Geldi gu eta dena huts
DiscosArgazki Bat Behelainoan

Geldi gu eta dena huts

7 / 10
Iker Gurrutxaga — 26-02-2025
Empresa — Bonberenea Ekintzak
Género — Rock

Argazki bat behelainoan proiektuaren bigarren lanak badu zerbait desberdina. Nabari da lanak argi gehiago duten kantuak gordetzen dituela nahiz eta behelainoaren kontzeptu hori oraindik ere baduten abestiek moduren batean. Aukeratutako singleak aurreko diskoari jarraipena ematen dion arren, jostariago, azkarrago eta freskoago etorri dira gainerakoak, gitarra efektu berriak edota surf ukitua duten doinuak topatzen ditugularik. Hori bai, kantuen akorde eta melodiek badute iluntasunaren ukitu hori.

Intro moduan funtzionatzen duen ‘Lotsarik eza’ abestia da diskoa irekitzeko Arnaitz Artola Arnaizek aukeratu duen abestia. Soinu oso bereziak dituen kantua da, post-rocketik edota ekialde urruneko musikatik edaten duena. Biolentzia puntu bat badu entzuten denak, ez den zerbait ere irudikatzera eraman gaitzakeelarik. Intentzionalitate argia aldaketa erakusteko.

‘Huts’ abestiarekin sistema kapitalistari kritika egiten dio zuzenean Artolak, nahiz eta hitzak Ion Olano Carlosenak izan sortzez, eta ‘Geldi gu eta dena huts’ izenburua abesti honetatik datorrela ere ikusten dugu. Kritika zorrotza, gordina, baina abestia oso argitsua da, maiorretan konposatua eta erritmo oso bizia duena. Ahotsean eta baterian antzematen da Karlos Osinaga ‘Txap’-en eskua. Geruza asko ditu abestiak eta koroetan egindako lana azpimarratzekoa da, batez ere abestearen eta erdi-oihuka aritzearen arteko oreka dotore geratu zaiolako.

Bi gitarren arteko jolasa nabarmenduko genuke ‘Berandu da’ abestian. Kantuak pisu gehiago du, lodiagoa da nolabait esatearren eta aurreko diskotik jarraikortasun gehien honek duela esan dezakegu. Kantu progresiboa eta bukaeran halako apoteosi puntu bat ere baduena, misterioa gehituz hitzekin. Zer da esan ezin dena? Zertarako da berandu? Bakoitzak atera ditzala bere kontuak.

‘Faborez’ abestian berriz ere efektuen jolasak entretenigarri egiten du guztia, chorus distortsionatuak, soloak, abiadura, txarles ‘kalimotxero’ bat… TOC taldea ekarri dezake hasieran, baina gero The Strokes edota Arctic Monkeys bezalako taldeen unibertsora garamatza erabat. Mikel P. Ansarenak dira hitzak eta gizakiok kontraesankorrak garela azpimarratzen du horietan.

Diskoa ixteko ‘Lo daude’ kantua dugu, marmotaren eguna edo hartzarena edo nahi duzuenarenari erreferentzia moduko bat egiten dion kantua. Hau da, gertaerak behin eta berriz errepikatzen direnaren irudipen horri idatzi dio Markel Ormazabal Gaztañagak eta musika jarri Argazki bat behelainoanek. Baxua protagonista nagusia eta bi gitarrak zertzeladak gehituz soineko ederra josi dute elkarrekin indie unibertsoan koka genezakeen abestia. Bukaerako eztandarekin ginga jartzen dio diskoari, gainera.

Edizio fisiko oso zaindua du, formatu berezian, laukizuzen itxuran. Azaleko argazkia, gainera, etxe honetan ezaguna den Jaione Dragdrømmerrek egina da. Bonberenea Ekintzak zigiluarekin kaleratu da diskoa eta haien plataformetan dago eskuragarri. Aurrerapauso interesgarria Argazki bat behelainoan taldearena.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.