Akorduan gaude zintzilik
DiscosNi

Akorduan gaude zintzilik

8 / 10
Jaione Dagdrømmer — 27-01-2025
Empresa — Abadetxe
Género — Ambient

Xabi Agirrek egiten duen musika ez da erraza hitzetan jartzea. Musikarekiko pasioa eta zintzotasuna dira bere ibilbidean konstante mantentzen direnak. Hori kenduta, argi utzi digu, diskoz disko, bide berriak jorratu eta esperimentatzea zainetan daramala. Lan hau irekitzen duen abestiko lehen esalditik entzuleari abisua botatzen dio: “Ez dot bide bat bakarrik hartu gura”.

Diskoa osatzen duten zortzi piezek paisaia arras ezberdinak marrazten dituzte. Aurreko laneko kutsu akustikoa alboratu gabe orkesta eta zaratak erantsi dizkio; paradoxikoki, isiltasunaren mugatetik gehiegi ez urruntzeko. Esango nuke, Xabi Agirrek, Nils Frahm handia izan duela erreferente nagusi klasikoa eta modernoa, minimalismoa eta emozioak, uztartzerako garaian. Nabari da abesti bakoitzari behar duen denbora eskaini diola. Leun samurtasunez, eta ongi doitutako iluntasun ukituarekin, pixkanaka hazten doan abestia da, emozioek eztanda egiteraino. Bidean abestia, berriz, bere aurreko lana (Hemen ez dago zorionik, 2021) gehien gogorarazten duena da. Modu akustikoan, gitarra soil batekin hasten da, pop melodia ederrari pixkanaka instrumentazio gehiago txertatu eta diskoko momenturik argitsuena oparituz.

Bere bakarako Ni proiektuarekin entzuteko baino sentitzeko musika sortu du, beste behin Agirrek. Dena den, buruan zuen hori eraikitzeko lagunak batu zaizkio oraingo honetan ere: Damian Peña musikariak orkesta moldaketa eta pianoak sartu ditu eta Javier Roldon arduratu da masterizazioaz. Hiruren artean musikaren eta isiltasunaren arteko elkarrizketa hunkigarria eraiki dute. Letrei dagokienez, modu poetikoan, duda existentzialak mahaigaineratzen ditu, ez ditzagun bizitzaren gora-beherak ahaztu, ez eta artea horiek zelaitzeko tresna dela. Iluntasuna argiztatzen duen musika eraiki du bizkaitarrak.

Zerutiarrak diruditen pasarteak entzutean, denbora izoztu egiten dela dirudi. Geldi-geldirik, datorrenari adi geratu naiz ni behintzat. Helmugarik gabeko bidaia da honakoa, musika horrelako pasioz bizitzen duenarentzat, bidea bera; sortzea, kanporatzea, baita garrantzitsuena. Hori bai, diskoak helarazten duen melankolia guztia, xehetasunik galdu gabe atxiki nahi baduzu, egin kasu Agirrek bere Bandcamp-etik luzatzen digun gomendioari: “Kaskoak jarri eta bere osotasunean entzun”.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.