Denbora dexente pasa da “_amaierarik ez...” (Bonberenea, 2018) argia ikusi zuenetik. Hain luze egin zaio batzuei, taldea geldialdian edo desagertutzat ematen zutela, nahiz ta ahanzturan inoiz ez den jausi(ko). Tarte horretan, pandemiak sendotutako Iparragirre Rock Elkartea-n buru-belarri sartuta ikusi ahal izan ditugu, kontzertuen antolakuntzan elkartekide beharretan (izan ere, elkartearen XX. urteurrenerako eskenatokira bueltatu ziren 2022-an) eta baita barnean sustatzen dituzten entsegu lokaletan ere, Tooth-ez gain, Pedro The Lion kutsua duen INNER taldean ere baitabil Edorta.
Bost urte geroago, “Errautsetatik” esanguratsuarekin bueltan da Gernikako hirukotea. Esanguratsuak ere diska osatzen duten zortzi abestien izenburuak, zortzi modu ezberdinetan beraien nortasuna aldarrikatuz izenbereko lehenetik hasita. “Tooth” asmo-deklarazio aproposena da bidaiari ekiteko eta garbi uzteko nor diren, ta zertara datozen: “Hau da gure pasioa, ez digu inok ezer eskatu orain. Hau da gure bizia, hontara etorri ta egitera goaz”. Ez dago besterik. “Kantuak oihukatuz, kantuak maitatuz, Tooth bihurtuz”. Musikalki, berezko dituzten Dut eta Helmet arteko zimenduak, Dischord zigiluaren post-hardcore oihartzunak bozgorailuetan entzungarri bIDEhUTS hurbilagoarenekin batera, Bidasoa eta Urdaibai emari berbera balute. Bi eztarrien txandakatzea Lisabö-ren itxura errez hartu lezake, are gehiago Mirri eta Arzaren astinkadak kontutan hartuta, bi baxu eta bi bateria diruditela Edortaren Hot Snakes meets METZ kitarren atzetik burrundaka. Zarata ugari ta broma gutxi.
Baliteke taldea jorratu dugunok ezer berririk ez topatzea hemen, baina lorratzetan nabaria da jarritako amorrua eta maitasuna areagotu dutela, beraien izakera argi ta garbi nabarmendu nahi balute bezala. “Izaera batek sustrai bat sortu zuen, enbor sendo bat errotu da hemen”. Izate horrek, TANO! bezalako lagunak ekarri ditu errepide eta bizitzak partekatzera (“odol berekoak ez izan arren, anaiak beti anai han eta hemen”), azken finean, gauza berdina direlako bidea ta bizia, batez ere mundua eta musika ulertzeko modu hori bizimodutzat hartu dugunon artean. Horrela sortutako erlazioak katebegiak bezain sendoak dira, eta kantak ere horren estu kateatu dituzte LPan barneratu gaitezen kate horretara zintzilikaturik. “Zuloa zulatuz”. Ez dago besterik. “Barre algarak atez ate, musikarako grin horrek, aurrerako bidea erakutsi digute”.
Agerian ez balego oraindik, diskak adiskidetasunean ditu bere erroak, eta adiskidetasun horretatik ere ateratzen da portada hori horixe, biniloaren zentzu osoa inoiz baino gehiago borobiltzen duen margo printza. “Errautsetatik” iaz zendutako Arri G anaiari eskeinia dago (abestia barne), ta azala Martin (Backbone) bere taldekide oiaren eskutik dator, bere estilo pertsonalarekin omenduz baxujolea ta bere sinbolo den circle-game gorputz-adarra. Agian, Osman (The Riff Truckers) egile duen jatorrizkoa Pulpo (Porco Bravo) alboan duela ikusita duzue Iparragirre-ren paretan eskegita. Bere lau hormen artean sartzen garen guztiok dugu lekua bertan bizi den familiaren barnean. “Maite dugu gure zarata”.
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.