Jokin Pinatxoren ahots harrigarri eta berezia bada ere lan honetako protagonista; honen inguruan eraikitzen diren melodia hunkigarriek ere, merezi dute aipamena. Bigarren lan honetan eboluzio esanguratsua atzematen da, Janus Lester euskal musikaren eszenan finkatuz.
Lehen lana baino pausatuagoa da honako hau, baina baita aurrekoa baino aberastasun musikal handiagokoa ere. Bederatzi abestietan zehar musika beltzaren erritmoak entzun litekeze, folklorea, popa eta elektronika ahaztu gabe. Aniztasun musikal hau erresilentzia, norbere buruaren hazkuntza eta garai ilunak bizitzaren zati direla onartzearen beharra bezalako gaiak jorratzeko erabiltzen ditu.
Iluntasuna gizakiok loratzeko behar dugun ongarria bailitzan, Pinatxok bere barneko gatazkak kantagarriak diren ereserki baikor bilakatu ditu. Horren adibide bikaina da "Minutuak" abesti itsaskorra. Bertan, erabakiak garaiz hartzeaz hausnartzen du. Baina, baliteke, diskoko momentu gorenenetako bat "Nola hartu arnasa" kantuan egotea. Pinatxoren ahotsari Izarorena gehituz, muturreko zirrarak eragiten ditu.
Dena den, bat aukeratu behar banu "Etxean litzateke". Lehen entzunalditik memorian iltzatuta gelditzen zaizun kantu horietakoa da. Pinatxoren ahots moldagarria Neomak taldekoen irrintziekin nahasten da, unerik erlaxatu bezain festazaleena oparituz. Ez da harrigarria, ordea, "Lore" kantua izatea diskoari izena ematen diona; Pinatxoren bigarren lana ederki laburbiltzen baitu: barnerakoia da, baina hain berea duen epika galdu gabe.
Artista nafarrarentzat kantuak ezinegon eta minak kanporatzeko tresna dira. Kantu on bat abestiak dioen bezala “zer egin dezake kantu on batek?” Diskoa entzuten duenak argi izango du erantzuna. Artea gutako askorentzat sendagai bat da eta Janus Lesterrek heldutasun artistiko ikaragarria duen lan terapeutikoa oparitu digu.
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.