Hirugarren lan luzea kaleratu zuen 2021a bukatzerako Baobabs Will Destroy Your Planet talde iruindarrak. Formazioan aldaketa txikiren bat eginda agertu dira, Mirentxu Asin berriz ere bueltan delako taldean, egun boskotea dena, hirukote moduan hasi baziren ere.
Soinu aldetik aldaketa bat egon da Baobabsen musikan. Bide antzekotik doa lan berria ere baina sintetizagailuek presentzia handiagoa dute eta ahotsaren tratamendua oso berezia izan da ‘Arnasa’ disko berri honetan. Diskoaren ekoizpena Paco Locoren eskuetan utzi dute, indiearen munduan egindako lanagatik eta duen esperientzia kontuan izanda hara joateko erabakia hartu zuen taldeak. Soinu aldetik zikinxeagoa da aurreko lanekin alderatuz gero.
Sorkuntza Eneko Reketibate eta Eymard Uberetagoenaren eskutik etortzen da batez ere, hasieratik dauden bi taldekideen eskutik. Etxean ideia bat hartu, garatu eta lokalera eramatea izaten da metodoa, eta bertan lantzen dituzte atmosfera guztiak. Manchesterreko mugimendua eta hango musika estiloari jarraika ibili izan direla kontatu izan du Eymardek, baina ‘Zu ikustean’ kantuan, Liverpool aldera egiten dugu salto, baduelako The Beatles talde mitikoaren ukitua kantuak. Hala ere, ez da arritzekoa, lehen diskoa Abbey Road estudioan grabatu zutelako, ez kasualitatez, The Beatles badelako beren erreferente baizik. Baina oraingo honetan Cadizen izan dira esan dugunez eta Paco Locorengan fede itsua jarrrita, gainera. Erakutsitako lehen nahasketak, ia-ia diskoan entzun daitezkeenak direla esan daiteke. Ukitu minimoak eman dizkie taldekoek teknikari andaluziarrari.
The Smits taldearen eragina sumatzen dugu ‘Era hortan’ abestian. Akaso akordeen sekuentziagatik, minor asko daudelako-edo, baina, taldeak dionez, haien buruan dauden gauzak dira eta akaso beste batzuentzat ez du zentzurik diotenak. Disko orokorrean introspektibo bat dela esan daiteke. Zalantzaren aurrean ihes egiteari, harremanetan ematen diren indar xahueketei, desberdin sentitzeari edota hitza eman eta ez betetzeari abestu diote. ‘Xalbador’ izan zen singlea, egun seinalatuan kaleratu zutena, gainera, azaroaren 7an, Xalbadorren heriotzaren urteurrenarekin batera. Euskaraz eta indiearen bueltan hainbeste urte eramateak, Xalbadorrek bizi izandakoaren sentsazio mingotsak izatera ere eraman baitu taldea, nahiz eta txisturik jaso ez. Baina ez da diskoko omenaldi bakarra izan, ‘Egiaren beldur’ kantuarekin David Beriain kazetaria izan baitute gogoan. Haren hilketaren ostean idatzi zuen Uberetagoenak abestia, haren esanetan benetako kazetaritza egiteagatik isilarazi zutelako Beriain.
Arnasberrituta datoz Baobabs Will Destroy Your Planetekoak eta zuhaitzek guk arnastea posible egiten duten arren, baobabek mundua suntsitu behar omen dute. Aurretik, ordea, azken ‘Arnasa’ batera har dezagun.
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.