Musikari laguntzen dion tresna moduan ulertu ohi dugu irudia. Galbeteren unibertso zabal bezain oparoan, ordea, protagonismo bertsua dute. Ahotsa, inprobisazioa eta imajinak uztartuz lan artisau ederrak oparitu dizkigu. Azkeneko hau ez da salbuespena. Bizitzari begietara begiratu —edo beiratu— dio lan eder honetan. Beiratu objektu bati beira itxura ematea ere bada, ordea. Hitz joko honek ederki laburbiltzen du diskoa: Mundu hauskor hau ulertu ahal izateko begiratzeko modu bat. Musikak duen sendamen ahalmena ere agerian uzten dute “Gaitzerdi” bezalako abesti ederrek.
Leuntasuna, maitasuna, samurtasuna, sentiberatasuna, sentikortasuna eta hauskortasuna bezalako adjektiboak datozkit burura abesti sorta hauek entzuten ditudan bitartean. Aurreko lanen esperimentazio kutsua alboratuz, bere diskorik poperoena eskaini digu. Hamabi kantuetan zehar, hainbat instrumentu entzun badaitezke ere, ahotsa da protagonista erabatekoa. Bera da melodia nagusia daramana lan osoan zehar.
Aipatzekoa “Ura” abestiaren bideoklipa bera ere, Galbeteren filosofia alderdi artistiko guztiei merezi duten garrantzia ematea baita. Horregatik, argazki bilduma ederra da disko hau. Barnera begiratzen duten uneko argazkiak dira, barrutik kanpora begiratzeko modu zaurgarri bezain indartsuak.
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.