Single arrakastatsuen ostean, lehen disko luzea lantzean fin ibili da Bengo. Aurreiritzi edo espektatibek listoia altu uzten zuten, baina oiartzuarrak ondo baino hobeto erantzun die. Profil lasaia du Bengok raperoen artean, eta parte hartze txikia sareetan, musikari hitz egiten utziz. Eta zelan hitz egiten duen Bengoren musikak! Lan borobila egin du Mon Dvy ekoizlearekin batera. Gaurkotasunezko estilo ezberdin ugari entzun daitezke bertan: trapa, rocka, popa, housea, emoa…
Albuma popero hasten da, lehen pausuak beldurrez emanez “Galduta“ intimoarekin. Bomboa launaka sartu eta kitarra punkpop teenagerrak giroan sartzen laguntzen du. Bengo ez da inoiz eskola zaharreko errimazale estereotipikoa izan, eta abesteko moduak agerian uzten du diskoan izan duen parte hartzea. Mon Dvyrekin egin duen elkarlana, bestelakoa da. Oso ondo uztartu dira bi sortzaileak, abestiei behar dutena emanez, apainduran aurreztu gabe. Hala agertzen dute „Bakarrik“ bezalako bigarren abesti biribilak.
Egitura landu, original eta zirrarazkoak ditu lanak. Buruz sartu da Bengo oraingoan: melodia itsaskorrak, intentsitate dinamikak… eta tronpeta hori, norena ote? „Ez dut beharrik“ sailkaezinean ageri, Kiliki Frexkoren kolaboraziarekin, zeinetan lerro bikainak datozen, delivery eta entonazio trebe eta zoragarriarekin: „tiene cara de mala pero es biende buena, me da un muxu en la mejilla yo le hago la cena, le canto una de Kamela, nunca debi enamorarme prima ta hori dena“. Besterik-gabe.
90etako usaina duen abesti pop borobila, abiadura motelean irudikatzen diren horietakoa. 808ek soinu bikaina dute beste behin ere, eta Bengok „Sayek“ bezalako neologismo originalak baino gehiago dakar: autoafirmazio abesti melankoniatsu eta zintzoa. Pantailak mezuak pilatzen diren garai hauetan, „Mezu bat“ bezalako hit dantzagarriak itxaropena pizten du. Egiten zabiltzan guztia utzi eta dantzarako gogoa ematen duen deep ariketa Denso maisuaren eskuz eta Tattaren ahots zitalaz. Asken hauek Euskal Herriko eszena osasuntsuaren erakusle, merezi duten tokia egiten.
„Hemengatxik“ ereserkiaren lehen notak hasita argi dago gaua heldu dela eta diskoa apurtzera goazela. Gangaren bideoklipa, ondo ekarritako erreferentzia eta metaforak eta, berriz ere: Kiliki. Estudioko aztiaren ospea du Frexkok, eta kantu honetan ere agertzen du belaunaldi honetako konposatzailerik finetarikoa dela. Chickjuarezen ekoizpena dakar honek: gaupaseroa, itsaskorra, lizuna. Artista belaunaldi honek behingoz jarri du ekoizleen lana balorean, eta noski: harribitxiak distiratzen du.
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.