Azken batean
Discos / Eraso!

Azken batean

7 / 10
Iker Gurrutxaga Zubimendi — 23-07-2024
Empresa — Autoekoizpena
Género — Rock

Eraso! talde zarauztarrak beren azken lana kaleratu berri du, "Azken batean". Rockaren ertz desberdinetatik barna ibili dira, adinak ematen duen esperimentaziorako lizentzia eta esperientzia nabarmena duen diskoan. Sertx Gonzalez de Txabarriren ahotsa aurreko lanekin alderatuz desberdin entzungo da, koroekin batera atal bokalari garrantzia berezia eman bait diote gipuzkoarrek.

"Oroitzapenak" kantuak zabaltzen du diskoa, kantu nostalgiko samarra itxura batean. Intro indartsu batetik aldaketa poperoago batetara egiten du salto kantuak, egoki aukeratutako lehen singlea eta diskoa irekitzeko kantua, intentzioa ikusten baita. Bigarren singlea izan zen "Ilun hotz heze" kantuak ematen dio segida, desert ukitua duen abestia. Hitzei begiratuz gero, haitzuloaren mitoaren alderantzizko istorioa kontatzen digutela dirudi Eraso!-koek.

Erritmo eta riff jostariekin segitzen du diskoak, "Iraun duen bitartean" kantuaren muina hor baitago, nahiz eta bukaeran sekulako abiadura hartzen duen. Ahotsaren trataeraren zera hori hemen nabaritzen dugu. Trataera, edota Sertxen bi unibertsoak batzea, ez dakigu zehazki zer den, baina zaindua da. Barne gatazka klasiko bat kontatzen digute stoner estilora "Adorea vs zalantzak" abestian, talde zarauztarraren beste edozein diskotan topatu genezakeen abesti horietakoa, nondik datozen argi utziz. "Bidea zen gakoa" esaten digute, berriz, "Gure inperioa"abestian. 1996an jarri zuten martxan proiektua eta askotan garrantzia handirik ematen zaion bideari begira sortu duten kantua da hau.

‘"Biktimak" kantuan pop egitura klasiko bat garatu dute eta horrekin guztiarekin kontrastean topatzen dugu "Inora ez narama" abestia. Egurra alde guztietatik, baina elementu bakoitzari bere espazioa emanaz eta abestutako pasarteei arnas nabarmena eskainiaz. Melodikotasuna duen kantu batekin iritsen gara azken herenera, ‘Hitza apurtu’ bai baita kantu melodiko horietakoa. Minorrak nagusi diren kantuetan halako argi berezia hartzen du "Iraganaren bila" abestiak, maiorretan jotzen baita kantuaren zatia, oroitzapenen munduan murgilduta gauden bitartean. Tempo lasaiao batean dator ‘Betiko delako’. Dena esanda edukitzearen sentsazioaz hitz egiten digute kantuan, hori ona edo txarra den argi utzi gabe.

Haritz Lete izaten dute zuzenekoetan teknikari Eraso! taldekoek, kasik bat gehiago da taldean eta abestu ere abestu du "Ansiolitiko salda" abestian. Beste abiadrua bat duen abestia eta, zergatik ez, Lekterren Cobra taldeak ere sinatuko lukeen horietakoa. Diskoari bukaera epikoa eman diote zarauztarrek. Azkena da, eta hala behar zuen. ‘Hustutako arimak’ izeneko kantua oso betea da, dena utzi dute abestian, hutsik geratu dira nabarmen.

Aurkezpenak udazkenean hasteko asmotan dira eta 2026an emango diote bukaera proiektuari, 30. urteurrena ospatuz. Hamabi abestiz osatutako diskoa dute rockaren maitaleek uda honetan entzun eta, atzetik, azken zuzenekoez gozatzeko. Bide ederra Eraso!-rena.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.