Gozamena aurkitzeko zeharkatzen dugu desertua. Hori da gure egunerokoa. Dopamina dosiak hare koskorrak bezala desegiten dira gure eskuetan. Zaila egiten da, oso, beste zerbait irudikatzea, mundu berrien desira gugan badago ere. Ezereza garai hauetan, gure ibilera gogogabea da askotan, malenkoniatsua eta tristea. Mark Fisherrek etorkizunaren ezeztatze geldiari buruz hitz egin zuen, errealismo kapitalistak gure bizitzaren bazter guztietan gailendu eta denborarekin bukatu zuela adierazi zuen. Horrek etsipen, antsietate eta depresio uholde bat ekarri du. Atsekabetuta bizi bagara ere, ezinezkoa dena gauzatzearekin amesten dugu gauero.
Malenkonia eta desira. Sentimendu horiek, eta gehiago, sortzen dira J. Martina hirukotearen sintetizadoreen gainean eraikitako pop kutsuko musika entzutean. Beraien abestiek min ematen dute, erraietan sentitu daiteken mina. Aldi berean, errealitatea arrakalatu eta iheserako bideak aurkitzera bultzatzen gaituzte. Bi urte daramatzate abestiak argitaratzen eta indarrez beteriko zuzenekoak eskeintzen. Orain, urte berriarekin batera, beraien lehen EP-a argitaratu dute eta sei abestiak banan-banan aurkeztu dituzte. Lan bat da, eta ez single bilduma bat, abestiek osotasun bat sortzen dutelako, bai musikalki, bai kontzeptualki. Sahatsa Jauregi artistarekin batera gauzatu dute proiektua. Honek iruditeria sortu du eta hirukoetak musika, abesti bakoitzarekin ekoiztu duten bideoetan uztartu dutena. Lehen ikustaldi batean emaitzak arrotza eman badezake ere, disonantzia horrek ondo baino hobeto isladatzen du J Martinaren unibertsoa.
Kaleratutako sei abestietatik lehena “Gazte baten ametsak” da. Galdera ugari planteatzen ditu diskoaren abestirik poperoenak, aurreko lanekin jarraikortasun handiena duenak. Errepikatzen den leloak -baten batek Camela-rekin alderatu duena- bizi bulkada bat da, ezbeharren eta oztopoen aurrean itxaropen aldarri bat, galduta gaudenean ere zutik mantentzeko.
“Bihar” abestia nostalgia eta itxaropenaren artean mugitzen da. Hasierako kitarra akordeek motel garamatzate aurrera, esnatzearen beharra duen hiri mortutik zehar. Ibilera geldoa izan daiteke, baina erne gaude, inolaz ere zain, kale kantoi ilunetan piztu daiteken distiraren bila. Errealiatearen handitasuna “Kondena” bat izan daiteke. Patua idatzita dagoela pentsatu dezakegu, iheserako biderik ez dagoela. Baina bada momentu bat zeinetan abestiak beste dimenstio bat hartzen duen, ahotsek beste nonbaitera garamatzate eta ihesbidea existitzen dela sinisten dugu. “Dolu Gabe” pilula bat da, abesti labur baina indar handikoa. Gutxirekin, artifizio handirik gabe baina dotorezia handiarekin, bizitzaren zama eta bekatuen pisua irudikatzeko gai izan dira.
Abesti guztien artean “Amore” mingarriena egin zait. Desagertu den mundu bat habitatzen dugu eta onartu ezinean gaude. Ametsak hil dira eta eskuetatik ihes egiten digun hondarra baino ez da geratzen. Egindako guztiak zerbaitetarako balio izan duen galdetzen diogu buruari, amore eman dugun, merezi izan duen, berriz amesteko gai izango garen.
Lanari “Ez daukat ezer” abestiarekin ematen zaio bukaera. Ahotsetan euskal folk-aren zantzuak nabaritzen dira. Doinuetan, ordea, andaluziarrarena. Une batzuetan Sevillako Triana taldea gogora datorkit. Abestia Ibil Bedi talde iruindarrarekin batera grabatu dute, elkarlanean, etsipen eta hiltasun garaiei soilik komunitatearen babesarekin aurre egin ahal zaielako.
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.