Bakardadea, isolamendua bezala, hautatua zein inposatua izan daiteke. Bi egoeretan gure izaera bakartiaren kontzientzia areagotu eta gure mamuekin bizitzera behartuta gaude. Biluzik egiten diogu aurre existentziaren zama astunari. Biluzik ez, baina artifizio handirik gabe egin dio aurre Ianire Aranzabek bere proiektu berriari. Esanezin izenpean eta Oriol Flores bidaide, "Aireratzen" izeneko 7 abestietako lana kaleratu berri du.
Lana barrutik kanpora egindako bidaia baten kronika bezala irakurri daiteke. Lehenengo abestietan mamuekin mintzatu da Ianire, biluzik, gitarraren laguntza soilaz. Koba barruan norberak sortutako itzalei erreparatu eta inor gehiago entzuten egongo ez balitz bezala abestu die bizitzaren zauriak osatu nahian. Baina diskak aurrera egin ahala apatiari gerra deklaratu dio eta inolako mugarik gabe begiratu dio munduari. Begirada txuribeltza kolorez margotuz joan da, instrumentuak eta geruzak gehitu ahala. Amorruz erantzun dio bakardade inposatuari eta bihotz taupaden indarrarekin eraiki du bere bidea. Beldurraren bidegurutzean samurtasunaren eta pasioaren bidea aukeratu du eta hori abestietan nabari da, gora egiten baitute nabarmen.
Amesteari utzi gabe, maitatzeari utzi gabe airea hartu du Esanezinek eta oraindik ikusteko dago zein norabidea izango duen.
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.