Eire Maia eta Eire Salegik sortutakoa da begi-bistako izena duen proiektu freskagarri hau. Udan Euskal Herria kontzertuz kontzertu zeharkatu ondoren, sei abestiz osatutako euren lehen EPa kaleratu dute. Kantu hauek euren logelan sortuak izan dira, bedroom pop deitutako prozesua jarraituz. Honegatik beharbada, zintzotasun aratza transmititzen du lanak.
Hemen ez dago metafora estetikoentzako lekurik. Mezuak zuzenak dira eta musikak abestiek lortu nahi dutena eskuratzeko gutxieneko hori baino ez du. Zenbaitetan horrek euren aurka jokatzen badu ere, —barietate apur bat gehiago faltan bota dut—, ez dira monotonian erortzera iristen eta entzunaldi berriekin diskoak duen sakontasuna agerian geratzen da.
Sintetizadore eta gitarren bitartez eraiki ditu Salegik elektronika oinarri duten kantuak, batzuetan dantzagarriago, besteetan lasaiago, doinuz eraikitako logela bat sortu dio Maiari, bere letra zintzo eta zorrotzak abesten eroso eta babestuta sentitu dadin.
Askatasuna darie izkina guztietatik. Hain justu, askatasun horrek egiten dun lan hau horren interesgarri. Inongo pretentsiorik gabe, euren barne arrakasta izan dute anbizio bakar. Sortzeko behar hutsetik jaio dira abesti hauek, banan-banan, akorde bakoitzarekin, hitz bakoitzarekin, minak agerian utzi eta zauriak ixteko helburuz.
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.