Orube
DiscosIzaki Gardenak

Orube

8 / 10
Jaione Dagdrømmer — 01-12-2024
Empresa — Alde ilunA
Género — Pop-Folk

Abestiak orube huts batean eraiki balituzte bezala, sekula baino biluziago itzuli da Izaki Gardenak taldea. Hustasuna inspirazio eta galderak ongarri, loreak eta barazkiak bailiran, kantuak landatu dituzte entzulearen belarrietan. Poliki, tentuz eta eder hazten dira hauek entzunaldi bakoitzean, gure barneko iluntasunaz elikatuz.

“Dena aldatu da, guztiak berdin jarraitzeko” diote Zauriei miazka kantuan. Diskoaren deskribapen izugarri laburra izan liteke esaldia; baina ez da erabat zuzena. Gasteizko taldearen soinuan, abestien egituretan… ezer gutxi aldatu dela irudi lezake, baina galdera berriak dakartzate. Euren musika barneak askatzeko tresna da, desinformazio eta itxurakeriaren garaian. Eta hori bada berritzailea, kasik iraultzailea.

Gainera, diskoari izena ematen dion abestiko soinuan ere aldaketa nahia erakutsi dute, doinu idorragoa eskainiz. Zinez eskertzen da ausardia eta berritasun gogoa. Funtsean, ordea, oinarria bere horretan mantendu dute, melodia indartsu eta aldi berean zaurgarriekin, gure ezinegon guztiak azaleratzen dituen lana osatuz. Barnea hustuta eta bihotza gehiagoren eske uzten dute diskoa da. Behin eta berriz, hasieratik bukaerara abestea merezi duten kantuak dira.

Guztia, inongo bortxarik gabe agertzen da gainera, natural-natural: batzuetan ilunago, jorratzen diren gaien sakontasunagatik, besteetan argitsuago, pop melodien egiturengatik. Kontraste horiek jada taldearen berme-zigilua dira.

Izan ere, besteen espektatibetatik aske sentitzeko adinako musika ibilbidea duten artistak dira guztiak. Kalitatea erruz dago doinu dotore eta letra bikainetan. Hunkitzeko abilezia sekula baino handiagoa da eta taldearen abesti sorta berriak entzun ahal izatea, pribilegio hutsa.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.