Nor da norbera?
DiscosEtxekalte

Nor da norbera?

7 / 10
Jaione Dagdrømmer — 10-08-2022
Empresa — Elkar
Género — Rock

Distortsioa melodia itsaskor bat bezain beste gustatzen bazaizu Etxekalte zure erreferentziazko taldea bilakatu liteke, eta euren lehen lan luzea, zure urteko disko kutunenetako bat. Poperako joera duen ahotsa, gitarra zorrotzak eta burua astindu araziko dizuten erritmoak ditu. Melodia gogoangarri hauek “Nor da norbera?” galderari erantzuna bilatzeko profitatu dituzte. Ez dute egiarik bilatzen, ordea, hausnartuz musika sortzea baizik. Hitzak, kasik, soinuarekin jolasteko aitzakia dira. Ez dira horregatik abesti hutsalak, hunkitzen gai dira eta zintzotasuna darie.

Esan nahi duten hori zuzen eta tranparik gabe adierazten dute. Euren erritmo rockeroek Thrice bezalako taldeak gogorarazten dituzte, baina aldi berean euren soinu propioa aurkitzeko saiakerak egin dituztela nabari zaie. Laukotearen nortasuna ederki islatzen du “Eraikitzeko Egon Arren” kantuak. Errepika atsegingarriak, zenbaitetan esperimentazio apur batekin onduak daude eta bien nahasketak helburu bakarra du: musika jotzearen plazeraz gozatu eta aldi berean, entzulea bera ere gozaraztea. Hori bakarrik, hori guztia.

Hasi berriak direnez, oraindik asko dute hobetzeko, noski, eta proposamena ez da guztiz berritzailea. Alabaina, oinarria sendoa da eta kalitatea soberan dute. Beraz, gozatu bermeotarren lan luze honetaz eta ez galdu pista taldeari, hau izan liteke eta, etorriko direnekin alderatuta, euren diskorik “kaskarrena”. Kantu onak soberan dauzkan lana da, eta estiloak estilo, abesti onak beti izango dira abesti onak.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.