Andoni Ugalde gitarra joleak urtetan landutako proiektua dugu Lotura, riffetatik habiaratuta eta gitarra pisu handiarekin. Iker Aginaga abeslariarekin bat egin du, letrei eta ahotsari garrantzi handia gehituz. Eta gutxitan bada ere nabaritzen da nondik datorren: “Berriro” nu metal kutsu handian adibidez. Aginagak bikainki abesten du, eta diskoaren produkzioa itzela da, Aitor Abioren eskutan.
Elektronika kutsua gehitu dio Abiok proiektuari, gehienetan koltxoi bezala erabilita. Introtik somatzen da Aitorren eskua: elektronika zaindu, garaikide eta dotorearekin hasten da lana. Segituan, singlea: “Zaunka”. Ahots erregistro ezberdinak, lepoa hausteko riffa…txuri beltzeko bideoarekin lagundu dute, diskoaren aurrerapen gisa. Horixe izan daiteke lanaren koxka: erregistro sorta handia, 90. hamarkadako kitarrak eta rocka helduleku bakarra.
Zortzi abestiz osatutako lehen lan honetan, Loturakoek ez dute ezer asmatu, baina maisuki jorratzen dute estiloa eta soinua aspaldi entzundako hoberena da. Stonerra, hardrocka...eta zenbait rap errimentzako lekua ere badago. Riffak estatikoak dira berez estiloan, baina Loturak badaki detaile txikien bidez abestiak erritmikoki aberasten. Melodiak ere ezustean heltzen dira: “Zenbat aukera” korteko bikoiztutako ahotsak kasu.
Badauka lan honek disko borobil horietako egitura berezia, gutxika hasi eta goi-goian bukatzen dena (“Izan” instrumentalarekin, kasu honetan). Eta hor goitik, kitarra soka apurtu eta baketen basamortua osorik ikusten da: rockaren basamortua.
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.