Odei Barroso bertsolari eta raperoa bueltan da 20180an 2zio taldearekin “Orain eta hemen” hirugarren lana kaleratu zuenetik. Bakarkako proiektu honen azaleratzea hitzaren azti honen heldutasun artistikoa dakar. Kolaboraziorik gabe, diskoko hitz guztiak idazteaz gain, ekoizle lanetan ere ibili da Barroso. Alimia Prod. izenpean, Jo Olascuagarekin batera konposatu ditu diskoaren oinarri guztiak, unibertso sonoro gaurkotu eta garaikidea sortuz.
Trap edo drilletik hurbil egon daitezke konposaketak: biolin eta melodia klasikoak, bombo eta baxu gordin eta boteretsuak, tiro hotsak… Eta baita letren metrikak, 2012an Chicagon sortu zen drilletik hurbil. Bertan, gazteek traparen autotune koloretsu eta ironikoa “mafia style” bihurtu zuten: ez autotune ez kamisetarik, baizik eta lapurtzeko buruberoki eta eskularruak. Baina Odeik soinu estetikatik haratago, ez du mutil txarraren itxurarik egin behar. Bere errima sutsu eta oldarkorrek egingo dute beragatik.
Zuzenak, kritikatzaileak, hausnarketa bultzatzekoak, gordinak, argiak dira Odeiren hitzak. Atentzioa jarri behar zaien horietakoak. Bertso mundutik etorriak, baina musikara bikainki moldatuak eta gaurkotasuna dariela. Hor egon daiteke nire ustez euskeraz argitaratu den disko hoberenetariko honen zailtasun bakarra: letrak ez dira txantxa. Interpelatzen zaituzte, “Periferiak” magistralean bezala. Biluzten zaituzte, “Jaso eman” abestian musikak berarentzako duen garrantzia partekatuta. Zalantza sartzen dizute, “Zer nahi genuen” kritikan bezala edo “Zinez” rap eszenari errepasoan.
Eszenatokiz eszenatoki ibili da aurtengo udan Odei, Itzaletan Sua DJa eta ohiko koristak bizkarrak zaintzen dituelarik. Kasu, beti autogestioaren bidetik. Ez duelako behar bira potolo bat, ezta promozio faltsurik, ezta maltsurrarena egin drogak saltzen dituela esanez, ezta ere beef inozorik jaramon egin diezaioten. Hitzak ditu Odeik, eta erabiltzen trebea da. Ez du behar gehiagorik gurean argitaratu den euskal rap lanik gomutagarriena sortzeko.
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.