Abangoardiako kantautore estiloan agertu zen bere bakarkako bidean Sertx (aurreko diskoan Serge) eta bide horretan pauso bat aurrera egin du oraingoan "Kantu Madarikatuak" diskoaren I eta II edizioekin. Bi ekoizle, bi estudio eta bi estilotan kokatzen delako bere unibertso berri hau. Ying-a eta yang-a. Diskoetako bat aurrekoari jarraipena ematen diona da eta, bestea, konplexutasun (nolabait esatearren) gehiago duen lana, beteagoa, pop unibertsora askoz ere gehiago gerturatzen dena.
Lehendabiziko diskoa, azalean hondo zuri baten gainean lore beltza duenean, Eñaut Gaztañaga izan da ekoizle paperean aritu dena. Bost abestietan argitasuna eta goxotasuna izan dira protagonista, koltxoi asko duten abesti atmosferikoak eta ahotsek presentzia asko dutena. Gaiei erreparatuz badirudi bolada txar bat pasa eta itxaropentsu eta argi bila dagoen norbaiten iruditeria landu duela Sertxek. ‘Gau goiz arratsalde’ kantuan halako galera baten aurrean dementziaren bat pairatzen ari denaren kontuak, ‘Hondakinez eraiki’ abestian bakardadearen onarpena izan eta hortik atera nahi duenarena, ametsetan bada ere berriz elkartuko direnen itxaropenetik ‘Heldu da infinitoa’ etorri da, itxuraz aitatasunak jota ‘Ezinean’ sortu du eta ‘Inork utzi ez duen hutsunea’ kantuan jendez inguratuta bada ere barrutik hutsik sentitzen denaren kontuak aipatu dituela dirudi. Gai gogorrentzat musika argitsua, beraz.
Bigarrena, berriz, hondo beltz baten gainean lore zuria ageri den diskoa da, Josu Monterorekin landua. Ekoizpenez beste mundu batetara eramaten gaitu lan honek, ez da folk introspektibo horretatik abiatzen, ez kantautore klasikoaren mundutik. Beno, edo bai, baina ekoizpena askoz ere pop mundukoagoa da. Hau ere barrura begira egindako kontuetatik badabil ere, unibertsalagoak diren mezuak dituela esan daiteke. Negar egitea ondo dagoela baina irribarre egin behar dela, nahi dena egiteko eskubidea aldarrikatzen da, soinean pertsona orok daraman motxilaz hitz egiten da… Soka, sintetizadore, gitarra indartsu eta abarrekin (kontuz ‘Erantzun baten zain’ kantuan dagoen ‘Show must go on’ momentuarekin).
Sorpresa atsegina izan da aldaketa hau eta orain zuzenekoetara nola eramaten duen ikustea falta da. Ziur denon gozagarri izango dela.
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.