Uda honetan izan nuen Silitia zuzenean ikusteko lehenengo aukera. Arratsalde sargoritsu eta itogarri horietako batean izan zen Bilboko Muelle aretoan. Kanpoan asfaltoa urtu behar zela ematen zuen, barruan sabaiari eta hormei izerdia zerien. Hor agertu ziren Ibai eta Xabi, Yakuzen tatuaiak simulatzen zituzten jantziekin. Atera, jo eta hil. Denok dantzan jarri ginen eta termometroak goia jo zuen.
Uda ez omen da ezer kaleratzeko momenturik onena. Horrela adierazi zuten Silitiako kideek EP berri honen berri ematean. Zorionez haiek oker daude eta gu esker oneko. Aurtengo mareak “Sutanmendi” izeneko 5 abestiz osatutako EP-a ekarri du kostaldera, Silitia zuzenean zein estudioan, lurrean zein itsasoan indar handiko taldea dela argi uzteko.
Petisuis, lanari hasiera emateko aukeratu duten abestiak, beroketa ariketa bat da. Giharrak martxan jartzekoa. Baleak-ekin abiadura hartzen doaz, melodía eta sinte bihurriak uztartuz. Podium pailazorekin jada ez da atzera bueltarik eta Lau bazterrak abestiaren leloa burura itsatsiko zaizu eta Sutanmendirekin, azken abestiarekin, azidoak kolpatuko gaitu lekeitiarrek antolatu duten jaiari amaiera emateko, lagunei zein ezezagunei besarkatuta, guztiak aho batez abesten.
Lana haize freskoa da, dibertigarria eta dantzagarria. Lekeitiko bikoteak denbora gutxian formula arrakastatsua asmatu du: erritmo aldaketa zoroak, baxu lerro jostalariak eta surrealismoa darien hitzak Ibairen berbakera bereziaz lagunduta. Batzuetan Devo, beste batzuetan Euskal Herriko pop tradiziorik onena (Jotakie, etab.) datozkigu burura.
Ez galdu Bizkaitik datorren azken harribitxia. Kresala bor-borka jarriko da zure zainetan eta burmuineko zirkuituek hasierako akordeetatik eztanda egingo dute.
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.