Ohartu
DiscosHabi

Ohartu

8 / 10
Iker Gurrutxaga Zubimendi — 20-12-2023
Empresa — Elkar
Género — Rock

Unibertso berri bat eraiki duela esan daiteke Habi taldeak “Ohartu” disko berriarekin. Hamar kantu dituen diskoa da, Elkar estudioan eta Victor Sanchezekin grabatu. Osagaiak betikoak, Jon Ander Artolaren erritmika bereziak eta Yerai Gasconen gitarra eta ahots dotoreak. Baina, oraingoan, beste unibertso bat osatu dutela esan daiteke, ohiko habiz harago.

Lehen notetatik epikotasuna dario diskoari, metal mundua besrkatuz hasten baita ‘Oskol’ abestia. Animalia bat jaiotzean bere oskola utzi eta bizitzari aurre egitera doaneko irudia sortzen digun kantua. Baina kolpera jaiotza baten umeltasunetik basamortuko lehorrera igarotzen gara ‘Zama’ abestian. Erritmo biziagoa du, ahotsak sekulako kontrastea sortzen du, baina lehorra da, bularrean maiz sentitzen dugun zama hori bezalakoa.

‘Oinatzak’ eta ‘Lilura’ abestietan Jon Ander Artolaren lana balioan jarri beharrekoa da. Disko askoz ere gitarreroagoa den honetan, edota gitarrak beste trataera izan duen honetan behintzat, erritmikarekin jostari aritu baita Artola, abestiak asko betetzeko trebezia izan du, eta hori ez da nolanahiko lana bi baino ez direnean taldea osatzen dutenak.

‘Berde’ abestiak balada kutsua du, Nagore Arin izan dute kolaboratzen, harenak baitira kantuan aipatzen diren begi berdeak. Baina kantuaren pausa ohiko Habiren estetikak apurtzen du, eta apurketa horrekin jarraitzen dute aurrera ‘Zapatak’ eta ‘Orbela’ kantuetan. Bi intro oso indartsu eta dotore, nahiz eta bi mundu zeharo desberdinetakoak izan. Lehenak badu Habiren izaera, kolpe lapurketak eta halakoak, eta, bigarrenak, hardcore kutsu nabarmena du, Euskal Herrian 90etan hain ezagunak egin ziren talde askoren eragina eta abiadura baitu.

Azken hiru kantetan, ordea, bestelako kontuak datoz. Bossa-nova, metala eta emo musika nahasten dituen ‘Gertu’, 2019an lokalean agertu eta egun Yerairekin bizi den katuari idatzitako abestia; perkusio elektronikoa eta ukitu futurista duen ‘Galtzen’ kantua, atmosfera berezia duena; eta progresio berezia duen abestirik luzeena, ‘Ohartu’, diskoari izena ematen diona.

Hirugarren disko batek duen sendotasuna du Habiren lanak eta zuzenean ikusteko aukera ugari izango dira, Euskal Herriko hainbat areto esanguratsutan, Cala Vento, Etxekalte, Liher edota Sara Zozaya lagun dituztela. Ez galdu aukera diskoa zuzenean entzuteko.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.