Beldurrak Marrazten
DiscosLaukatu

Beldurrak Marrazten

7 / 10
Iker Gurrutxaga — 17-02-2021
Empresa — Autoekoizpena
Género — Rock

Hard rockak Euskal Herrian erreferente bat galdu zuen 2005ean Akelarrek agur esan zuenean. Bada, 2021ean LauKatu taldeak bere lehen lana aurkeztu duen honetan, Beldurrak marrazten, euskaraz estilo horretan mugitu daitekeen talde baten agerpena gertatu dela esan dezakegu. Sentimendutik idatzitako kantuak dira eta bihotzaren erdi-erdira iristea da haien asmo garbia. Erritmo lasaiak, gitarra indartsuak, oinarri sendoa eta ahotsari garrantzia eman diete LauKatukoek, horri guztiari emozioz betetako letrak jarriaz.

Taldekideek pop musikaren eragina aipatzen dute, baina Gatibu, The Clash edota nu metalaren zantzuak ere nabariak dira bere doinuetan. Hartara, guztia nahastuta, normala da hard rockaren bueltan ibiltzea. "Galdutako unea" balada hunkigarriarekin aurkeztu zuten lan berria, eta horregatik izango da ziurrenik Akelarre bera burura etortzea. Izan ere, nork ez du dantza egin haien musikarekin? Bada, LauKatukoekin antzerako zerbait gerta daiteke, baldin eta zorterik izaten badute. Eta merezi dute. Bost urtez ibili dira diskoa mimoz prestatzen eta emaitza benetan txukuna geratu zaie. Ea laster zuzenekoetara salto egiteko moduan diren eta ez diren lau katu joaten. Berriz diot, aukera hori merezi dute. Eta gazteak izan arren, eta gazte ikusi arren, publiko oso zabalak behar luke haien kontzertuetan.

Gaua estudioan grabatu dute diskoa eta estudio lekuz aldatu denetik hauena izan da lehena grabatzen. Eta hein batean nabari da. Soinuekin jolasean ibili direla entzun daiteke abestietan, batez ere gitarraren doinuetan nabaritu daiteke hori. Ahotsa, berriz, kontrakoa dirudien arren, estudioak berez duen erreberberazioarekin dago grabatua. Ez omen dute ahotsa gehiegi tratatu nahi izan eta entzunaldi bat baino gehiago ematerakoan nabaritzen da. Konplexurik gabe utzi dituztelako egon daitezkeen inperfekzio guztiak.

Ausardia eta ilusioa. Bi gauzak uztartu dituzte LauKatu taldeko kideek "Beldurrak marrazten" diskoa egiterakoan. Ausardia, bizi dugun garaiotan eta beste proiektu batzuetan egonda ere lagunartean sortutako talde ‘garajero’ batekin halako apustua egitearren. Eta ilusioa, bost urtez lanean jardun eta gero emoziotik hitz egiten dutelako diskoaren inguruan. Ume jaio berria da haientzat, eta guraso lehenengoz izaten denak bezalaxe, gizartean mimoz aurkezteko nahia dute LauKatukoek.

Zortzi abesti dira diskoaren arrosa beltza osatzen duten zortzi petaloak. Hasi eta buka erraz entzuteko horietako lana. Bon Jovi, Guns N’Roses eta enparauak gogoko badituzue, ilehori hau eta haren lagun taldea ere gustatuko zaizkizue, ziur. Estreinako diskoak, gutxienez, etorkizunean etorri daitekeena interesgarria izango dela iradokitzen du. Ea bost urte baino lehen datorren hurrengoa.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.