Montauk Max Frisch idazle suitzarraren nobela baten izenburua da eta, aldi berean, Ramon Saizarbitoriaren "Martutene" eleberrian aipatzen da. Arrazoi ezberdinengatik 2016. urtean protagonista izan dugu idazle donostiarra eta, kasualitatea (ala ez), urte berberean kaleratu du talde gasteiztarrak “Bilaketan” estreinaldiko diska. Azkarateko Katarain eta Mamia estudioetan grabatua, 2016ko martxoa eta apirila bitartean nahastu eta masterizatu zuten Jonan Ordorikaren eskutik.
“Saguzarrek ez dute xurgatuko zure odola” diote “Aldaketa” abesti leun eta atmosferikoan. Eta bide batez, euren kartak mahai gainean ipintzen dituzte: intentsitatea, emozioa eta norabide guztietara, espermatozoideen antzera, ziztu bizian doazten sentimenduak. 9 abesti hauetan pop gordina lantzen dute ("Existitu dira"), egitura bihurgunetsua duten rock eraikin konplexuak (“Doktrina”, “Bitartean”) altxatzen dituzte eta, orohar, bihotzak eztanda egin baino segundu batzuk lehenago harrapatu nahi dute entzulea ("Nahiz eta ez jakin", "Ezintasuna"). Amodioa, min handia eta big-bang emozionala. Gehiegitxo, agian.
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.