Ezer gutxi nekien Ainhice-Mongelos-etik (Behe Nafarroa) datorren laukote honi buruz disko hau iruzkintzea proposatu zidatenean, eta Google-en arakatzen hasteko tentazioari eutsiz, misterioa mantendu eta beste informaziorik gabe entzutea erabaki nuen. Bizpahiru entzunaldien ondoren eta behin interneten partekatzen duten informazioa ezagututa, beraien mesede eta meriturako, misterioak bere hortan dirauela onartu behar dut. Ez baita batere erraza Bilau-ren musika azaltzea eta deszifratzea.
Saiatzekotan, zera esango nuke: Folka badagoela hemen, noski, bai euskaldun kutsukoa baita anglosaxoiarena ere. Folk hori Constellation diskoetxeko taldeak gogorarazten didan intensitateaz josita datorrela batzuetan, Current 93-ren tonu apokaliptikotik zintzotasun liriko goxo eta xarmangarrienera salto egiten duela besteetan...baina, tira, orohar, enigma izaera du Bilau-ren musikak niretzat.
Agian, doinuen konposizioa irregularra esan daiteke eta epika gaindosi txiki batzu badirela han eta hemen. Talde gaztea da eta hobetzeko eta aurreratzeko eremu zabala du oraindik. Baina lilura magikoko une oso berezkoak, oso bitxiak eraikitzeko gai da laukotea, harriduraz betetzen zaituzten eta era ia lotsakor batez hunkitzen zaituzten horietakoak, eta hori ez dago inon ikasi edo kopiatzerik. Azalduezineko inarroste puntu bat eragiteko gaitasuna du talde honek, ezbairik gabe, eta horri eusteko gai baldin badira etorkizun ederra opa diet. Adi ibiliko naiz, ba.
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.