Lau kantuko EPa da Urrestillako Trini Fox taldeak kaleratu berri duena. “Flanagan“ deitu duten lan hau, egiari zor, euskarri fisikoari gorazarre bat bezala ulertu behar dugu, izan ere, ia abesti guztiak lana kaleratzerako ezagutzen genituen.
‘Ez dut magian sinisten’ izan zen lehendabizikoz etorri zitzaigun abestia. Stonerra eta rock alternatiboaren bueltan sortutako pieza, gaur egungo soinuetara ekarrita sintetizadoreen ukitu eta guzti. Lide Hernando izan dute kolaboratzen eta horrek irri txikia sortu zigun kantua ezagutu genuenean, izan ere, Liherren agurraren ostean, pozgarria da Lide berriz ere rock doinuak abesten entzutea. Maitasun erromantikoaren aurkako kantu bezala ulertu dugu magian siniste ez hori.
Bigarren abestia ‘YK Riders’ da diskoan. Azpeitiko skate munduko kolektiboaren ereserkia bilakatu den kantua, haien omenean egin eta hard-rock eta punk-pop amerikarraren arteko hibrido bat geratu zaie Trini Fox-ekoei. Ezpalak taldeko Juanjo Berasain izan dute hemen kolaboratzen eta, egiari zor, Eñaut Gaztañagarekin grabatu dutela kontuan izanda, Ezpalak taldearen kutsu bat ere hartu du abestiak. Bideoklip oso dotorea grabatu zuten ostiral arratsalde batez Azpeitiko Esklaben ondoan dagoen skate-parkean. Taldeak jendea bertaratzeko eskatu eta sekulako festa antolatu zuten YK Riders kolektibokoek. Yonki edo Young Kids? Dakiguna da Azpeitiko skateak baduela maila itzela.
Bigarren single moduan ezagutu genuen EPari izena ematen dion ‘Flanagan’. Rockstar baten iruditeria guztia etortzen zaigu burura abestia entzutean, hard rock purutik gertu samar hasten den abestia da, nahiz eta zintzarriaren ukituak rap-metaleko elementuak ekarri eta bukaera oso punk azkarrekoa duen. «Begiak bueltaka, basamortua ahoan» omen dabil Flanagan, eta, egiari zor, Flanagan bat edo beste ezagutzen dugu denok ere gure inguruan.
Beasty Boys proiektua gogorarazi digu Trini Fox-ek ‘Sabotajea’ kantuarekin. Zigor DZ izan dute kantuan bidelagun, scratch, efektu, sampler eta dena-delako guztiak gehituaz. ‘Txandal metala’ eta indarra dituen abestia laukoa ixteko. Orain, kontzertuen garaia hasten da eta ea zer nolako mugimendua izaten duen Trini Fox taldeak. Dibertsioa ziurtatuta dago.
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.