Lur Hezea Reworks
DiscosOrbel

Lur Hezea Reworks

7 / 10
Mikel Izarra — 19-10-2023
Empresa — Usopop Diskak & Medication Time Records
Género — Electrónica

Zaila egiten zait Orbelen azken lanari buruz berba egitea, baina taldeak argitaratzen duen guztiak bezala osorik irentsi nau. Erakargarria da. Nahi ta ez diot. Ez bakarrik ariketak duen arriskuagatik (disko oso bat goitik behera birnahastu, bere horretan), baizik eta proiektuaren parte hartzaileek eta hauen aukeraketak ematen dion garrantziagatik. Orbelek kontuz eta mimoz ematen ditu pausoak beti, helmuga artistiko argia eta eduki eta forma guztiz jagonez eta horretarako baldintza jakinak sortuz edo itxaronez, industriaren denbora eta abiadurei paratu gabe. Bai musika grabatu eta argitaratzeko eta baita zuzenean jotzeko ere. Bada, oraingoan ere bete dute rework bilduma honekin.

Esan bezala diskoa bere horretan birlandua izan da. Hau da, abesti guztiak daude eta ordena berean. "Orbain irekiak“ worriedaboutsatan handiak egin du. Bai, glitch, techno, rock eta bestelako estiloen nahasketa bitxia fakturatzen duten giriak. Horrelako hasiera batekin, diskoak mamia izango duela argi dago. Eta hala jarraitzen du Drowsek oregondik techno noise "Ufada“ren remixa wetransfer bidez igortzerakoan edo Mondkopfek "Heriozko giltza“ drone bidezko muturrera eramaten duenean, Toulouse conection. Noski, frantzia aldera asko jo dute laguntza bila, eta bertan jaioak dira musika elektronikoa egiten.

Hala, Almeeva eta Lucian Moreauren birekoizpenetan („Irentsi“ eta „Lo“, hurrenez hurren) dantzarako tartea ere bada, elektronika tribala edota uk garage bidez. Azken txanpa bukatzeko, hurbilagotara jo dute. El Txef Ak sinatuta doa "Okerra“, baina Aitor Etxebarriak ere ahalko luke. Moldaketarik organikoena lan guztian, espazio handiz landutako perkusioekin, korden sample atmosferikoekin, dena gidatzen duen eskusoinua eta arpegiagailua detaile digital bakartzat. Maisulana. Tom Beaudoinen "Hitzordua“ eta gero, diskoa Lumi hurbileko lagunek bukatzen dute, elektronika zikineraino eramandako "Gau batez“ dantzagarri eta kaotiko batekin, hard technora ere hel daitekeena.

"Lur hezea“ lana berez da arras interesgarria, baina birmoldaketa bilduma honek itzala egin ahalko lioke, batere zentzu txarrean. Ekoizleen aukeraketa paregabeak diskoa bere muturrera eraman du, taldeak jotzen ez dituen estilo askotara helduz eta aberastuz, ahotsen bidez originalekiko errespetua gordez beti. Usopop Diskak eta Medication Time Recordsek elkarlanean argitaratzen dituzte Orbelen lanak. Eta hauek etxean patxadaz ondo gozatzeko eginak dira. Beraz, tira denda digitalera eta erosi gustoko formatuan, musikariek bakarrik ez, zure belarriek eskertuko dutelako! Hitzak jartzea zaila egiten denean, entzutea delako geratzen zaigun gauza bakarra.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.