esanahi ditu. Hondarribia/Lazkao arteko boskotea bezain anitz eta antzera agertu zaizkigu TZAR taldea: gaizto, bapatean eta abisurik gabe Hagina Diskak-en lehen garraxia izanik; eta erraldoi, jorratzen dituzten alor guztiak handialdia direlarik. Zigiluaren aterkipean Backbone, Myotones, Velozet edo ta Horzdun bezalako taldeen musikariak topatu ditzakegu (azken beterano hauek eta Biruss etorriberriak osatzen dutelarik disketxearen hirukoa egunerarte), eta plantela ikusita, ez da zail irudikatzea lehen EP honetan entzun ditzakegun nondik norakoak.
Mikel Kazalis (Anestesia) izan da gidari grabaketa, nahasketa eta master lanetan, Zarauzko Fidelenean jaiotako lau abesti gordin hauei trinkotasuna ezarriz soinu aldetik. Irudiaren aldetik, portadak (Izukari-ren diseinua) “Sin City” komikia dakar burura, zuribeltz odoltsu horretan irudikatuz barruko orrialdeek duten garraztasuna. Barrenetara jota, filmearen soinu banda aproposa litzateke hauxe, estilo ezberdinen nahasketa ere Tarantino-ren film baten pare dagoelarik: sludge pisutsua, doom geldoa, metal astuna… dena stoner eta punk kutsuz bustiriz irauten duen 20 minutu eskasetan. “Zerbait Esateko Gai” badirela frogatzen dute hasieratik, “Herren” ez diren seinale azeleragailua astinduz kanturik azkarrenean, “Balaztak Grabitatearen Kontra” erabiltzeko bakarrik utziaz, “Izu Gabe” ezkortasunez blai, amorruz gainezka errepìdeak amildegian bakarrik bukaera balu bezala.
Ostiko galanta talde honek dakarren lehen liburukia, irrikitan Hondarribi-Gernika konexio horrek etorkizunean emango dituen atalak belarrira botatzeko haginak erakutsiz.
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.