Ahanzturatik berreskuratu du -GAILU Mikel Abregok. Hogei urte lozorroan izan duen proiektuari hautsa kendu, eta abesti berriak sortu ditu. Taldea berreskuratu, edo berrasmatu. Edo biak. “Begiak, egia ba ote?” ez delako 2002ko “Kutxa beltza”-ren jarraipen zuzena, baina ezta ere horrekiko haustura garbia. Bada, baina ez da.
Hasi zen Mikel lagunarekin, Drakerekin, entsegu lokalean jolasean, inprobisatzen, baxuarekin riff bat, bateriarekin erritmo bat. Eta iritsi zen pandemia, eta etxean gotortzea. Batzuk ogia egiten ari ginen bitartean, Mikel Abregok azkenaldian erabili gabe zituen sintetizadoreak hartu, eta entsegu lokaleko ideia horiek garatzen hasi zen. Listo bizkarrezurra, baina falta zen azken osagaia: hitzak, ahotsa. Norengana jo? Norengana ba, Eneko/Okene Abregorengana. Galdetzea ere. Betikoak elkarrekin, beste behin ere. Pintza, Drake eta Okene. Mikelek berak aitortu du elkarrizketetan, “Aitzakia berriro elkartzea izan da”. Eta hori da, funtsean, “Begiak, egia ba ote?”: hirurak, elkarrekin, maite duten horretan, musikari izatea.
Diskoaren kritika idazterakoan, ezin da ukatu BAP!!, Inoren Ero Ni eta beste aipatzeko tentazioa dagoenik, eta horri buruz luze jardutekoa. Baina, 1) errazkeria litzateke hori. Eta, 2) izango da horiek era naturalagoan aipatzeko aukerarik. Izan ere, “Begiak, egia ba ote?” ez da nostalgiatik eta atzera begira egindako disko bat. Ezta gutxiago ere. Edaten du, baina, hirurek sortu izan dituzten doinuetatik, nolabait.
Disko anitza da -GAILUren bigarren lana. Mamitsua. Hain daude doinu asko, hainbeste sample, erreferentzia, keinu, ezinezkoa dela horiek guztiak lerrootara ekartzea. Entzulearen esku ariketa eder hori. Bi mailako entzunaldia ahalbidetzen baitu “Begiak, egia ba ote?”-k. Lehena, azalekoena, play sakatu eta hasi eta buka pasiboki entzutekoa. Eta bigarrengo bat, aktiboagoa, belarria uneoro erne izateko horietakoa. Bigarren entzunaldi mota hori eskatzen du diskoak une askotan, ia ariketa fisikoa izateraino. Badaude azken abestia entzun bezain pronto lan osoa berriro entzuteko gogoa ematen duten diskoak, behin eta berriro. “Begiak, egia ba ote?” ez da horietako bat. Atsedena eskatzen du, entzundakoa digeritzea lehenik, eta orduan bai, bigarren eta hirugarren plateraren bila abiatzea erreproduzitzailean.
Hamabi abestiko lana da “Begiak, egia ba ote?”, 40 minutukoa. Andoaingo Garate estudioetan ondu dute, Martxel Arkarazoren laguntzarekin, eta Bidehutsen argitaratu. Konplize artean. Esan bezala, askotariko doinuak entzungo ditu entzuleak: rock-a, elektronika, drum’n’bass, jungle, hardcore, musika industriala, spoken word... Gaur egun hain bogan dagoen urban edo kaleko-musikatik gertu batzuetan, baina kasu -GAILU horrela definitzearekin. Urban ez, rural baitira (fijatu bestela “Kalez kale” eta “Baserritar bati entzun ondoren” abestietan), eta horregatik, promozio orrirako aukeratu duten etiketa aparta: rural elektro-hardcore. Pitchforkdarrek ere gustura asmatuko zutena. Erreferentziak? Saldoa. Bai atzokoak (Beastie Boys, Tom Waits...) zein gaurkoak (Sleaford Mods, Carail 44...). Baina, erreferentziak, erreferentzia, funts-funtsean, Mikel, Drake eta Okene dira.
Lehenik abestien bizkarrezurra osatu eta gero hitzak txertatu arren, azken emaitzan ez da nabari hori. Okeneren kantatzeko, iradokitzeko, errezitatzeko duen indarrak eta berezko magnetismoak pisu handia hartzen du, baxuak, bateriak eta sanplerrek adina. Beste musika tresna bat balitz bezala tratatu dute, entzungo dugu vocoderrarekin, autonearekin, ahotsa bikoiztuta, ezker belarrian batean, eskuinean bestean... Hitzak ere taxuz aukeratu dituzte, erritmo eta abesti bakoitzera egokituta. Izan ere, erreferentziak ez daude soilik doinuetan. Gertura jo dute batzuetan (Itziar Lamuedra Calo, Ernani Txikia, Xabier Montoia...); Atlantikoaren bestaldera, bestetan, Hego Konoko poeten iluntasun-gordintasun horren bila, Alejandra Pizarniken eta Roberto Bolañoren hitzak moldatuta.
Harrigarria da “Baserritar bati entzun ondoren” kantuaren hitzek duten gaurkotasuna, nahiz eta 1988ko “Gaziak eta Gozoak” liburuan argitaratu zuen bertso sorta Ernani Txikiak; “Down by the Law” filmaren eszena onenetakoa omentzen dute “Lege Zamapean”-en “I scream, you scream, we all scream, for ice-cream” sanpleatuta; David Bowieren “Space Oddity”ren lur kontrola eta Mayor Tom ditu “Azken bidaia”-k (Xabier Montoiak 1986ko azaroan idatzitakoa); Rudolph Wurlitzerren “Zebulon” eleberriko pasarteak ezin hobeto egokitzen dira “Ekhi Dantza” abestiko doinuetara...
“Kalez kale”rekin hasten da diskoa. Lehenik, baxu gordina; di-da, bateria eta, ondoren, ahotsa. Lehen hogei eta hamar segundo horiek aski dira gainontzeko berrogei minutuak definitzeko. Doinu erritmikoak, nahikoa dantzagarriak, eta hori dena janzteko eta plus bat emateko ahots berezia. Ezinbestean topatuko ditu entzuleak antzekotasunak Inoren Ero Nirekin (batez ere “Horra marrak, karramarro” eta “Zikin, narrats jantzia eta amodioz” abestietan), eta BAP!!en zaleak altxaraziko ditu “Zabaldu Ximorra” hogei eta bost segundoko abestiak. Baina esperimentazioa eta musikarekin jolasteko grina haratago doaz, “Gaua” eta “Esazu” binomio elektronikoan, esaterako. Lehena, iluna, iradokitzaileagoa, eta bigarrena, hedonistagoa, dantzalekuetarako aproposa (Anai Arrebak taldeak gustura sinatuko luke orain urte batzuk).
Hareak behatzetan bezala ihes egin dute kritika honetan beste hainbat eta hainbat erreferentziek. Bai zuzenean sanpleatu dituztenak, bai oinarritzat izan dituztenak, hitzetan... Baina zein ederra den hori. “Begiak, egiak ote?”-ren hamargarren, hogeigarren, enegarren entzunaldiak gauza berriak ekartzen ditu oraindik. Entzun ahala hazi egiten den lan horietakoa baita. Elektronika, rocka eta nahi adina estilo, azpiestilo eta halakok. Funtsean? Baxua, bateria, sinteak eta ahotsa. Funtsean? Mikel, Drake eta Okene. Bada, eta ez da. Baina, bada.
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.