Nire aitak esan ohi zuen: “joan-etortzeari garraiatzea deitzen zaio”, ta gure Balmasedako musikariak aspaldi bere kitarra kuttuna bakarrik eramaten duela han-hemenka. Betidanik euskal eskenanaren parte izan dugu Erik Berganza, baina bere burua talde baten barnean (Hartzak Blues Band, Estricalla) ikustera ohituta geunden 2017an bakarkako bideari ekin zion arte. “Zaunka datoz arin” bere estreineko diskatik hona astiro-astiro heldu zaigu, bakarti baina ez bakarrik: Ander Barriuso lagun lehen pausu hartan, ta Karlos Osinaga-ren (Lisabö) gidaritzapean hizpide dugun azken urrats hontan.
“Joan-etorrian” (Bonberenea, 2021) hasten duen lehen oinkadak ostikoa dirudi, Enkarterriko Bazan-en ibilaldia ezagutzen dugunontzat bederen. Pedro izeneko lehoi baten irudia datorkigu burura atoan, atzerritik etorria dirudiena, baina bere aberrian arrotz ez den abere(h)a zalantzarik gabe. Lur eri hau osatzeko instrumentuz inguratu da ABEREH oraingoan, ta nahiz eta negoziaketa arraroa dirudien horrelaxe irakurrita, abesti hauek sendagai bihurtzeko bolante-kolpe aproposa suertatzen da, behin ezezagunerako bide hauxe iltzez josita bukatu ta digeritu duzunerako. Baikortasunez jantzita une oro, agian ahaztutako zirrara hura gogora ekartzeko, baina beti malenkonia bidaikide duela bere musikari gogokoenen antzera: gitarra sorbaldan ta egurgin alkondara soinean, hitzen bila errepidearen luzetara, Kerouac bere tartean egin zuenez 50eko hamarkadan. Bob Mould antzeman dezakegu baita beraien artean, Hüsker Dü edo Sugar-en kutsua ere sakabanatuta agertzen duten zazpi abestien arrakaletan, gupidaz mundu basati honi abestuz dena lur azpian zatituta amaitu baino lehen. “Laino eta belatz artean” (Bonberenea, 2019) apurtzear zegoen soka bat erakusten bazigun, oraingoan ere Pavlo Mendoza-ren argazki analogiko bat hautatu du azalerako, lo-fi ispiritu betiereko hori ezin hobeto isladatuz emo-a eta punk rock-aren artean dantzatzen duen LP honetan. Udazken koloretako jolas-parke baten atrakzioa erakusten zaigu bertan, haur baten ikusminarekin mundua begiratuz Cobain-ek erakutsi zigun moduan, boomerang baten mekanismoa bereganatuz haurtzarora bueltatzeko bere nahitara. Gaurko garaietan, arima elikatzen dizkiguten ekimenak inoiz baino beharrezkoak diren egunotan, etorri eta joaten garen einean helmuga bat dagoen itxaropenarekin, pozgarria da jakitea beti izango dugula musika gotorlekutzat eta honelako disketara nahieran bueltatzeko aukera.
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.