Zerrautsa
DiscosOlaia Inziarte

Zerrautsa

8 / 10
Jaione Dagdrømmer — 21-02-2025
Empresa — Panda Artist
Género — Pop

Esango nuke, musikaren zeregin nagusia, horren bakarrik sentitu ez gaitezen, lagun egitea dela. Disko honek bete-betean lortzen du asmo hori. Musika eta introspekzioaren balantza delikatuan, Olaia Inziartek, giza sentimendu ezberdinak, norberaren egiak, abesti bilakatu ditu. Ezinezkoa da, lanak helarazten duen zintzotasun gordinaren aurrean, identifikatua ez sentitzea. Erritmo garaikideak, dudak, rantxerak, zauriak eta euskal kantu herrikoiak nahastuz, hastapeneko lanean hasi zuen barne bilaketan sakondu du.

Lehen pistatik entzulea harrapatzen duen disko horietakoa da. Spoken word teknika erabiliz, diskoaren izen bereko pistan, ahoan bilorik gabeko narratiba eskaintzen digu, zaurgarritasuna indarraren sinonimo bilakatzen duena. Momentu delikatu eta bareagoak ere agertzen dira ibili hadi argi eta eman abisua bezalako kantu ederretan. Diskoko momentu esperimentalena "tilin-talan" abestian topatuko dugu. Bertan, kanpai-hotsak eta Malen Erviti neskatoaren ahots gaztea fusionatzen dira, xalotasuna eta nostalgia bor-borka dituen kantuan. Lehengo "Lepotikan Burua" lanarekin zubi lanak egiten dituen pieza da. Alta, nostalgiak goia zenbat okupatzen du? abestiarekin jotzen du. Oskorri talde mitikoko Natxo de Feliperen ahotsa aurkituko dugu bertan, Inziartek, bere sutraietara egiten duen bisitan. Harrigarria da, artistak, bere erreferentzia propioak eta erritmo herrikoiak txertatuz bide berriak jorratzeko duen ahalmena, tradizioa gure garai berrietara egokitzeko duen trebetasun hunkigarria.

Ingelesezko izenburua duen "never be like her" ezustekoa izan da. Bai, momentu batzuetan ingelesez entzungo dugu nafarra, baina hizkuntza masibo hau modu ironikoan erabiltzen du. Izan ere, kezka eta ezinegon asko kanporatzen dituen lana bada ere, edonon aurkitu litezke umore printzak, artistak bere burua serioegi hartu nahiko ez balu legez. Soinuari dagokionez, bigarren lan honetan ere, erritmo organiko eta elektronikoak, gitarra distortsionatuak eta sintentizadoreak, naturaltasunez topatzen dira. Bere ahotsa ere, maiz, instrumentu bat gehiago bilakatzen da, batzuetan eztiago besteetan indartsuago abestuz. Han-hemenka, gustuko onez txertatutako detailez apainduak daude kantuak, entzulea, aditze bakoitzean aurkitzen joango dena. Diskoko azken ezustekoa "ematen du" kantuarekin dator, inprobisazio bat baita. Bertan, Inziarteren emozioak, sekula baino gordinago agertzen dira, ia haragi bizitan, gutxitan aurki liteken zintzotasuna duen lanari, merezi duen amaiera emanez.

Olaia Inziartek emozioak ia ukigarria den materia bilakatu ditu, zerrautsetatik bizitza erauziko balu legez. Ez da lan erosoa, nahita, baina norbere barnera begiratzeko ausardia duenak hauskortasunaren eta sendotasunaren arteko dantza ederra topatuko du bertan.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.