Iritziak eta sentimenduak
DiscosDon't Save The Queen

Iritziak eta sentimenduak

7 / 10
Urko Ansa — 26-09-2023
Género — Rock

Ez da hau bortxaz hartzen zaituen grabazio horietakoa: aldiz, eta bapatean zure burmuina hartzera doazen konposizio zuzenen ordez, leunki bere unibertsoan sartzen zaituzten hamairu kantu suabe edo, nolabait esateko, itxura batean baketsu dira; hasieran, bederen. Honela, diskoa hasten duten “Lekukoa” eta “Iritziak eta sentimenduak”, adibidez, datorrenaren preludio edo atariko bat bezala ere har genitzake. Haietan ikusiko dugu nola Joseba Manterolak apaltasunez marrazten dituen konposizioak bere ahots atseginarekin. Beltzez taldeko abeslaria izan zela kontuan hartzen badugu, aldaketa nabaria dela konturatuko gara. Gainera, baxua ere jotzen du eta zuzenekoetan biak batera egin behar ditu horretara ohituta ez dagoen arren. Hala eta guztiz ere baxuari, bere sinpletasunean ere, nortasuna ematea lortu du kantu gehienetan.

Gero, nolabait esateko, gozoro sartzen diren melodia horien barruan trinkotasun handiagoa nabaritzen joango gara “Amets bat” kantuaren gitarra eta baxu lodiagoen eraginez. Olatu hori hartu dugularik, “Eta gero” eta “Azkarrena ahulena”k gozamen ia heavya eskainiko digute gitarra eta baxuaren efektuak zein bateriaren sendotasuna direla eta. Gitarrez ari garenez, Ñaño Trichinek noten segida (saturazioa ez dugu esan nahi) oso markatua erabili du kantu askotan, hauei hornitu erakargarria emanez, batetik, eta afinazio grabe horrekin efektu benetan gozagarria erdietsiz, bestetik.

Laster konturatuko gara espero ez genuen dinamika gogotsu batean sartuta gaudela jada, “Azkarrena ahulena”-ren trosta eta “Deabrua nor ote?”-ren abiadura eta melodia direla eta. Azkenean, behe-soinu horien eraginez, trantze rockzale moduko batean sartuko da entzulea; “Jostatu eta galdu” horren adibide garbia dugu. “Oraindik ez” erritmo gozagarrian igerian doa, melodia polit baten gainean surfeatzen. “Ez dut nahi izan” ere doinu atsegin baten jabe da, oraingoan bi ahotsetan egindakoa den arren.

Disko hasiera biguna iruditu zaienentzako egokia da “Eta orain”: gitarra saturatu eta zikina, abiadura, melodia altu xamarra, bateriaren break politak... Eta diskoaren amaiera aldera, “Zenbat aldiz”-en Ñañoren koruak nabarmentzen dira bai honetan zein “Hain hurbil, hain urrun” dotorean. Bi ahotsen arteko joku hori bereziki erakargarria da bi kantuotan. Bigarrenan, gainera, ahots aski altua entzun dezakegu atzean entzuten den koru luzean, eta kantua motza egiten zaigu Ñañok gitarrarekin egiten dituen trikimailuekin liluratuta gaudenez gero.

“Irriz” abestiarekin grinaz amaitzen dute diskoa, Josebaren ahotsa jaun eta jabe dela. Ia 48 minutuko iraupena duen diskoa motza ere egiten da azkenean, gustura entzuten denaren seinale. Blokean jotzen dute, instrumentu guztiak batera grabatuta baleude bezala, nahiz eta ez dakigun grabatzeko teknika hori erabili duten. Arrangoitzeko Haranburua estudioan grabatu dute Iñaki Plaa teknikariarekin; etxetik gertu, alegia. Formatu digitalean bakarrik aurkituko duzu lan hau, momentuz ez baitute fisikoan argitaratzeko asmorik. Orain zuzenekoan estudioko lan berezi hau nola islatuko duten ikustea geratzen zaigu. Ederra izan liteke.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.