Lou Topet-Harkaitz Cano tandem-ak sortutako "Pete Seeger Gogoan" EP berria, aurreko disko-liburuaren ("Abesti bat Gutxiago", 2015) epilogotzat jo daiteke, gurera ekarritako amerikar klasikoen bertsiogintzari dagokionez. Lehendabiziko disko-liburu hartan Tom Hiatt, Billy Bragg, Will Oldham, Tweedy, Wilco eta Pete Seeger beraren abestien egokitzapenak egin zituzten eta bertsiogintzaren inguruan hausnarketa egin, manual literario informal baten bidez, Harkaitz Cano idazleak berak hala definituta. Horregatik, bertsioetaz baino kanten moldaketaz edota egokitzapenetaz hitz egin beharko genuke, oraingoan honetan ere. Beste norbaitena den espazioa zureganatzearekin alderatu zuten lan hura. Eta hala gertatu da Pete Seegerren abestiak bersortzerakoan ere.
Pete Seeger (New York, 1919-2014) folk kantariak ez du behar aurkezpenik: aktibista ezkertiarra, AEBetako gizartearen aurpegi ez hain ezaguna islatzen zuen bere kantetan, langileria eta bere egunerokoari abestuz, askotan bere banjoaren laguntza soilarekin. AEBetako Johnny Cash, Bob Dylan edota Bruce Springsteen abeslariek euren erreferentetzat jo izan dute Seeger eta, Euskal Herrian asko izan dira folk abeslariren bertsioak egin dituzten kantariek, Ruper Ordorika, Gari ala Benito Lertxundi adibidez.
Lou Topet-ek Seegerren abestiak moldatu ditu disko berrian, batzuk ezagunak (Lur Hau zurea, Norekin hago? edota Loreak non dira? kasuan) eta beste batzuk pieza bitxiak (Gabon Aillin) dira. Lou Topet taldeak berezko sonoritatea eman die abestioi, folk-etik gertu dauden abestiak gaurkotuz baina pop kutsuko musika talde lanean murgilduta baita.
Bai musika taldeak zein idazleak euren ekarpena egin diote klasiko honi. ”Klasiko batek kontatzen duena inoiz ez da agortzen eta hori gertatzen da Seegerren abestiekin. Kantu baten mezua sotila eta sinplea izan behar da, mila aldiz entzutekoa baita baina, era berean, misterioa egon behar du abestiak denboran iraun dezan. Hori da kantuaren funtsa eta hala gertatu zaigu Seegerrekin ere” esan du Harkaitz Canok. “Seegerren garaiak idealistagoak eta ingenuagoak ziren eta gaur eguneko garaietatik begiratuta, hitzok naif kutsua izan dezakete. Nola egokitu Seeger hain zinikoa den gaur eguneko garaietara? Letra baikorrak dira eta balore oso familiarrak trasmititzen dituzte. Beste garai bateko usaina dute. Hori izan da erronketako bat egokitzapena egiterakoan”.
Oier Aranzabal Lou Topeten abeslariak ere moldaketa azaltzeko zera esan du: “Tom Waitsek esaten du abesti batean hamar abesti desberdinak daudela eta musikariaren lana dela hoietako bat topatzea eta bertan sartzea, publikoari emateko, Bertsio bat egitea hain justu hori da, sortzaile originalak libre utzi dituen beste bederatzietatik bat aukeratzea. Abestiak egiterakoan hautuak egiten baitira, bai konposatzerakoan, bai entseguetan baita, zuzenean jotzerakoan ere. Beste norbaitena den espazioa okupatzearekin alderatzen dugu bertsio bat egitea, alokairuzko etxe batean sartzea bezala, beste norbaitek utzitakoa zureganatzea. Batzuetan paretetako pintura aldatzen duzu, bestetan kuadroak kendu, akaso sartu eta berehala zureganatuko duzu. Abestiokin hori egin dugu, zein aldaketa zein hautu egin behar genituen, Houdini egiten zuenaren kontra, eskapatu beharrean abestian sartu”.
Seegerren hamalau abesti moldatu dituzte "Eutsiko diogu Pete! The Seeger Basque Sessions" kontzerturako eta hoietatik bost bildu dituzte EP berrian. Nolabait Arriaga Antzokian aurreko martxoaren 26an egin zen kontzerturako egindako lana jasotzeko. Oier Aranzabal (ahotsa, kitarra akustikoa eta armonika), Rafa Rueda (kitarra elektrikoa eta ahotsa), Joseba Irazoki (banjoa), Joserra Senperena (hammonda eta teklatua), Oihan Larrañaga (baxua) eta, Ander Zulaika (bateria) musikariek osatzen dute taldea. Aurreko otsailean grabatu zuten eskuz egindako 300 ale izango dituen EP berezi hau, Martxel Arkarazo ekoizlearen eskutik Andoaingo Garate estudioan.
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.