Irabaziak eta galerak
DiscosMuzak

Irabaziak eta galerak

8 / 10
Iker Gurrutxaga Zubimendi — 13-02-2023
Empresa — Autoekoizpena
Género — Rock

“Irabaziak eta galerak”. Behetik gora datorren abestia eta EP homonimoari izena ematen dion titulua. Hasieratik irabaziak gehiago izango direla galerak baino nahiko argi ikusi daiteke. Post ukituak dituena eta metalaren esentzia ere bai. Ahots melodikoek beste norabait eramaten gaituzte, ordea. Badu nolabait ere Foo Fightersen ukitua, ezagunagoak eta geureagoak zaizkigun gitarra soinuekin. Bateriaren erritmikak gogoko dituenak, maitemindu egingo du Muzak taldeak, hori ziur. Dinamika asko eta aldaketa asko Ruben Irigoyenen esku-hanketatik abiatuta.

Atzetik datoreren ‘Lugorrian’ abestian kolaborazio bat irudikatzeko eskatuko bagenuke, izen bat etorriko litzaiguke segituan burura, baina Unai Irisarrik bikain bete du rol hori. Etxekalte taldeko abeslariak bere ahotsa maisuki erabiltzen du egiten duen guztian, eta hemen ere ezin zuen gutxiago izan. Gainera, beren taldeak ere edaten du Muzaken eraginetatik, eta eszenako espazio berean koka genitzake bi taldeak. Interesgarria litzateke biak elkarrekin oholtza partekatzen ikustea.. Abesti honek badu beste euskal undergroundeko talde puska baten soinutik ere, Adrenalized ekartzen du gogora. Behin eskatzen hasita, hiru taldeek osatutako kartel bat sekulakoa litzateke.

’Denbora’ kantuan power-pop delakoan hasten dugu bidea eta esan dezakegu hau dela diskoko abestirik normatiboena egitura, erritmo eta melodiari dagokionez. Dena dela, Joanes Iñurrietaren gitarrak eta Aitor Sagarmendiren baxuak abesti guztian egiten duten lana aipatzekoa da. Ez dago zelofanik, ez dago su artifizialik, konstantzia, lana eta lana, hori du abestiak. Oso beteta dagoen abestia. Bidenabar, aipatu akaso hemen topa dezakegula dioten Muse taldearen eragina, izan ere baxuaren marrazkiek Christopher Wolstenholmek egiten dituenak ekartzen ditu gogora. Aipatu, Pau Dones ere izan dutela gogoan, «bizitza lau egin dira eta hiru pasatu direla» gogorarazteko gainerakooi ere.

’Darwin’ azkar batekin ixten dute diskoa. Punk-rock edota hardcore melodikoaren bueltan dagoen kantua. Kaliforniara edo Lekunberrira, zuek hautatu nora nahiago duzuen bidaiatu, Offspring edota Berri Txarrak, edota zergatik ez, uneren batean Papa Roach bera ere ekartzen ditu burura. Baita ekialdeko kostako Limp Bizkit ere zati txikiren batean. Hype gehiegi sortzen ari naizela pentsatuko du testu hau irakurtzen ari den edonork, baina ez, zin dagizuet ezetz. Lau kantak sortzen duten emozioa, nostalgia eta ematen duten energia dosia sekulakoak direlako. Muzak taldeari denbora eskaintzean dena irabaziak dira, ez dago galerarik.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.