Hau eskatu al zenuten?
ConciertosRüdiger

Hau eskatu al zenuten?

7 / 10
Urko Ansa — 25-05-2021
Empresa — Uhagon Kulturgunea
Fecha — 22 mayo, 2021
Sala — Uhagon Kulturgunea
Fotografía — Urko Ansa

Egun handia izan zen maiatzaren 22ko hura. Sarrerak erraz agortu ziren, eta gertakari handien ikusmina nabari zitekeen bai kanpoko terrazan zein barruan eta tabernan ere. Biko formatuarekin hasi du Felix Buff “Rüdiger”ek bere bakarkako lanaren aurkezpen bira. Felix bera askotan egon da Uhagonen (zortzi bat aldiz gutxienez) bai Willis Drummond, Joseba Irazoki edo Joseba B.Lenoirrekin. Berarekin, Joseba Irazoki; honela, bapatean esanda, gutxien-gutxienez Felix bezainbeste bertaratu dena.

Laguntzaile polifazetikoa aukeratu du Felixek, inondik ere. Alboan daukanak ematen duen segurtasuna ez da, ez, makala izanen. Diskoaren konplexutasuna biko formatuan defendatzeko konfidantza puntu oso intentsua behar baita. Arratsaldeko seirak doi doi gaindituta, badatoz bi musikariak oholtzara. Biok lehen planoan, gitarrak hartu eta “Again” iradokitzailearekin hasi dira. Gitarra xumeak, ia biluziak, eta Felixen ahots fin eta sentibera bere lekua hartzen hasi dira. Atmosfera sosegatua eta era berean hunkibera gailendu zen emanaldiak iraun zituen 52 minutuetan.

Rüdiger (edo Felix) atabalen atzean eserita ikusten ohituta, harrigarria behar du, bai, ikuslearentzat zein protagonista berarentzat egoera berriak. Konfinamenduan kantuak egiten hasi eta proiektu pertsonal honek jaso duen erantzunak harrituta utzi du gure protagonista. Gitarra hartzeaz gain abesteari ere ekin dionez, jauzi handia egin du atabalen maisuak. Horrez gain, frontman lanak ere egin behar ditu: horregatik da deigarria lau alderdi horietan hain ondo moldatu izana: konposizioa, instrumentu berria, ahotsa eta frontman lanak. Kontzertua era patxadatsu eta dibertigarrian maneiatu zuen ordea. Azken urteko sorpresarik handienetakoa izan da Rüdiger, zalantzarik gabe.

“Did you ask for this” bere ahotsaren balioaren beste lagin bat izan zen. Psikodelian sakontzen duen diskoa izaki, badu pieza honek Beatlesen psikodeliaren arrastorik, baita The Kinks taldeko Davies anaien melodia seinalerik ere. Baliteke hauxe izatea bere kanturik onena, baina jarraitu ezazue irakurtzen harribitxi gehiago entzuteko. Josebaren efektuak aipagarriak izan ziren oso, jatorrizko grabazioan entzun ditzakegun soinu-kapa eta trikimailu ahalguztidunen erakuskari duinak. Teklatu melodia eta atabal kolperik gabe aurkeztuta ere, Josebak kantuaren erakustaldi interesgarria egin baitzigun.

Baliteke “Free”, bere efektu eta haize instrumentuekin ere, sinpleagoa izatea. Konposizio guzti hauek, ordea, hazten joaten dira kantua garatu ahala. Musikaltasuna eta janzkera instrumentala alde batera utzi gabe, giroak eta atmosferak dira hemen ardatz. Hala bada, “Free” kantua “Before it’s vanished” diskoaren beste pieza bat da, hura gabe ezberdina izango litzakeena. “Tonight”, beste batzuek bezalatsu, hala americana estiloan nola folk modernoan lekua izango lukeen atala dela deritzogu. Biluztasunez jantzitako sakontasuna dauka kantu honek. Berriz ere hazten doan unibertsoa marrazten digu, korda, arrabita eta gainerakorik gabe, baina Josebaren tramankuluen aztikeriaz hornituta.

Irazokik berak lap-steel gitarrari ekin zion ondoren, hain justu emanaldiaren ekuadorrean, Felixi atseden pixka bat emateko agian. Bere maisutasunez ikuslegoa gozarazi zuen hain ondo menderatzen duen teknika horrekin. Oholtza gainean gozatzen duen musikaria izaki, lap-steelarekin beste horrenbeste egin zuen, baita kontzertu osoan koruak, gitarrak eta beste hainbat efektu gauzatu ere.

“Come to me” estreinako diskoko onenetakoa dugu, onena ez bada. Hemen, lehen bezala, instrumentazioaren nolabaiteko soiltasuna aipatu behar badugu ere (entzun ezazue estudioko bertsioan lortzen duten giroa eta kapa ezberdinen pilaketa zoragarria), joaldia nahiko bizigarria eta oso duina izan zen. Zuzenean lehen aldiz joko zutela adierazi zigun, baita ikusle batzuen “wowoo”ari erantzun paregabea eman ere: “Vamos a tocarla, y luego veremos si “Wowoo” o no “Wowoo”. Detaile txiki horiekin, erreflexu azkarrak baliatuta eta komentario motz baina dibertigarriak eginez, erakutsi zuen bere balioa Rüdigerrek.

4 minutuko kantuen erreinuan, “You’re making everything (Feel like a fail)” da 5 minutura iristen den bakarra; lehen aipatu bezala, estudioko argamasa instrumentalik gabe ere, bikoteak tentsioa mantentzea lortu zuen teklatu txiki bati eta berezko ofizioari esker. Diskoan agertzen ez den “Breathe” izan zen hurrengoa: iluntasun magiko baten erakusle, hurrengo diskoak eskaini dezakeenaren erakusgarritzat har genezake. Felixen ahotsaren edertasuna nabarmendu beharko genuke, Simon & Garfunkelen magiaren oroitarri, eta gitarra akustiko bizi eta dotoreekin anglosaxoien talentuaren erakusgarri. Amaierako txalo zartadek (kontzertu osoan zehar bereziki beroak izan ziren horiek berak) kantu berria zaleen gustuko izan zela ikusarazi ziguten.

Kantu horrekin amaitu zen set ofiziala, baina oholtzatik jaitsi gabe hasi ziren bisak. “Medication”, Rüdigerren aurkezpen kantua, sorpesa handia izan zen sare sozialetan eta youtuben, nahiz eta diskoaren handitasuean erdiparean geratzen den. Maila honetako diskoan erdiparean gelditzea errespetagarria dela argi utzi behar, ordea. Eta azken agurra beste kantu berri batekin eman ziguten. “How low” izena jarri ahal genioke, eta magiaz beterik dagoela azpimarratu. Horrela, 10 kanturen ondoren agurtu gintuen Beran bizi den bikoteak (Felix iparraldetik Rock Cityra joan baitzen duela ez hainbeste).

Biko formatuan egindako azken kontzertua izan zela esan zuen Felixek. Hortaz, laster banda osoarekin eskaini dezakeenaren zain gaude jada, benetan itzela izan baitaiteke. Irudika itzazue arrabita, pianoa, teklatuak, kordak, Karlos Aranzegiren bateria, sintetizadoreak, baxua eta abar... Adi, beraz, Andoaingo Rock jaialdia (ekainak 19) eta datozen saio guztiei!

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.