Zalaparta handiegirik sortu gabe diskotik diskora lan kontzeptual zinez interesgarriak eskaintzen dituen taldea da Kerobia. "Poliorkêtês" da horietan berriena eta hamaika kantu ditu eta hamaika logelatan sortutako hamaika istorio barnebiltzen ditu. Hamaika edo 11, hori argituko du Xabi Bandinik, ez baitituzte urte eta erdi alferrik eman lanean. Bandiniren beraren ipuin batetik abiatu eta Lorentzo Recordseko estudioan forma emandako abestiak grabatzera pasa dira denbora tarte honetan.
Demetrio I. Mazedoniakoak ‘hiri konkistatzailea’ definitzeko erabili zuen poliorkêtês hitza, eta hortik etxe setiatu batetarainoko bidaia luzatu digu Xabi Bandinik Kerobiaren disko berri honetan. Kantu bakoitzak etxeko estantzia bateko zerbait kontatzen digu eta lehendabizikoa ‘Hauts azpian hekatonbe bat’ kantuan kontatu. Munduaren amaiera izan daitekeenaren aurreko unea kontatzen ari zaigula dirudi hemen Kerobia. Entzuten dugun soinua ezaguna egiten zaigu, beren zigilua nabarmena dela esan baitaiteke, nahiz eta beti buelta bat ematen dioten. Instrumentazioan, perkusioan topatu dugu guztietan bitxiena, ‘Ez du minik emango’ abestian, ping-pong pilota bat entzuten dugulako, eta halako jolas txiki ugari gordetzen ditu diskoak.
«Maiatza» aipatzen du ‘Urtu arte’ kantuan, beren diskografian maiz aipatu izan duten hilabetea, esperantzari abesten eta errezitatzen dion kantuan. Bai, ze uneren batean, spoken wordera ere ematen du salto Bandinik. Esperantza eta zalantza, ‘Zalantza eta egia’ ez da disko honetako kantua baina bide horretatik doa ‘Zer du egiatik…?’ abestia bera ere. Oso kantu garbia eta, halako batean, tuba baten hotsa ere entzun daitekeena.
Diskoari titulua ematen dion ‘Poliorkêtês’ aurkitzen dugu erdian. Badu protesta kantuaren itxura, edo hori da iradokitzen didana, baina batez ere badu komunitatearen aldarrikapena eta hori bada Kerobiak beren bide guztian defendatu duen ideia bat: «izango gara, izan bedi». Tituluekin badirudi poesa moduko bat osatu duela Bandinik, baina esan zigun ezetz, saiatu arren ez zegoela halakorik azkenean, baina izenburu luzeei tokia gorde die lanean. ‘Nekagarriegia da gorrotatzea (eta heroien kontrako saio holistiko bat doan)’, horren adibide. Harreman baten bukaeran errua onartu eta lasai geratzearen inguruko gogoeta bat.
‘Dantzan zaude olatu artean’ zentzu askotan ulertu daitekeen kantua da, baina migrazioaren aferari heldu nahi izan diote, gerrarenari heldu dioten bezalaxe ‘Dantzan zaude eztanda artean’ abestian. Egunero munduan pairatzen diren bi drama, nahiz eta maiz urrunegi ikusten ditugun eta ezer gutxi egin horren aurrean. Lehendabizikoan abestia hustuz eta betez doa, olatuen sentsazio hori musikatu dute, eta, bigarrenean, Gorka Armendarizen ahotsa ere entzun daiteke, energia berezia duen kantuan. Bien zubi lanak egiten ditu ‘Minutu bat samurtasun hari bati heltzeko’ kantuak, akordeoi apurtu batekin jota dagoela dirudien abestia, goxoa bezain malenkoniatsua.
‘Hemen egotea gustatzen zait’ kantuan agertzen da Kerobiaren beste elementu klasiko bat, «lailailai» abesteko unea. Yan Tiersen ekartzen digute gogora gisa honetako kantek, eta hori beti interesgarria dela uste dut. Bukatzeko, ‘Zaindu ezazu etxea lo nagoen bitartean’ abestia dator, elkar zaintzeaz hitz egiten duen kantua, dena itzaltzen badoa ere guztiz itzal ez dadin arduratzeaz hitz egiten duen kantua. Diskoa ixteko tentsio dezente duen kantua, lehertzera iristen ez den kantua. Hautu berezia.
Diskoa biniloan eskuratu daiteke, Maite Gurrutxagak egindako artelan dotore eta guzti. Eta, egiari zor, biniloaren testurak eskuetan koadro bat dugunaren sentsazioa ematen du. Merezi du ezbairik gabe ale bat etxean izateak. Horrez gainera, kontzertuak ere laster hasiko dira eta maiatzaren 17an izango da lehena, Donostiako Antzoki Zaharrean. Ea hura nola setiatzen duten.
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.