Eszenak gutxiegi ematen eta eszenari asko ematen dion talde horietako bat da Kuartz. Oihan Delavigne eta Ybes Mongaburek osatzen dute bikoa eta rockaren ertz askotara iristen dira, stonerra abiapuntu dutelarik, gitarra, bateria eta efektuak lagun. Tira, eta, disko honetan sinteak batu dira instrumentuetara, Gaztain estudioan izan direla aprobetxatuz. "III" diskoa atera berri dute Bonberenea Ekintzak zigiluarekin, disko borobila ohikoa dutenez.
‘Alta’ singleak irekitzen du diskoa. Bizirik sentitzeko beharraz hitz egiten digu mezu potentea duen kantua eta riff batek duen garrantzia agerian uzten duena. Sinteak hor agertzen dira lehendabizikoz, aldaketa nabarmena ematen die beren musikari. Itsasontzi bat hondoratzen ari den bitartean ezer gertatuko ez balitz bezala gaudela kontatzen digute ‘Titanicaren sindromea’ abestian, munduan dagoen inakzioa salatzen dute eta arrazoi faltarik ere ez dutela esan behar dugu. Hitz batek ematen digu ordea atentzioa, ‘akabantza’ hitzak, eta, agidanez, Ipar Euskal Herrian aldaketa klimatikoaren ondorioz mundua bukatzera doanerako erabiltzen dute akabantza. Akabo mundua, beraz, esnatzen ez baldin bagara. Ama-lurrarekin lotura duen beste abestia da ‘Harribeltzeko erregina’ abestia. Kondaira baten bueltan bada ere, munduaren zaindari izan daitekeen izaki mistiko batez ari dira. Black metalaren ukitua hartzen du uneren batean, orain artean hau ere ez genuen ikusi Kuartzen musikan, nahiz eta koroen konponketara mugatzen den.
Intentsitatea batzuetan, stonerraren pisua besteetan edota sekulako flowa duen ‘Odolak su gabe diraki’ bezalako kantuak topa ditzakegu. ‘Diraki’, aditz trinkoa izanik akaso kantua ere halakoxea espero behar zen, baina soinu oso berezia atera diote kantuari Eñaut Gaztañaga lagun dutela. Segidan melodikotasuna eta espazioa hartzen duen ‘Omenaldi xuria’ dator, berriz ere kontrastean eta hortik frenetiko samarra den ‘Fomo’ abestia dator. Dena orain, dena azkar, ezer ezin galdu… hitzek aipatzen duten FOMO sindromeak sortzen duen itotasuna bilatu dute kantuarekin ezbairik gabe, eta baita lortu ere.
Eta, diskoa ixteko, kantu oso garbia, akustikoa ere entzun daitekeena. Amorrua eta mina ateratzeko beti ez baita deskarga elektriko bat behar. Baina zuzenekoetan, izerdia ateratzeko prest joan beharko dugu Kuartz taldearengana. Dagoeneko hasi dira aurkezpen emanaldiekin. Ea lan honek merezitako oihartzuna izaten duen eta Euskal Herriko txoko guztietara iristen den.
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.