Ba al dago tristura edo mina baino gai unibertsalagorik? Poza, agian. Baina, pozik gaudenean, uneaz gozatu ohi dugu, bizitzaz disfrutatu. Tristurak, berriz, barne gogoetara garama, barruan dugun korapilo hori nolabait askatzera. Barrenak hustuta arimari arnas ematera.
Hain zuzen ere, hori da niren “Hemen ez dago zorionik” lanaren muina. Lehen estrofatik uzten du argi norabidea Xabi Agirrek: “Gaur kantatu nahi dut barruan dodan miña, miña, miña. Esplikatzen be zaila dan miña, miña, miña, miña”. Eta norbaitek oraindik zalantzarik balu, errepara diezaiola abesti bakoitzaren izenburuari: “Miña”, “Agur”, “Bakarrik”, “Busti” eta “Normalidadearen prozesua”. Atsekagabea, bost ekitalditan.
Xabi Agirrek bakarka argitaratu duen hirugarren lana da “Hemen ez dago zorionik”. idle? izenpean “... in peace” argitaratu zuen 2012an, ingelesez abestuta. Bost urte geroago sortu zuen “izarrak”, ni izenarekin egindako lehen lana, euskaraz.
Bakarkako proiektua bai, baina konplize ugari izan ditu bidelagun Agirrek: Jon Barkin, Harkaitz Baztarrika, Oriol Flores, Jon Horna, Israel Santamaria eta Gartxot Unsain. Mungiako Abadetxe estudioan grabatu dute lana, eta grabaketa bera, nahasketak eta produkzioa Xabi Agirreren esku egon da. Salbuespen batekin, Zumaiako San Jose komentuan jaso dituzte ahotsa eta gitarra akustikoaren soinua. Masterizazioari dagokionez, Vacuum Mastering estudiora jo dute.
Minimalismotik abiatuta, zinez lan pertsonala sortu du nik. Ausarta bezain zintzoa. Eta, ziurrenik, musikatik haratago nabari zaion zintzotasun horrek egiten du berezi “Hemen ez dago zorionik”. Identifikatuta sentituko da entzule bat baino gehiago; pertsonala dena unibertsala delako sarri. Eta konturatzerako diskoaren lilurapean egongo da; lehen entzunalditik, bigarrenera; bigarrenetik, hamaikagarrenera.
Minimalismoa aipatzean zertaz ari garen ulertzeko, baliagarria da promo orrian aipatzen dituzten erreferentziak: David Sylvian, Jason Molinaren “Ghost Tropic” (Songs: Ohia izenarekin argitaratu zuen lanetako bat) eta Arvo Pärten “erlijio-minimalismoa”. Ondo aukeratutako adibideak dira. Ez dira bakarrak, baina. Entzule bakoitzak lotuko du lan hau kuttuna duen beste batekin. Adibidez, Rauelssonek eta Peter Broderickek 2010en argitaratu zuten “Réplica” eder hura etorri zait burura behin baino gehiagotan; eta baita Nick Draken Pink Moon mitiko hark zuen malenkonia.
Eta, kasu, ez beza entzuleak gaizki ulertu “minimalismo” kontzeptua. Ez da “gauza” gutxi daudela, osagai bakoitza tentuz neurtuta dagoela baizik. Ez da kapak eta kapak osatzea osatzeagatik, ñabardura bakoitzaren lekua topatzea baizik. Gozagarria da musika tresnak apurka gehituz, abestia hazi egiten denean. In crescendo-a, baina leuna. Horregatik, gomendioa: ahal izanez gero, hartu aurikular on batzuk “Hemen ez dago zorionik” entzuteko, eta egin ezazu ariketa desordutan, gauez, munduaren eguneroko zurrunbiloa gelditu, eta sentimenduen barne iraultza hasten den une horretan.
Lehen ekitaldia: “Miña”. Zauriaren aitortza. Arestian aipatutako esaldia errepikatzen du behin eta berriro Xabi Agirrek: sentitzen duen minaren inguruan kantatu nahi digula, sentimendu hori esplikatzea bera zaila egiten bazaio ere. Soilik ahotsa entzungo dugu lehen minutuan, silabak herreskan eramaten dituena. Arnas-hartze bakoitzako entzungo dugu. Arnastu, askatu. Laguntzaile gisa sartuko da instrumentazioa minutua betetzear denean, inongo protagonismorik hartu gabe, errepikatzen jarraitzen duen bi esaldien kulunkatzaile.
Txorien txorrotxioarekin amaitzen da lehen abestia, eta txio horiekin hasi bigarren ekitaldia: “Agur”. Minari kantatu arren, argirik badago lehen kantuan, eta giroa are argitsuagoa da bigarren abestian. Leun hasiko da berriro, bi elementurekin: txoriak eta gitarra. “Urte zailari” kantatuko dio, eta negu giroan murgilduko gaitu hitzetan; mendi tontor elurtuak, kafe bero bat mantapean eta mina ahazteko ilunpeak. Abestian argia sartzeko leihoa irekitzen duen arte. Hazi egiten den abestietako bat baita “Agur”. Gitarra, ahots eta txori zenari, koruak, bateria eta beste gehitzen dizkio, doinu indieagoetan sakontzen. Hasi bezala, txorien txioekin amaitzen da abestia, mina bihotzetik atera eta urrutira eramateko metafora?
Hirugarren ekitaldia: “Bakarrik”. Aurreko kantuaren giro argitsuari helduta hasten da abestia, eta ez da kasualitatea. Ekitaldi batetik bestera heltzeko urratsez urrats joan behar da. Ez da lasterbiderik, terapia batean bezala. “Bakarrik” sentitzeko, “Agur” esan behar diozu “Miña”ri aurrena. Ezin da “Miña”tik “Bakarrik”-era jauzi egin, diskoaren osotasunaren helburua guztiz ulertu nahi baduzu. Bakardadeari abesten dio nik, “bilatu gabeko” bakardade horri. “Inor ez da etorri”, “ez dakit zer egin”, “sekula ez naz egon holako egoeran ni”. Badakienak, badaki.
Laugarren ekitaldia: “Busti”. Edo zauria barneratzea. “Helduleku bila ibili, baina haizea soilik aurkitzen duzun une horiei” buruzkoa da abestia, Xabi Agirreren hitzetan. Hau da diskoko abestietan luzeena, ia sei minutukoa. Suabe ekiten dio berriro: ahotsa, akorde solte batzuk, eta biolin zertzelada txiki batzuekin. Hirugarren minutuan, baina, isiltasun une bat iristen da, aurreko kantuan bezala. Baina “Bakarrik”-en imintzio bat zena, arrakala da oraingoan. Bi zatitan banatzen du abestia: hasierako sotiltasunetik osotasunera. Bat gehi bat ez delako beti bi; izan daiteke osotasuna. Diskoaren une gorenetakoa izan daiteke abesti honen bigarren zatia, eta Agirrek berak aldatzen du erregistroa abestean, sumin apur bat ateratzen du lehenengo aldiz: “Eduki genuen maitasun hori non ostia dabil? Haizerik ez badabil”. Katarsi txiki bat, eta hasperen batean amaitu.
Azken ekitaldia: “Normalidadearen prozesua”. Aldizkari honetan estreinatutako abestiarekin amaitzen da “Hemen ez dago zorionik”. Lehen min horri bidea ireki zion hausturak eragindako muturreko larrialdiaz ari da ni orain. Eta sentimendu horrek eragiten duenetik. Inpotentzia. Laino beltzek estaltzen dituzte aurreko abestietan nabaritutako argi printzak, eta berriro, elementu bakoitza tentu handiz aukeratuta dago. Zergatik, bestela, kanpaikadekin hasi abestia? Bosgarren ekitaldi honetan amaiera zoriontsu bat espero zuena ez da oraindik jabetu diskoaren izenburuaren spoiler-arekin. Hemen ez dago zorionik. Zorioneko bakarrak, entzuleak.
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.