Epelkeriaren kontrako batailan ez dago arnasik hartzeko tarterik. Hori da, behintzat, Nakar-en azken lana entzun ondoren dugun sentsazioa. Agitprop lan baten itxura du sei abestiz osatutako EP labur honek, sute bat "edo hainbat" pizteko artefaktu bat ematen baitu.
Lehen abestia manifestu bat da, horrelako lan batean ezin luke beste modu batera izan. Hortik aurrera mezu zuzenak eta erritmo itsaskorrak aurkituko ditugu. Erreferentziak ere, hainbat: Bell Hooks, Mark Fisher, Buenaventura Durruti, etab. Oinarri ideologikoak argi utzi dituzte, epelkeriaren kontrako lagun horiekin guztiekin. Hitzetan mezuak zuzenagoak dira eta eguneroko bizitzaren argi-ilunek ez dute tarte handirik. Musikalki, aldaketa bat nabari da aurreko lan luzearekin alderatuta. Urgentzia, amorrua eta erretzeko pultsioa nabari dira erritmoetan.
Urgentziak, baina, ñabardurak eta geruzak ere erre ditu; aurreko lanarekin alderatuz gero, behintzat. Agian ez da xamurtasunerako unea, hau erradikala ez bada. Honek ez du esan nahi sei sute hauetaz gozatzerik ez dagoenik, sute bat beti begira geratzeko gauza ederra baita; dantzan jartzen bagaitu, are gehiago.
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.