Aske
DiscosHilotz

Aske

8 / 10
Urko Ansa — 14-10-2020
Empresa — Maldito records
Género — Metal

Bortxakeria, bultzada geldiezina eta soinu boteretsua: horra hor lasartearren lan berriaren ezaugarri batzuk. Abesti luze eta garapen instrumentalez josia, hirukote bihurtu zen taldearen lan berrian badago abesti motzago eta zuzenagoentzako lekua ere. Europa iparraldeko Metalik oldarkorrena edota San Frantziskoko Thrash Metalaren eragina nabari daitekeen arren, diskoa oso-osorik entzun behar da estilo propioa lantzeko egin duten pausua antzemateko. Ondorengo lerroetan aztertu eta azalduko dugu zergatik emango duen hainbeste zeresan 11 pieza dauzkan eta ia ordubete irauten duen lan kontzeptual borobil honek. Zuekin, Mikel Yarza (baxua eta hotsa), Etxahun Urkizu (atabalak) eta Pablo Cabasesek (gitarra) argitaratu berri duten diskoa.

Esan liteke, oraingoan bai, azkenik taldeak bilatzen zuen soinua topatu duela. Legen Beltza taldeko Ekaitz Garmendia izan dute alboan berriz ere, eta aurrekoan bezala Karrantzako Blackstorm estudioak zapaldu dituzten arren, oraingoan oso osorik grabatu dute diskoa aipatu estudioetan. Ekoizleak oraingoan aurreko diskoan baino presentzia gehiago izan du atal horretan. “Giza ankerkeria” diskoan gitarra ere sartu zuen zatiren batean, baina oraingoan soinuan bakarrik zentratu da. Mikel Yarza: “urteen poderioz, harremana estutu dugu Ekaitzekin. Hilotzen bilakaeraren lekuko ez ezik erantzule ere izan da hein handi batean. ‘Giza Ankerkeria’ diskoan nahasketa eta masterizazio lanak egin zituen eta horrek sekulako indarra eta garbitasuna eman zion diskoari. Orain ekoizpen prozesu guztia bere eskuetan utzi dugu, hainbat arrazoiren ondorioz. Batetik, soinu organikoaren aldeko filosofia partekatzen dugu, egungo ekoizpen prozesatuetatik aldentzeko nahia. Bestetik, Ekaitz musikari bikaina da, esperientzia handia du estudioan eta horrek eragin handia izan du abestietan”.

Lehen abestitik, grabazioaren indarrak eta kemenak atentzioa ematen du. “Aske” hasiera aproposa da: Introa dauka, abiadura zitala, progresio instrumentalak, ahots erasokorra... eta 8 minututik gora irauten du. Energia txuteak “Pertsona, terrorista”rekin jarraitzen du, baina “Sinisten dut” eta “Auhen” hilgarriak eta hiltzaileak dira. Abiada ezberdineko intentsitateak sentitu ditzakegu nonahi, eta guztiaren gainetik, detailerik txikiena milimetrora zainduta dagoenaren sentsazioa eta soinu garbi, indartsu eta monumentala.

“Hiltegira bidean”en gitarra soinuak txunditzen du, ondorengo abiadura zitalak bortxatzen eta “Izua su”ren aldaketak harritzen. Azken honetan, aurrekoetan ez bezala, errepikak presentzia handia du; zuzen-zuzena eta berezia da. Gainera, entzuten diren neska ahotsak -Izaskun Forcada (2-Kate) eta Natalia Garmendia (Humus)- badaukate zer edo zer berezia eta gordina. Disko osoan zati instrumentalak nagusi diren arren, ahotsak bere lekua hartzen duenean aski erasokor eta zitala da; brutala.

“Zurrunbiloa”k ere badu sorpresarik, erritmo aldaketa baino azelerazio espaziala baitaikagu zain. Errepikan bereziki nabarmentzen den beste pieza bat. Buruan geratzen den horietakoa, bortitza, gitarra soinu dotorekoa, eta berriro ere garapen instrumental mozkorgarriak dauzkana. Ahotsak muturreko sentsazioak sortzen jarraitzen du, eta entzulea zuzeneko emanaldietaz gozatzeko irrikan jartzen. Ezaugarri hauek abesti motzago eta zuzenago batera ekarri eta errepika borobilago eta exekuzio zoragarriago bat nahi duenarentzat egina dago “Ezin du”. “Diktadore zintzoa”k gitarra melodia interesgarria erakusten du, atabal kolpe zehatzak eta klasikoen zaporea. Bateriaren boterea sentitzeko bereziki interesgarria dugu “Betirako atsedena”. Intro luzea kenduz gero, lepora zuzenen doana dudarik gabe, eta gupida gutxi eskaintzen duena.

“Agur” eta bere bideoklipa aurresku-metala da. Kuriositate bat, disko borobil baten itxiera eta batez ere bideoklipagatik eta bi kulturak nahasteko ekimenagatik gogoratzeko modukoa. Disko kontzeptuala da berriz ere; aurreko diskoan (“Giza ankerkeria”, 2016) landutako tematika alde batera utzi gabe, oraingoan askatasun kontzeptuan zentratu dira. Musikal zein kontzeptualki pausu handia eman dute lan honekin. Askatasun kontzeptua aski zabala da egia esan, eta zapalduen ikuspuntutik abiatzea ebidentea den arren, kate horiek apurtu nahi dituzte eta gainera ikuspuntu ezberdinetatik heldu diote kontuari: Migratzaileak, emakumeak, animaliak, adikzioak dituzten pertsonak, gaitasun ezberdinak dituztenak… Mikel: “'Giza Ankerkeria' diskoan erabat aske bizi zen izakia izan genuen abiapuntu, natura atzean utzi eta zibilizaziora egiten duen bidea, gure gizarteko okerren inguruan gogoeta egiteko. Oraingo honetan alderantziko bidea jorratu dugu, kateaturik bizi diren norbanakoen larruazalean jarri gara eta euren askatasun nahia esploratu. Ahalegin horretan dabiltzanen lekuan jarri gara, hamaika abestitan, hamaika istorio indibidual osatzeko. Zentzu horretan, disko itxaropentsuagoa da 'Aske'. Itotzen gaituen askatasun falta baino, azpimarratu nahi izan duguna honakoa da: noizbait lortuko dugu aske izatea”.

Orobat, disko garaile baten aurrean gaude. Xabier Sagastaren portada eta art-work liluragarriak borobilduta, alde guztietatik ondo zaindutako lana baita, xehetasun guztiak mimoz landuta dauzkan diskotzar borobila. Maldito Records diskoetxearekin argitaratu izanak zabalpen aukerak biderkatzeko esperantzak pizten ditu. Seinale bat delakoan gaude.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.