Silitia bikotea forma ederrean dago. Berdin du jaialdi haundi edo gaztetxe txikian ikustea, zuzeneko fresko eta dibertigarrian ez zaitu epel utziko. Eta meritu hau ez da txantxa oinarriak jaurti eta zuzenezkoan baxua eta ahotsa baino ez jotzen duen proiektu batentzat. Publikoak baino gehiago, taldeak entzun behar ditu atal guztiak ondo taulagainetik, eta gehienezkotan horrelako ekimenek ezaugarri tekniko oso zehatzak behar dituzte zuzenezkan disfrutatu, eta disfrutatu arazteko. Bada, Ibai eta Xabik eskarmentu handia dute horretan eta edozein egoeraren aurrean ikuskizun aparta emateko gai dira. Jotzeko duten abileziagatik, noski. Baina baita bestelako afera askorengatik ere: presentzia, jarrera, kontzertukako jantzien aukeraketa, abestien itsaskortasuna…
Hala ibili dira han hemenka lan egiteari utzi gabe, bai estudioan (Urtzi Izaren ezinbesteko laguntza tarte) etengabe material berria argitaratzeko prest, eta baita zuzenezko boteretsu eta alai horren medioz. Bai, Gaztea lehiaketa ere irabazi zuten, baina hori guztia kontzertuetan frogatu dute, jo ta su. Izan ere, Rockein lehiaketako sariari esker grabatu dute El Tigre estudioan azken lan hau. Sei abesti, haien estiloa geroz eta gehiago egonkortuz eta elementu berriak gehituz, baina oinarria ahaztu gabe: dantza, esperimentazio eta bizkaierazko hitz surrealistak. Lea Artibaiko Flight of the Concords moskeatu batzuk bezala, kapitalera bidaian eta historioak, komeriak, pasadisuak zein bizigarritasuna banatu nahiean.
Jon Aguirrezabalagak ezin hobeto ulertu ditu bi buru txoro eta kreatibodunen sentsibilidade, soinu estetika eta feelingak, eta grabazioa esperimentatzekoa eta dibertigarria ematen du entzunaldien bidez. Jangitz baterijolearen kolaborazioa ere izan dute, bateri eta erritmoetan freskotasuna ekarriz, eta ahotsak inoiz baino gehiago landu dituzte efektuz jantziz. Elementuz gainezka (geruzak, soinu efektuak, sampleak, ahots jolasak, erritmo kiribiltsuak…) baina sendo eta simplea du soinua "Hiru ate"k, osotasunean bikain funtzionatzen duena, baina egoera animiko ezberdinetara eraman ahal dena.
Gainera, guztia diseinu dotoreaz lagundu dute, eta baita Gabi Aparicioren maskara bitxiekin egin duten argazki sortarekin "lyric video" txukunak argitaratu dituzte, bizkaiera-gaztelera-italiera-edozein hizkuntzatan karaoke plantak egiteko edo "Yo pepsikola tu vino“ abesten ere ikusi ditugu batzuk, ea ba orain "Tu fai cipolla sull vino“ Google translaten argitzeko garaia iritsi da! Txantxak alde batera utzita, iruditeri eta hizkuntz baliabide propioak ditu taldeak, barneko hitz jokoetaz haratago, irri bai baina gogoeta askotarako ematen dutenak. Orain arteko lan helduena sinatu du bikote lekitxarrak, eta espero dugu duten inspirazio egoerak luze iraun dezala, zuzenean bezain ondo disfrutatzen da aurikularren barrena eta!
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.