II
DiscosBas(H)Oan

II

9 / 10
Antton Iturbe — 05-11-2023
Empresa — Elkar
Género — Rock Experimental

Javier Corral kazetariak disko honetarako idatzitako testu eder batetan “erritmo ozeanikoak” aipatzen ditu, hots, “muga artistiko eta geografikoak gainditzen dituzten erritmo basati zein goxoak”. Nireak egiten ditut hemen bere hitzak, antzerako bisio zabal, heldu ezin eta ia kosmikoak otu zaizkit soinu ozeano liluragarri honetan murgiltzean. Are gehiago, ozeanoren dimentsio erraldoi horrez gain, fluidoaren barnean flotatzen, aske sentitu naiz eta aske sentitu dut musikaren jarioa, uretik kanpo antzeman ezin diren milaka ñabarduraz betea eta askoz biziagoa. “Bashoan” estreinako diskoan itsasbazterreko arean geratu izan bagina bezala, itsasoaren edertasunari so baina murgiltzera animatu edo ausartu gabe.

Han bezala, Joseba Irazoki, Beñat eta Julen Achiary dira taldearen muina. Baina oraingoan Oihan Oliarj baxujolea elkartu zaie, eta pieza guztien arteko marruskadura guztiak ekiditen dituen lubrikatzaile baten moduan goxatzen ditu doinu guztiak. “Bashoan I” izugarrizkoa izan, baldin bazen ere, ba ziren une batzuk non taldekide bakoitzaren ekarpena bere aldetik, bere jardueran soilik kontzentratuta zirudien. Osagaien batura aritmetiko hutsa. “Bashoan II” honetan, ordea, denak bat egiten du. Han iradokitzen zena guztiz sendotzen da hemen, aintzineko erritmo eta doinu eta free-rock bortizkerien arteko nahasketa paregabe hura (Javier Corralek botatzen dituen Marc Ribot, Black Midi, Tom Waits, Screamin Jay Hawkins edo Verde Prato horiei afrikar tuareg-blues eta Jim O’Rourke-ren ikuspegi poliedrikoa gehituko nizkieke) osagaien batuketa aritmetikoa baino askoz gehiago da. Ia pop sentsualitatez aurkezten zaigun abesti betierekoen bilduma bikaina. Maisulana.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.